Kategoriak
Urtziren ''Beta'' liburuko olerkiak

Garun huts

G

 

GARUN HUTS

 

 

Ez dakit,

hori, ba, beno ez dakit.

Ez dakit zer pentsatu,

pentsatu, beti baikaude pentsatzen,

garuna astintzen,

burua mugitzen

alde batera eta bestera,

besterik ez bada ere, mareatzeko,

ametsen itsasoan igeri egiten badakigula,

imaginatzen

imaginak,

imaginatuz, usainduz,

fikzio iragankorra ahaztuz,

etengabe

nahi gabe, bai,

nahigabe hotza

generaman motxilan

pisua kendu ezinik.

Une eroenetan bakarrik ahaztu gara gutaz,

Ta orduan…

bai, badakit,

badakit ez dudala pentsamendurik.

  Garuna huts.

Kategoriak
Patriren testuak Poemak

Baladak V

V

 

MEIPIKO MOILETAN

 

 

Meipiko moiletan

Bakailuak dantzan

Bakailuak deskargan eta katxaloteak kiratsetan.

 

Meipiko moiletan

Deskarga garaian

Birauak eta oihu zakarrak jela kaxa tartetan.

 

Meipiko moiletan

Ixkirak kraketan

Ixkirak kraketan eta angulak dantzan.

 

Meipiko moiletan

Gasoil  zikinetan

Gasoil zikinetan eta oro galipotetan.

 

Meipiko moiletan

Eta kaputxinoetan

Gau eta egun oihu eta mailu hotsak tirikitan.

 

Meipiko moiletan

Oihu eta berbetan

Anda karaiu, kaguendio, maiz berriketan.

 

Meipiko moiletan

Moile abandonatuetan

Jada ez da ez kraka, ez gasoil, ez birau, ez galipotikan.

 

 

Kategoriak
Urtziren ''Beta'' liburuko olerkiak

Fatima

F

 

FATIMA

 

 

Fatima txikiaren mina

hain da samina!

gurasoen herria

suntsitu du ziztu bizian, lur-ikarak eramanda.

Bizitzaren ahalegina

bizitzaren grina

jan du dardara setatiak.

 

Fatima txikiak negar egin du,

etxerik gabe gelditu den tartean

malko bi isuri ditu

lagunen heriotzagatik,

ezin izango du gehiago etxe hartako leihotik

abestu, oihukatu, jolaserako hitza hartu,

galdu du kaiolatxoa,

ezingo zenaren, izanaren ezinaren zama,

hurrengo urtaroetako adreilu suntsikorra,

eramanak hainbeste oroitzapen,

halako ilusio inuzenteak

inork deitu gabeko dardarak

eraman zionean neskatxari,

logelan gordea zuen panpina.

Jakina, hain zen fina,

eta apurtxo bat zikina,

bere gabeziak ezingo duelarik horrela utzi

Fatima txikiaren mina.

 

Kategoriak
Urtziren ''Beta'' liburuko olerkiak

Egia

  

.

 Ondorengo olerkiarekin Urko Menaia musikariak abesti bat egina du, Mikelazuloren 'Kilimamuak' disko-liburuan jasotzen dena.

 

E

 

EGIA

 

Egiak, ispiluari begira jarriz,

gezur asko ikusi ditu

irudikatu ditu errealitate ilunak

behar ez ziren gisa

benetako bizia non zen galdetu du,

isiltasuna pausatu da

etengabeko soinuan,

zarata itsuan.

 

Ezinezkoa gertatu zaio egiari

oihu gardenik egitea,

buelta eman du,

ispilua ahaztu,

eta ikaraz joan da

etorri den bide beretik,

itxurak ahaztuz,

nor besarkatu ez duela.

 

Bazuen lagun bat, susmopean

ezin lotu,

ezin elkarrekin jolastu,

eta ahaztu egin du

iraganeko jolasa,

zerbait ikusi du

argi oker bat

eta betirako joan da

zalantzara.

 

 

Kategoriak
Urtziren ''Beta'' liburuko olerkiak

Dedio

D

DEDIO

Dedio, ez dut aurkitzen

espazio zuririk idazteko.

Dena apuntez lotuta.,

Dena zirriborroz josita.

Ez dut aurkitzen

une aproposik,

bilatutako hitzak

paperean uzteko.

Denborarik ez dudalako

papera erostera joateko

eta aitzakiak

ez zaizkit barneratu

trena berandu etortzean,

banituelako urrezko segundu batzuk

ezer ez esateko,

ezer ez pentsatzeko,

eta hitzak idazteko

apropos:

pos proba ezazu…

zirriborro…

dedio.

 

Kategoriak
Patriren testuak

baladak IV

 

PASAIAKO PORTUAN

 

 

Pasaiako portuan

San Pedrotik San Juana

Langilez beterikan dabil beti motora.

 

Pasaiako portuan

Moileko garabiak

Zein eder zut eta tente hilaran jarriak!

 

Pasaiako portuan

Kontenedore tzarrak

Katabuta astunen eran  datza ipiniak

 

Pasaiako portuan

Txatarrezko muinotan

Eskabadorak burdin tartean dabiltz ketan.

 

Pasaiako portuan

Gogor ihardunean

Zamakariek ez dute inoiz atsedenikan.

 

Pasaiako portuan

Bokan sartzean

Kargero merkanteak dirudi sukaldean.

 

Pasaiako portuan

                                                             Petrolio-untzitan

                                                 Denak txinar- libanes, ez da atzerritarrikan.

 

Kategoriak
Poemak

Baladak III

ENBARKADEROAN ZAI

 

 

Enbarkaderoan zai,

Mutila ez dago alai,

                                               Agurraren sentipen triste malerusez blai.

 

                                                           Mutiloitik ken soka

                                                           Lehenbailehen aska,

                                               Aitzina baitihoa eta zuzenki branka.

 

                                                           Haize dabil txistuka

                                                           Masta belekin joka,

                                               Gogorra izango dugu aurtengo borroka.

 

                                                           Ekaitzak masta hautsi,

                                                           Trinketa zaio jauzi,

                                               Eta mamutzarra maprezatik da erori.

 

                                                           Ura badoa gora

                                                  &nb
sp;       
Untzia aldiz ondora

                                               Eta marinelak kolpez kareletik behera.

 

                                                           Harkaitzetik iheska,

                                                           Gaixoek igerika,

                                               Eta untzi puzkei ezinbestean atxikika.

 

                                                           Marinelen fortuna

                                                           Uhinpean sepultura,

                                               Alabaina badihoazte gaur Ternuara.

Kategoriak
Patriren testuak

Anton Abbadiaren Etiopiako bidaia (5)

 

Falaxak  Agaw arrazakoak dira, eta ez dute  juduekin inolako antzarik, ez itxurarik. Zerabilten hizkera huarasa deitzen da eta Agaw‑tarren hizkeren ahaide da, baina orain haur guztiak amariñaz mintzo dira, eta jada ez dute ezagutzen beren gurasoen hizkuntza. Antonen hiztegi albiste emaileak maiz zituen duda‑mudak eta haurtzaroko oroitzapenez baliatzen zen.

Falaxak beren buruak Jerusalem‑etik etorritakoak bezala jotzen dituzte, eta beren iritziz daukaten izenak exiliatu esan nahi omen du. Ez du uste Antonek, ordea, etimologia hau zuzena denik, zeren  ‑xa atzizkia khamtonga hizkeran 'anitz' esan nahi duen, eta horrela ditugu eratuak arxa 'laborari' (ar 'gari'), eta lakxa 'hiztun' (lak 'hizkuntza'), beraz, amariñaz fal(a) 'antze, zuhurtasun' adierazi nahi duenez, eta falaxa guztiak langileak, tabi 'arotz' direnez, hor izanen luke etorkia eta hori esan nahiko luke, falaxa hitzak, hau da, langileak.

Falaxak  Damot handian, Kafa‑ko partean, Gondar‑en, Walkait‑en, edonon aurki daitezke, baina batik bat Agaw tribuak diren lekuetan.

Falaxak, diotenez, luzaro mantendu zuten beren askatasuna eta izan zuten azken erregea Biblian ageri den Gedon izan omen zen, zeinek hil aurretikan historia liburu guztiak erre omen zituen.

Falaxak, diakono batek esaten zionez Antoni, ez zuten kristauen bataio absurdoa ezagutzen beren artean, eta mutila bada jaio berria berrogei egun baino lehenago, eta neska bada laurogei, apaiz batek ipintzen zion haurrari izena, uretan pulunpatzen zuelarik, zeremonia egiterakoan, hitz hauek erabiltzen zituztelarik otoitz hasieran: – Israelgo Jauna, Jainkoa benedikatua izan dadila…Zeremoniak irauten zuen bitartean, ama lohi eta zikin bezala ikusia baitzen denda apartatu batean egoten zen bakar‑bakarrik.

Falaxen artean aitorpena derrigorrezkoa da, hizkuntza etiopiarrek, aldiz, ez dute ezagutzen hitz hau. Eta norbait aitorpenik gabe hiltzen bada ez zaio oroitzapen bestarik ospatuko. Norbaitek komunioa aitorpenik egin gabe hartuko balu, eta berehala hilen balitz, zuzen‑zuzenean lurraren sabelean datzan eta ilunpez beteriko lekua den infernura joanen litzakete.

Falaxen aitorlea, giristinoena bezala, ahalmenez beterik dago, eta, esate baterako, falaxa bat giristinotasunera lerratuko balitz eta gero bere gurasoen federa berriro itzuli nahiko balu aitorlearengana jo beharko luke. Honen eskuetan legoke zein penitentzia ezarri, kasu gehienetan hau berrogei eguneko baraua egitera mugatzen delarik. Ondoren, elizkizunetan katekumeno berri gisara sei larunbatez parte hartzera behartua dago, eta zazpigarrenean komunioa hartzea zilegi  izaten zaio. Har daiteke, ordea, komunioa aldi ezberdinetan tartean

 

aitortu gabe edo absoluziorik hartu gabe. Inor ez da gelditzen urtean behin gutxienez  konfesatu gabe eta garai batean arratsaldero konfesatzen ohi ziren egunean zehar egin bekatuen barkamena eskatzeko.

Falaxen artean zirkunzisioa nahita nahizkoa da, eta jaiotza larunbatez gertatuez gero, zazpigarren edo zortzigarren egunean egiten da. Haurra hilez gero epe honetan ekitaldia pairatu aitzin zeruetara igoko da, baina zirkunzisiorik gabe zazpigarren egunean hilko balitz ez litzateke sartuko zeruetako erresuman. Ezaguna da Etiopiako giristino guztiek lepoan seta urdinezko kuttun bat daramatela. Abba Salamak asmatu zuen hau bedeinkatu zituenak ezagutzearren eta honi maatab deitzen diote. Arrazoi beragatik Gojam aldean harri zuri bat zintzilikatzen diote lepotik jaio‑berriari. Fraide pobreek hari gorria darabilte, eta Sodaman hari beltza. Ez da harritzeko, beraz, falaxak ikustea juduen kuttuna bailitzan giristinoen maatab delako honekin.

Falaxek eliza hierarkiarik ez eduki arren fraide zuhur, jakin eta antzetsuena hartzen dute  buruzagitzat. Egungo zuzendaria Abba Isak deitzen da. Khoarhwa‑n bizi da, eta duen jakintsu fama hain da handia non joaten zaizkion irakaskintza eske irakasle kristauak ere, adibidez,  zein den bere ustez Ezekiel eta beste profeten irakurketa zuzena ezagutzeko asmoz. Abba Isak hiltzean, herri biltzar batek izendatuko du ondorengo burua. Diotenez, Abba Sabra eta Abba Tsaga izan ziren monasterioetako bizitzaren sortzaileak falaxen artean.

Falaxa apaizak ezkon daitezke, eta lehen emaztea hiltzen bazaie bigarrena ere  har dezakete, baina bai kristau eta bai falaxen artean dibortzioak edo beste ohaide batekin bizitzeak beren funtzioetarako ez gai eta duintasunik gabea bilakatzen dute. Bakoitzak diakono bana kontsakra dezake, eta diakono izan aitzin akabi izan behar da, hau da, ogi sagaratuaren prestatzailea. Apaizek eta fraideek  lege saindua ez duena betetzen, edo bekatu astunean erortzen eta bizitzen dena eskumika dezakete.

Falaxek bazituzten beren xantreak, baina ez dute giristinoek bezala apezpikurik, eta hauengandik ez dute onartzen ez okelarik, ez ogirik, ez eta irinik. Halere, gogoz hartzen dute gari ale ehogabea. Eta giristino baten etxean jateko zorigaitza gertatuez gero aste osoa iragan beharko du ilar gordinez soilik elikatzen dela, eta zazpigarrenean masanna deitu edari garbitzailea edan beharko du. Halaber, hauen etxetik irteten den okasio guztietan soin osoa xahutzera beharturik da, zeinak oroitarazten digun Kristok Ebanjelioan madarika zituen juduen garbiketak. Kasu zenbaitetan, ordea, judu legearen aurka aritzen dira falaxak. Adibidez, jakina da israeldarrak behartuak daudela anaiaren alargunarekin esposatzera, baina,

 

falaxek lotsagarritzat jotzen dute ohitura hori. Etiopiako giristinoek beren buruetako ilajeak txirikordatu egiten dituzte eta badirudi Absalonen istoriaren arabera, gauza bera gertatzen zela juduen artean, baina ez da horrelakorik falaxen artean, zeinek ileak orraztean zimatxo batzuek aske mantentzen dituzten, ekialdeko juduen moduan.

Falaxek entzuna dute munduan zehar badirela beste judu batzuek, baina ez dakite ez non, ez noiztik. Badakite, halere, eta honetan ez dute inolako zalantzarik eta dudarik, Salomonen semea zen Menilek jaunarekin etorritako Levi‑ren seme‑alabak direla beren arbasoak. Etortzeko zen Mesiaz duten ideia oso iluna da. Begi bat aitzinaldean eta bestea gibelean duen eta, kolpe batez bi mila gizon hil dezakeena dela uste dute Theodoros Erregetzarraren agindua amaitutakoan iritsiko dena.

Falaxa batek esan zionez Antoni, Testamentu Zaharreko igarle anitzen profezia gehientsuenak ez ezik oro betetzen omen  zituena Jesus izan zela, baina ez zen inolaz ere jainko. Itxaroten dute Asai‑masi deitzen dutena, hots,  Antikristoa, baina lasai daude ez baitute uste andere falaxa batengandik sor daitekeenik. Aldiz, pentsatzen dute denboren akabantza iritsitakoan Mikel Deunak tronpeta joko duela. Lehen tutuan hezur guztiek beren antzinako kokagunea errekuperatuko dutela. Bigarrenean haragiak hezurduran lotu eta mamituko direla. Hirugarrenean arimak sartuko direla gorputz hauetan eta Jainkoak gure mila urteren baliokide den egun batean epaituko dituela mundu honetan bizi izan diren gizon guztiak.

Abereak hiltzera doazenean  lepoa ebaki aitzin eskuin aldetik geez hizkuntzan otoitz honekin hasten dira: ‑ Israelgo Printzearen eta Munduko jaunaren izenean…

Falaxek ez dute okela gordinik jaten beste etiopiarrek bezala, eta jaten duten elikadura berezia, piper‑beltz, koriandro, itze‑kanela eta beste espezieriz oraturiko gera deitu ogia da. Hau uztai erako ezpataz mozten da, eta jaterakoan piper xehe eta gurina eransten zaio.

Falaxen kanposantua herritik at dago, hilobiek ez dutela inolako ikurrik, ez idazkirik.

Falaxek sinesteen artean Zar deitu lamienak dituzte. Hauek onak direnean zilarrezko eraztun batekin aski kontent gelditzen dira, eta emaileari berehala on egiten diote. Zar gaiztoek, ordea, pobrezian murgilarazirik gizakiak peko erreka jo arte pertsekutatzen dituzte, eta inoiz ez da gertatu izan maitasun‑jokorik Zar izeneko izakien eta Gizonen artean. Uste hau aski hedaturik dago Etiopia osoan, eta falaxek beren gorputz‑dardaragileen bitartez deitzen dituzte Zar deitu jenio hauek dituzten arazoetan aholku eske.

Falaxen artean ezkontzara dontzeila iristen ez zena harrikatua izaten zen, bere aitak jaurtikitzen ziolarik lehen harria. Egun, aldiz, galdetu egiten zaio norena den kulpa eta

 

kulpaduna gurasoen aitzinera eramaten da. Ukatzen badu, zin egin beharko du eskua buru gainean ezarriz, hots, bere biziagatik zin dagiala esan nahiz bezala. Kulpadunak onartzen badu bera dela egilea, artalde batez ordaindu beh
arko die birjintasuna gurasoei, eta hala ez badu egiten bere aitagana eramana izanen da, eskumikazio mehatxupean. Beraz, senarrak ez badu emaztetzat hartu nahi emakume ohoregabea, hobenduna ez dago behartuta bereganatzera, gehienetan, ordea, senarrak emaztea onartzen du, horrela dotea handitzen baitzaio.

            Aipatu xehetasun eta detaile guzti hauek frogatzen zuten Antonentzat egungo giristinoen arbasoak falaxa konbertituak zirela, edota Frumentius iritsi zenean ez zeudela oraindik guztiz hedatuak Etiopian, Takla Haimanot‑en bizitzan kontatzen den bezala.

Antonek Obo‑ra egin zuen bigarren bidaian triangelu neurketa anitz burutu ahal izan zuen, eta bidenabar lege eta arraza gutxi ezagunen berri biltzea lortu zuen. Hauen berri, beti ohi bezala Jomard jaunari ahalik eta xehetasun handienez  gutun bidez ematen zion.

Etiopiako gerla zibil etengabeek, ordea, ez zuen uzten nahi adinako askatasunez batetik bestera mugitzen. Horrela Bagemdir izeneko lurraldea uzteko 1845eko martxoraino zain egon behar izan zuen.

Quarata‑n, Etiopiako ikuspegirik ederrenetarikoa duen parajetan zela, zitrondo, laranjondo, kafe, mahasti, eta txori hodeiz inguratua Fedearen Zabalkunderako Erroman zen Franzoni kardinalari idatzi zion, eskatuz misiolari gehiago bidal zitzaten Galla herrialdera, honek Jainko bakarrean, Ama Maria eta Mikel goi‑aingeruan sinesten zuenez.

Eskaera hau Antonek San Gregorioren Zaldun gisara zinatzen zuen eta oroitarazten ere Gregorio Handia izan zela VI. mendean ingelesak konbertitu zituenak, eta latinezko esaldi bat azpimarratzen zuen maitekiro, Non Gallaei sed sicut Galli forent si essent Christiani.

Beraz,  guztiz harrera ona ukan zuen, noski, hala egitea agindu baitzuen Gregorio XVI aitasainduak.

            Uztailaren 18an Saka‑n sartu zen, Abba Boggibo‑ren hainbat traba, trikimailu, oztopo eta eragozpen menderatu eta gero.

1846ko urtarrilaren 18an lortu zuen Bora‑ko harkaitzen oinetara iristea, eta urte beraren abenduaren hiruan Gojam‑go lurralde giristinoan sartu zenean hemeretzi hilabete ia ezin mugiturik igaro ondoren, iruditu zitzaion iritsia zela jada sorterrira abiatzeko garaia. Kantak zioen bezala, partitzeko tenorea jin zitzaiola, baina tamalez ez zen hala gertatu.

 

 

Zenbait ikerketa burutzeko asmotan zebilen, eta beste lau hilabete pasa zitzaizkion horrelako lanetan oharkabean. Bestalde gerrillarien buruzagi batek Yajibe‑n  eskuizkribuak ostu nahi izan zizkion, eta negoziazio eta eztabaida anitzen buruan ozta‑ozta lortu zuen berekin eustea.

Adami‑n ere egun hobeagoen esperoan luzaro bizi izan zen oihanean, txabolatto batean. Hemen gauez behin baino gehiagotan sartu izan zitzaizkion lehoiak eta gerrilariak, dena hankaz gora utzi eta deseginez. Bizkitartean Rare mendiak deskribitzen igarotzen zituen orduak oro.

Hala, ibaiez, herri izenez, hizkuntzez eta mundua endelegatzeko maneraz galdezka eta herrialdeen arteko distantziez esklaboekin eztabaidatzen ez zen inoiz aspertzen. Kusa‑k zioenez, eta euskararekiko antzekotasunak bitxiak ziren, bazen herrialde bat Kambala eta Harusi artean Alaba izenekoa, Urbaraga hizkuntza mintzo zuena. Doqo aldean bazen beste bat Basketa deitua, bertakoak Bask deitzen zirelarik.

Maze Malea‑ko jendeek ziotenez, ba omen ziren gizaki ñañoak lurralde urrun batean, eta ea ikusi zituzten galdetu zienean ezetz ihardetsi zioten, baina entzundakoak kontatzen zizkiotela. Arnauld-ek geroago aitortu zionez, ez zuen inoiz bere soldaduen artean horrelakorik entzun, ez zuen horrelako kontuetan sinesten, eta bat Parisera eramateko modukoa ediretean sinetsiko zuen.

Suwro herritarrek elefanteak fletxa pozoinduez hiltzen zituzten, eta zurezko, burdinazko eta kobrezko belarritakoak zeramatzaten, metal hauek kafea, koriandroa eta marfilarekin trukatzen zutelarik. Ez zuten hipopotamo haragirik jaten, zikin zelakoan, eta beren usteta
n aztiek Jainkoarekin hitz egiten zuten ortzadarra zeruan hedatzen zenean.

Arruntean buru‑oihal beltzak zeramatzaten, baina hilberri zenean berde kolorezkoez aldatzen zituzten.

Adami‑tik Garjeda‑ra pasa zen eta hemen mirakuluzki libratu zen Jibate mendi magalean zanpatua izatetik, ikusi zuelarik Siga‑n nola zortzi urtetik behin aldatzen zuten bertako gobernamendua. Hemendik Falle‑ra, baina bertako buruzagia zen Yanfa Gudata‑k hilabete osoa hantxe eduki zuen alde egin ezinik 

Hala eta guztiz ere fatuek lagundu zuten eta mendirik garaiena neurtzeko zoria izan zuen. Walayza deitzen zen hau eta bost mila metrotik gora zen. Liban, Calliha eta Hudru‑tik igarotzerakoan jarraitu zuen neurriak hartzen eta horrela Rare mendikateko gailurren altuerak osatzen.

 

1847ko urtarrilaren 19an Anton eta Arnauld-ek lortu zuten Frantses bandera Nilo Zuriaren iturburu garrantzitsuenean kokatzea, Bobia‑ko oihanean, Inarya eta Jimma erresumen artean zegoen lekuan. Ahalik eta lasterrena gutun bat igorri zioten Parisera François Arago adiskide eta maisuari gertakizunaren berri emanez.

Gojam‑go lurraldea Antonek 1847ko apirilaren 23an abandonatu zuen behin betiko, eta Abbay ibaia igeri iragan zuen, krokodilorik ez zebilela ziurtatutakoan, zubia hautsita baitzegoen. Gondar‑eko misiolari bati esker lortutako paperean ezarriak zituen jadanik karta zehatz zenbaitetan herrien izenak, mendi gailurren altuerak eta ibaien jirabiren neurri guztiak.

Uztailaren hogeita hiruan Etiopian ikusitako zuhaitzik lodienaren, baobab motakoaren, eta Fatiyum za jirwadima deitzen zutenaren ondoan egon zen hedatzen zuen itzalaz baliatuz. Argitu ziotenez Saho‑tarrak haren ondoan gertatzen zirenean lasterka eta txistu eginez inguratzen zuten.

Handik bi egunera iritsi zen Massawa‑ra, eta hemen bila jina zitzaien eta zazpi urtez ikusigabea zuen anaia Xarles topatu zuen, lehen egunak solas luzeetan iragan zituztelarik.

Amaren kezkak, beste anai-arreben berri, eta nola Julia 1842an Bernard du Cluzeau, Cléran-go baroiarekin ezkondu zen, baina Pariseko abokatu honek eta ahizpak ez zutela seme-alabarik ukan…Kezkaturik bizi zirela denak aspaldian berririk ez ukeiteaz…

Hona nola Xarlesek  kontatu zion berak beste bi anaiak bilatzeko egindako lanak eta izan zituen arazo, buruhauste eta gora‑beherak.

 

            Begira, 1846an itzuli nintzenean Pariserat hemezortzi hilabete Espainian eta Portugalen barrena ibili ondoren, ama eta arrebak ezin gehiago kexu aurkitu nituen zu bion berririk ez baikenuen azkeneko bi urteetan. Deliberatu zuen bada gure amak zuen xerkatzera behar nuela abiatu. Laster eginak nituen nere prestakizunak eta adio erran nion besarkada handi bat emanez amari. Ia desesperaturik zegoen ikustean nola hirugarren semea joaten zitzaion aldamenetikan, baina promes egin nion ez nintzela itzuliko zuen berririk gabe, eta zuek bereganatu gabe. Sartu nintzen lehenik Marseillan Erromara joateko, non esperantza bainuen misiolarien artean albisteren bat ukan zezaten. Hona heltzeko bitartekoak behar nituen eneganatu. Franzoni kardinalak ahalik eta  hobekien errezibitu ninduen eta eraman toki urrunetarik itzuliak ziren misiolariengana. Haien esanetarik garbi hau atera nuen soilik,

 

urliari, sandiari eta berendiari, bati eta besteri galdezka aitzinatu behar nuela eta traba anitz gainditu. Heldu nintzen El Kairo‑ra eta hiru hilabetez hizkuntza arabiera estudiatzen pasatu nuen, eta europar bidaiari guztiekin dostatzen nintzen jakitearren zerbait zuetaz.  Jerusalemera zihoazen misiolariek esan zidaten Massawa‑n topatu zintuztela eta jada gauzak prestatzen ari zinela itzultzeko. Barrot jaunak, Frantziako kontsulak aholkatu zidan Itsas Gorriaren hegian ziren kontsulatu eta langile guztiak itaun nitzan, berri galdezka. Hala bada, barku arabe batean sartu eta hiru hilabeteko bidaia egin nuen Nilo

ibaiak bigarren jauzi haundiak e
giten dituen lekuraino. Gero Keneh-era itzulitakoan gobernadoreak esan zidan Afrikan barnetik iritsitako esklabo tratanteek ziotela, bi gizon zuri azken hilabete haietan Gallas deitzen den herrian sartuak zirenak tokiko erregearen presuner zirela. Lehiatu nintzen berehala El Kairo‑ra itzultzen. Hemen artzapezpiku kopto batek esan zidan Adwa eta Aksum‑en artean zegoen bere herria utzia zuela azken urrian, garai honetan Galla lurraldeko mugan aurkitzen zinela, eta dirua eskatu zeniola misioari Gondar‑era itzultzeko. Suse‑ko portuan belauntzian berriz sartu eta neke luze eta handi batzuen ondotik Massawa‑ra ailegatu nintzen. Hau neretzat munduan den tokirik beroena dela, esanen nuke. Eman nion parte uharteko gobernadoreari banuela Patxa Handiaren manu bat, non erraiten zen errezibitua behar nuela izan. Berehala jin zitzaidan erantzuna. Jaitsi nintzen ontzitik eta ixtant baten buruan Halil Bey gobernadorean etxean nintzen. Zutik errezibitu ninduen. Nik Patxa Handiaren agindua presentatu nion, eta ezpainetara eta burura eraman ondoren irakurri zuen eta esan zidan:- Ene Jaun eta Nagusiak, ‑ Jainkoak eman diezaiola bizitza luzea! ‑, ezartzen hau ene babesaren menean, ez diat ordainez galdegiten Etiopia deitzen den tokian paratzea baizik, Etiopiako aitzindari handiek niri esan gabe zein probintzietan eta zein puntutan diren hire anaiak eta ea oraino bizi diren. Habil gure islako zoko batetara, eta behar baitut hitaz kondu eman neure biziaren gainean, segizkik ene kontseiluak, eta igurikatzik ene berriketariek faltarik gabe ekarriko dizkidaten albisteak.

            Lau hilabetez egon nintzen kostan, izugarrizko miseria pairatuz, 45 degretarik 50 degretarainoko beroa sufrituz, denetaz gabetua, ia gaixotua,

 

baina deusek ez zidan amaren agindua betetzeko kuraia galarazi. Azkenean izan nuen berria, bizi zineten eta luzaz preso egon ondoren presondegitik eskapatu ahal izan zenuten, Gondar hirira helduz. Laster beste berriketari batzuk jin zitzaizkidan esanez nire etorreraren jakinaren gainean zinela eta nere xerka jin zinela osagarriaren kontrako lanjerretarik kentzeko. Arnauld-en gutuna ere errezibitu nuen segurtatzen zizkidalarik berri horiek, eta azken finean hara hemen gaude biok bizirik, Jainkoari eskerrak. A, zer bozkarioa eta alegera ukanen duen amak berriro ikusten zaituenean!

 

Antonek ere bere abenturak kontatuko zizkion, noski,  xehetasun handiz, eta etxeratzeko gogo biziz izan arren adierazi zion, azken lan batzuek burutu behar zituela Etiopia barnean, batik bat Gondar‑eko komentu batean utzitako eskuizkribu bilduma bereganatu behar baitzuen.

Hona nola kontatu zuen Arnauld-ek Xarlesekin 1848ko martxoaren hogeitamarrean izan zuen elkar ikustea eta topaketa:

 

            Ikusi nuen gizon zuri bat zaldi baten gainean nigana zetorrela. Tartea tipitu zenean, neu zalditik jaitsi nintzen eta hark gauza bera egin zuen, ondoren bata bestearengana korrika jo genuelarik. Elkarren ondora iritsi ginenean eskua eman eta begitartera so egin genion batak besteari. Lehen behaketaren ondoren ohartu nintzen nere aurrean neukan gazte hura, haur txiki bat zelarik laga nuen anaia Xarles zela

 

Antonek ez zuen hartu ahal izan berriro arruta 1848ko otsailaren 29a arte. Tana lakua inguruko xehetasunak eta neurriak osatu eta hobetu nahian zebilen bere erribera linziratsu eta pozoitsuetan, inoiz baino krudelago eta bortizkiago oftalmiak eraso egin zionean. Beraz, bidaia‑asmorik gogotsuenari, alegia, Garagara, Lalibela eta Weg inguruetako mendietan barna Tigray‑ri jira eder bat emateari, uko egin behar izan zion.

Takkaze ibaiari azken agurra eman aitzin, ordea, pentsatu zuen Buahit mendiaren gailurrera igotzea eta neurri zehatza lortzea.

Igoera 1848ko maiatzaren 13an burutu zuen. Gailurrera iritsia zen eta ordu t'erdi iguriki zuen oinutsik elurrak belaunetaraino, ea hodeiek alde egiten zuten, baina hantxe tinko

 

eta irmo jarraikitzen zuten itsatsita, azkenean laga behar izan zuelarik egoitza hura, bertan jelatu baino lehenago. Bi egun geroago, aldiz, lortu zuen bilatzen ari zena. Lau mila eta seiehun metro garai zen Dajan mendiko zabaldi batean, Ankua bezala bataiatu lekuan te
odolitoa ezarri zuen, esan nahi baita, memento hartaraino tresna hark iritsi zuen punturik garaienean.

Itzuli aurretik, ordea, diru kontu mordoxka konpon beharrean zegoen, eta adibidez, Alexandriako ajentea zen Briggs-ek 1847ko abenduaren 27an idatzi ziolarik gutun batean erabil zitzakeela 28.500 libera nahi zuen arabera, gutunak, hiru astetan Suez-etik Massawa-ra zuzenean iritsi behar ordez, Aden-dik barrena zortzi hilabete igaro zituen bidean. Eta 1848ko azaroaren bederatzian ajente berak idatzitako gutunean dio, Lafittek & Konpainiak bankarrota egin zutenez, ezin zizkiola aipatu liberak fida, eta Londreseko Banka baten bermea beharko zuela lortu.

Azkenean irteera 1848ko urriaren lauean izan zen. Massawa‑n enbarkatu zen Jeddah-era zihoan belari batean.Tawylah, Hurmiyl, Al Birk, Atih, Qunfundah, Ras al askar, Al Lyt, Sijah, Abu Sawk portuetarik igaro eta hemeretzian Jeddah‑en bertan zen. Hemendik aste bat beranduago bapore ingeles batean enbarkatu eta  Suez‑etik pasa ondoren azaroaren 2an ostegunez El Kairo‑ra iritsi zen.

Hemen Coulomb anaiek zuzentzen zuten Hôtel d´Orient-en hartu zuen gela  egun batzuetarako, eta Etiopiatik ekarritako poltsa eta gauza gehienak Carlo Pinoren Depositoan utzi zituen egun batzuez, zehatzago esateko, abenduaren lauetik urtarrilaren bukaeran Marseillarantz enbarkatu arte.

El Kairon igaro zituen urtarrila eta otsaila, eta ez oso osasun onez, zeren eta farmaziako kontuak ehun eta berrogeita zortzi liberatara iristen ziren. Azkenean Frantziako P. H. Delaporte eta François Hugues-en alarguna atera zitzaizkion berme gisara eta antolatu ahal izan zituen diru gora-behera zenbait.

Hiri honetatik Jerusalemera Tawalda Madhin, munduan izan zitekeen pertsonarik maitagarriena, hala nola Adula esklaboa, eraman zituen eta etiopiar jakintsu honen konpainian hirugarren aldiz frantses‑amariña hiztegia errepasatu zuen.

Hemen eraiki zituen ere lasaiago Bagemdir eta Tigray lurraldeetako mapak, zeren ordura arte utzia zuen kalkulu geodesikoen bukatzea, hauek astirik  asko eskatzen zutenez, beste ikerketa anitz eragozten  baitzioten, Etiopian bertan egin beharrezkoak.

 

 

Pozik zen, beraz, ikusteaz nola hamabi urte igaro ondoren Afrikako lurralde kixkali haietan salbatu ahal izan ziren, beste bidaiariek hala nola Domingo malerusak pairatu izan ohi zuten fatu beltzetik.

Arnauld, okasioaren arabera epaile, diplomatiko, gudalozte‑buruzagi eta beste izana zen, eta Gojam lurretako zokorik ezkutuenean ere mendebaldeko eragin eztia hedatua zuen, Antoni ere hamaika aldiz lagunduz eta oztopoak garaiaraziz. Herriz herri ibilia zen bere armadarekin, poeten kantuez, tronpetari fanfarrez eta beste musikariez inguratua. Goxoren sendiko batekin, Waletta Rafael-ekin ezkondu zen eta bi seme-alaba ukan zituen. Bat Mikel, bere semetzat jo nahi izan ez zuena, eta bestea Maitena de Kaïsowane, Beyrouth-eko monjetan utzi zuena ongi zaindu eta hezi zezaten, eta bertako hilerrian ehortzi zutena.

Bi misio katoliko ezartzen lagundu ahal izan zuten Abbadia anaiek Ipar‑Etiopian. Bata iparraldean eta Hegoan bestea.

Ahozko herri tradizioaz edota fisika ikerketaz ohar eta albiste benetan interesgarriak jaso ahal izan zituzten arraza beltzaren etorkia argitzeko baliagarri zitezkeenak.

Etiopiako lege, epai-modu, ohitura eta prozedurez lan luze bat hasia zuen Antonek, Arnauld-en xehetasun ugariz zabaltzen eta loditzen ari zena.

Hogeita hamar hizkera etiopiar ikasiak zituen eta zailtasun handiz lortutako hiztegiek orotara berrogei mila hitzetik gora osatzen zuten.

Etiopiar eskuizkribuen bilduma, osatuena bezala jotzen zuen eta Europako liburutegi aberatsenak eduk zezakeen oparoena baino ederragoa. Etiopiako irakasleen hierarkian onartua izan zen, eta bitxiagoa lirudikeena, hemen zientziak oso guti aitzinatuak egon arren, bederen doan eta publikoki irakasten ziren.

Aurkitu zituen gizarte honen ikerketan Judea, Grezia, Erroma, eta Erdi Aroko urratsak, aztarnak eta monetak. Eta ikusi ahal izan zuen zertan bilakatzen den nazio bat, erabat baztertua, beren baitan itxia, eta anitzetan boztikeria galgarriaren menpe denean. 

Ezezagun edo gutxi ezagunak ziren parajeei buruzko  ikerketak liburu lodi batzuen gaia ematen zioten eta frogatzen zuten bere ustea, gerora ustela gertatuko zen arren, hau da, Nilo Zuriaren iturburua Bora mendiko magalean kokatu behar zela, Babya oihaneko paraje basa eta birjina, alegia, inoiz ordura arte gizon zuriak urratu eta ikertu gabeko zokoan.

Frantzia baino handiagoa den lurralde bateko azimut eta latitudeak zehaztea lortu zuen ere. Bidaia luzeek eragindako bozkarioz baina eraberean akiduraz, nekez eta penaz beterik abandonatu zuen Antonek Etiopia, zeren gai eta zio guztiak estudiatzerakoan ohartu baitzen

 

axaletik baino ez zituela ukitu, eta bere ondorengoek sakondu beharko zituztela berak egindako ikerketak, eta beste anitz gehiago ere.

Dena den, inork ez du eskubiderik lana amaigabe utzi duela eta kexatzeko, zeren pazientziaz eta gogo onez beteriko ikerketa guztiek bere baitan daramaten berezko saria, hots, ostertz berrien ikustatzea, eta oraino ezezagun den mugara doan bide luzea erakustea.

Beti  ondoren emango dudan errefrau arabieraz oroitzen zen eta aholkatzen zien ere bere ondorengoei, berari asko baliatu baitzitzaion:

 

Pazientzia hain handia hartu duzun horrek,

har ezazu, bada, oraino pazientzia!

 

Eta Montesquieu‑rekin batera konturatu zen ez duela Fortuna jainkosak mundua gobernatzen, pertsonen baldintza eta gertaera guztiek sortarazten dituzten konportamendu orokorrak baizik.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

BIBLIOGRAFIA

 

Eskuzkribuak:

Abbadia Jauregiko paperak. Hendaia.

Papiers d´Abbadie. Bibliothèque Nationale de Paris. Manuscrits, nouvelles acquisitions françaises, nº 21746-21748; 22430-22433; 23848-23853.

 

Liburuak:

Antoine d´Abbadie, Catalogue raisonné de manuscrits éthiopiens. Paris, Imprimerie Impériale, 1859.

Antoine d´Abbadie, Géodesie de la Haute Éthiopie, ou triangulation d´une partie de la Haute Éthiopie, éxecutée selon des méthodes nouvelles, verifiée par R. Radau. Paris, Gauthiers-Villes, 1873.

Antoine d´Abbadie, Dictionnaire de la langue Amariñña. Paris, F. Vieweg, 1881.

Antoine d´Abbadie, Géographie de l´Éthiopie: ce que j´ai entendu faisant suite à ce que j´ai vu. Paris, Gustave Mesnil, 1890.

Arnaud-Michel d´Abbadie, Douze ans de séjour dans la Haute-Éthiopie (Abyssinie). Paris, 1868. Réed. Tubina (J.) & Allier (J.M.), nº 286, 287, 304. Studi e Testi. Biblioteca Apostolica Vaticana,1980-1983.

Antoine d´Abbadie, Recueil de textes ethnographiques, géodésiques, linguistiques, littéraires. Ed. Patri Urkizu. Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia. Donostia, 1997.

Antoine d´Abbadie 1897-1997. Congrès International. Eusko Ikaskuntza. Ezohiko Kongresua. Euskaltzaindia, XIV. Biltzarra. Hendaye-Sare 1997. Davant (J.L) et al., edizioa. Donostia, 1998.

<spa

Kategoriak
Patriren testuak

Anton Abbadiaren Etiopiako bidaia (4)

 

Arnauld aurretik joan zen Adwa‑ra, eta Antonek Aylat‑en egonaldi bat eman zuen. Adwa‑n Arnauld-ek Domingo topatu zuen gaitzak harturik. El Kairon azken aldian Antonek laga zuenetik joan omen zen Euskal Herrira eta sorterrian ezin aurkituz Ekialdean dastatutako askatasuna hala nola Gondar‑en eskaini zioten errespetua, batu omen zituen sos guztiak eta erosi ondoren purtxileria pila bat fortuna egiteko asmotan itzulia omen zen. Edo gutxienez abbadiatarrak etxeratzen ez ziren bitartean itzultzeko asmorik gabe, herritarrek aurpegira bota

ez ziezaioten, hik ttuk, hik,  lurralde urrunetan eta arrisku izugarrien artean abandonatu zituela nagusiak, bera etxeko sutondoan lasai eta trankilasko kontu‑kontari zegoen bitartean.

Ehizean zebilen Arnauld bere zerbitzariekin batetik bestera hipopotamoak eta antilopeak tirokatzen, baina Domingo gaixoa ez zen gai deusetarako eta kamaina pobre batean zetzan.

Soldaduek  ehizean gertaturikoak kontatzen zituzten. Nola  ehizaturiko orkatzen artean ikusi zuten adar miresgarriak zituen bat besteak baino handiagoa, zein ohartu zenean ez zuela ihesbiderik gizonak erasotu zituen. Bi soldadu zauritu ondoren hantxe akabatu zutela hamaika lantzadaz, eta gertakizuna ospatzeko abildadea  zeukaten  zenbaitek bat-bateko bertsoak eskaini zizkioten  orkatz adar‑oker‑eder  ausart hari. 

Esker ematera ere joan ziren Gojam‑go muino baten gailurrean Ama Birjinari eskainia zegoen elizara. Leku zoragarri honek Martola Mariam zuen izena eta elizak Zankhautsiko Gure Ama. Beste zenbaitetan errinozeronteak ere ehizatu zituzten.

Irailaren 23an Tarakaba‑n zirelarik Anton eta bere morroiak, gau osoa lehoi batek bere orroez esna eduki zituen. Handik aste batera Mariam Wagayro‑ko sei zutabeetara iritsi zen, non hilobi egipziarrak harkaitz zurian landuak ikus zitezkeen.

Urriaren hogeian Bizengo kaskoan zegoen monasteriora ailegatu ziren oinutsik, harri latzen artean ongiasko urraturik oinak, ibiliaren ibiliz txoil hondatu  baitzituzten. Atarian adierazi ziotenez ez zitekeen emerik batere sar han, eta gidari saho‑tarrak erantsi zionez umorez, euli emeek ere debekatuta zutela sarrera.

1841eko abendua zen, eta Parisen zegoen Jomard jaunari gutun bat bidali zion Adulis‑eko eraikin erori eta harri zaharrez mintzatuz, Itsas Gorriko parterik beroenean hartutako Jaman‑go izurriteaz sendatzen zen bitartean.

Jakina den bezala Adulis portua Itsas gorrian aurkitzen da eta jada Plinio Zaharrak eta Kosmas Indikopleustes fraide grekoak aipatzen dute, Aksun-go erresumaren itsas irteera bezala.

 

VII. mendean EtiopiarrakYemendik erretiratzen hasi zirenean gero eta ahulagotzen joango zen bertako komertzioa, egun Zula herrixka besterik ez dela gelditzen izen bereko badian, Massawatik laurogei kilometrora hegoaldean. Bada lejenda polit bat Saho jendeen artean non kontatzen den Adulisen suntsiketa. Hona zer dioen:

 

Hiri honen murrutan bizi zen majizien bat, eta egun batez Yuula Moosa, -Moiserekin lotu behar dena-, bere untzi flotarekin bazihoan itsasoan barrena Azooliko magoa ezagutu nahiz. Portura iritsi, desenbarkatu eta aztia agurtu ondoren erran zion:

– Oh, anaia maitea, zein gaizki iragan dudan honuntz nentorrela, marinelak asaldatu eta gaizki tratatu bainaute.

Orduan aztiak erabaki zuen asaldatuak zigortzea eta bidenabar bere indarren poderioa erakustea. Ostertzean begiak ezarri zituen eta maradikazionea bota zuen flotaren kontra. Une berean zerua ilundu zen, tinta bezain beltz bilakatuz, eta haize izugarri batek kosta guztia astindu zuen uhin jiganteak sortuz. Itsasontziak harkaitzen kontra joan ziren bertan mila zati eginez eta istant batean hondoratuz, eta haietan zihoazen marinel guztiak itoz.

Yuula Moosa, ordea, penaturik zegoen ez baitzuen bere marinelen hondatzea nahi. Horrela ikusiz zeruetako aingeruek tristuraz bete ziren ere, eta goiko Jainkoak
bere haserrearen haserrez eskuak hedatu eta lur-ikara eragin zuen, zeinek bere sabelean irentsi zituen Azooliko haranean ziren herrixkak. Hola bada, izan zen Azooli edo Aduli herriaren hondamendia
.   

 

Sendotu zenean ñimiño bat Anton Arnauld-ekin batu zen. Hala gauzak, erabaki zuten hobe zutela berriro bakoitzak bere bidea egitea ez egotearren bata bestearen baldintzen menpe, eta Arnauld  gerra zibilaren eten ttipi batez baliatu zen Gojam‑era itzultzeko.

Antonek Adwa‑n bost hilabete iguriki zituen. Hemen zegoelarik De Goutin-ek diru kontuen bitartekari egiten zion, libera frantsesak talaritan trukatuz, esker onez Antonek maiatzaren 20ean sable abiziniar bat igorri zion, eskumuturra errinozeronte adarrez egina, eta zilar zatiz hornitua.

Domingoren gutun berri bat errezibitu zuen 1842ko maiatzaren hogeita zortzian zinatua, honela zioena:

 

Jauna,

Egun eskura erori izan zaut zure uztailaren 22ko letra, erdia errea, bainan ez oro, zeren heskualdunen hitzak ez baitira behin ere arras erretzen ez galtzen, zeinetan erraiten baitzinerautan ihardetsiko zinuela luzez. Zure

letrarik ez dut izan errezibitu. Ez dakit galdu izan denez bidean. Izkiriatu dautzut hemendik 3 edo 4 aldiz orain artean.

Heskualdunek bethi beren hitza atxikitzen zituzten eta erraiten bezen beren arranguak.

Zure zerbitzari heskualdun bat, hazpandarra.

(Dudatzen dut heuskara ahantzi duzula).

 

Herriz‑herri gerra zibila pizturik baitzen, guztiz arriskutsua zen bideetan zehar abiatzea, eta Antonek bost hilabete egin zituen Gondarrera bigarren aldiz iritsi aitzin. Hau, 1842ko ekainaren 25ean gertatu zen, euri, ekaitz, ihurtzuri eta tximisten artean.

Gondar hiria bertakoen deituraz Fasil Ghebbi, Fasilades erregearen menpean, XVII. mendean erresumako hiri nagusia bilakatu zen eta gaztelu  eta eliza ederrez jantzi eta bete.

Tana lakuan Anton uharte bateko monasteriorantz urriaren lauean zihoala Aita Mamoge inguruan, ekaitz bortitz batek astindu zuen ontzia iraultzeko arriskuan ezarriz, tximistak zeruak urratzen zituzten bakoitzean lemazainak izuak harturik, Abbo, Abbo, Abbo errepikatzen zuen, hau zela uste baitzuten alde honetan ihurtzuri eta tximisten nagusia.

Abba Guda izeneko agure zaharrari galdera piloa egiten zizkion Antonek, gaztetxoak baino berritsuagoa baitzen, eta ixtorio pollitak kontatzen zizkion honek. Hona bat.

 

Behin batean gure zeruetako jauna jaitsi zen lurrera eta herrixka batean sartu. Ura eskatu zuen, eta nehork ez zion edaran, atso behartsu batek ezik, zeinek esne kaikua eskeini zion. Jainkoak erran zion, ortzegun gauean herritik atera zedila eta aldameneko mendirat igo bere seme‑alaba eta artaldeekin. Biharamonean herria desagerturik zen eta laku batek betetzen zuen haren lekua.

&n
bsp;

Ixtorio bera kontatzen zuten Agaw‑tarrek  Kaxingi lakuaz, eta Afar‑tarrek beren ur gazizko lintziraz. Noski, ipuin hau mundu zabalean hedaturik dago aldaera ezberdinetan.

 

Etiopia osoan bada beste ipuin bat aski hedatua, esan nahi baita, gizon‑zakurrena. Ziotenez, herrialde batean gizonak andereek behiak jaisten eta etxeak zaintzen zituzten bitartean zakur ziren bilakatu. Zakurrek kanpoan zituzten igarotzen gauak eta egunez behiak gordetzen. Ixtorio honek, noski, Herodotoren kinokefaloen fabularekin antza handia du.

 

Leku batetik bestera joateko modu eta ezberdintasun handiak ziren garai hartan eta egun. Hala, zaldun batek Gondar‑etik Inarya‑rako bidea hamabost egunetan egin zezakeen, baina karabana handi batek, segurtasun handiagatik eta zeraman abioagatik hilabetea behar zuen. Bestalde, Antonek zeuzkan mapak ez ziren batere zehatzak eta fidagarriak, herrien izenak batetik bestera asko aldatzen baitziren.

Laguntzaile lanak egiten zituen Ahmed‑ek bi hitz soilik zerabiltzan iparra, hegoa, ekialdea eta mendebaldea adierazteko. Galdetzen ziotenean non zegoen kokaturik  lekuren bat beti berdin ihardesten zien:

Fock.

Eta iparraldera seinalatzen zuen, edo eta hegoa eri puntarekin adieraziz esaten zien:

Taht.

Jakin izan zuen Antonek Maab‑eko zenbait paraje guztiz arriskutsuak zirela, zeren hango batek kontatu zion ikusia zela egun batean berrogeita hamar pertsona baino gehiago hiltzen handik pasatzerakoan.

Maquina eta Darita‑ra joateko bidaia antolatu zuen, bertako komentutan eskuizkribuak erosteko asmoz, zenbat eta bilduma osatuago eta ederragoa lortzen zuen hainbat eta zehatzago Etiopiako egoera fisikoa eta morala ezagutaraziko zuelakoan .

Eskuizkribu batzuek falaxa behartsuei erosi zizkien, hala nola Abba Ahwan‑i . Besteak berak pazientzia handiz  kopiatu zituen edo kopiarazi. Kopiagileeen artean bazen bat izkribatzailerik hoberentzat jotzen zutena. Dabtara Hadgu deitzen zen eta ezkerra zen. Antonek Erregeen Historia zekarren eskuizkribu eder bat kopia ziezaion nahi zuen, baina honen kopia‑baimena lortzeko bi urte pasatu ziren eta beste bi kostatu zitzaion kopia bukatzea bere artea hantusten zuen artista ezkerrari. Eta egia esateko, kopiagileen mantsotasun honek ia bere onetik ateratzen zuen Anton.

Arnauld-ek lagundu zion ere bilduma osatzen. Bere zerbitzuan hartu zituen bi apaiz‑idazle eta negu osoan eduki zituen  kopiatzen Tedowa Mariam‑go monasterioan bakarrak ziren Historia Urtekariak. Berak oparitutakoak dira ere paper arabez kopiarazi zuen 

 

bildumako 52a, Erregeen Historia, benetan liburu eder eta iduri zoragarriz horniturik dagoena, alegia, 98a,  Henochen Liburua den 99a eta 104 zenbakiz katalogatu zituenak.

Juste de Urbin, Kartum-en martir bezala bere egunak bukatu zituen frantziskotar misiolariak ere lagundu zion 194 zenbakitik 217rakoak eman baitzizkion. Batzuek erosiak, besteak berak kopiatuak eta moldatuak zituen, hala nola frantses‑amariña hiztegia eta azken hizkuntza honen gramatika frantsesez idatzia. Halaber Antonek bere katalogoan aipatzen duen azken eskuizkribua (234. alea), Zara Jaikoben Azterketa, zeinetan dena ukatzen bide delarik azkenean ateismoa bera ondorioztatzen eta aldarrikatzen den. Beraz,  benetan bitxia.

Eskuzkribuak oro ziren balios eta harri eder preziosak baino maitagarriagoak Anto
nentzat, hala nola  Paulok idatzitako Misterioen Liburua, bi zutabeetan eta 230 folio duenak, zeinek baduen saihets batean ohar bat. Honen arabera Sarza Mariam‑ek erosi zuen eskuizkribua bost behien truke, eta eskomunikatuta geldituko zen saltzen zuen fraidea, halere, hauetariko bati erosi zion, eta hark bozkario handiz hartu zituen ordainez emandako thalariak.

Gehienak Testamentu Zahar eta Berriko liburuen kopiak ziren, noski, baina baziren heien artean apokrifotzat jo zitezkeenak, hala nola Hermas‑ek, II. mendeko profeta judu‑kristauak idatzitako Artzaina, Antonek berak kopiatu zuena Gindaginde‑ko monasterioan, perla bitxi eta arraroa, zeinen berri Abba Jacobis apezpikuak eman zion, eta zein bere balio bereziagatik latinera itzuli eta Leipzig‑en argitaratuko zuen 1860an.

Ez ziren falta besteen artean kalenderrak, hala nola kosmografia, musika, poesia, astrologia, medizina, eta hizkuntzari buruzko hiztegiak gaika antolatuak. Sendagintzakoak, kakeria, bista galtzea, epilepsia, xixare eta beste ohiko eritasunen kontrako errezetak ekartzen zituzten. Hiztegiak, Sawasiw deituak, esan bezala gaika moldatuak zeuden, harri ederrak, landareak, zuhaitzak, ofizioak eta horrelako hitz zerrendak ematen zutelarik, beraz, aski zail zitzaien abezedeka moldaturik ez direnez hitz berezi baten bila zebiltzanean hau aurkitzea.

Eta aipatu behar da ere, heriotza bezperan Parisen arabieratik itzultzen ari zen eskuizkribua. XVI. mendean Muhammad Ahmad, Gragne deituak egindako konkisten eskuzkribua. Jakina den bezala, Ahmed‑en pean  iragandako bederatzi urteak Afrikako iparraldeko historian izugarrienak gertatu ziren. Pasatzen zen hiri guztietan herri giristinoak behartuak zeuden hautatzera edo Islama edo Herioa. Probintziaz probintzia ibili zen bere gudarosteek dena sutan ezartzen zutelarik, andere gazte eta zaharrak bortxatzen eta ezpataz akabatzen gizonak. Bidean aurkitutako eliza guztiak biluzturik gelditu ziren, eta baziren batzuk benetan aberatsak zirenak, hala nola teilatuak urrezko hariz apainduak zeuzkatenak.

 

Beste batzuek, adibidez, liburutegi ederrak zituzten zaharrenak suntsiturik gelditu ziren sutan.  Horrela bada, Lebna‑Deugel garaiko buruzagiak Portugaleko erregeari laguntza eskatu zion, eta honek Kristobal de Gama igorri zuen bostehun soldadu ongi armatuekin. Hauek Assnaf‑Sagad, europarrek Klaudio deitu zutenaren garaian iritsi ziren eta Gragne sultanaren eta bere musulmanen erasoa gelditzea lortu zuten 1585. urtean. Halere, probintziak oro behar bezala babestu ezinik kostaldeko portu garrantzitsuenak behin betirako turkiarren botere maltzurpean gelditu ziren.

Igorri zizkien Antonek 1842an zenbait gutun Jomard eta Avezac jaunei egiten ari zen lanen berri emanez, eta urte bereko azaroan Tana lakuari buruz abiatu zen, eta bukaeraldean Lalibalara iritsi, non berriro eritasunak eragotzi zion jarraitzea Takkazze‑ko itur‑buruetaraino.

Gondar‑era itzultzerakoan bere arrutarik gogozkoena hartu zuen: Mota, Dabra warq eta Yawis. Hemen karabanarekin zihoala txarranpinak jo zuen.Yajibe Gojam‑en eta Abbay ibaiaren ezkerraldean zeuden Gudru, Jimma eta Nonno tribuen ohitura eta hizkerak aztertzen ibili zen. Abbay ibaia igarotakoan aholkatu zioten ordularia gorde zezan Ilmarma jendeen artean haren distirak gutizia sor zezakeelako eta bizia arriskutan ezar.

1843ko urtarrilaren hamaseian, astelehenez, Agisa Takla andereentzat itxia zen saindutegitik irten eta hamahiru ordu eta hamar minutuko bidea egin zuen, Etiopian egin zuen ibilaldirik luzeena. Denak leherturik zeuden, astoak eta mandoak ere. Behealdean zirenean aire beroak sukarra sorrarazi zion, baina Lanko goialdeko hotzak mundu guztiari on egin zion.

Maiatzaren azken egunean F. C. Berke bidaiari ingelesaren bisita izan zuen, eta nola une hartan herriko jendez inguratua zegoen, Berke-k ingelesez mintzatu zitzaionean berak amariñaz ihardetsi zion jende guztiak jakin zezan zertaz ari ziren. Hau mespretxutzat jo zuen ingelesak, eta mendekuz libelo bat idatzi zuen Athenaeum aldizkarian gezurtitzat joaz bi anaiak. Zazpi urte geroago oraindik 1850eko uztailaren hamaikan Londresen Arnauld eta Xarlesek Lord Palmerstoni bisita egin zioten bitartekaritza eskatuz bidaia berrietan ingelesen partetik eragozpen eta oztoporik ukan ez zezaten.

Bidaiaren eskuzkribuaren amaieran  Antonek gogoeta hau egiten du ekainaren 22an.

Giza zientzia bere teknikari esker lortu edireiteak miresgarriak izan arren, oraindik iritzi faltsuz betea dago, eta denboraren poderioaz deuseztatuko diren sistemez eraikia. Benetako argia gugandik urrun dago, eta soilik Fedeak somarazten du.

Geezez XIII mendean idatzitako Biblia, aspaldian galdurik zegoena, Antonek topatu zuen eta Lalibelako eliza batean utzi, liburu barnean amariñaz ho
nakoxe idatzita utziz:

 

Anton eta Mikel frantziarrek Lalibelako Mikel deunaren elizari oparitu diote Jesu Kristoren irudiaren oroitzapenez eta Jainkoak paradisuan zain ditzan. 1835an etiopiarren kalenderraren arabera, baina europearren 1843an.

 

Jakin izan zuen Gondar‑era Jomard jaunak bidalitako gutun batez, nola Geografia Elkartean saritu zituzten zilarrezko dominaz ekainaren 17an egindako bileran, hala Anton nola Dease & Simpson ipar‑amerikarrak eta Schomburgk esploratzaile alemana egindako deskubrimenduengatik.

Lehen aldiz Oromo lurraldean 1843ko uztailean zegoela, eta buruzagi gerlariak  beren artean eztabaidatzen ari ziren bitartean denbora kontu‑kontari pasatzen zuen. Sekulan bere herritik atera ez zen hogei urteko gazte batek kontatu zion ixtorioak Odiseoren Polifemorenarekin eta Euskal Herrian Tartalo izenarekin ezagutua den kontakizunaren antza handia zeukan, eta beraz honek pentsarazi zion Polifemoren fabula ez zukeela Homerok asmatu, eta nazioen bereizte garaia baino lehenagokoa zitekeela.

Beste herrialdeetan ere hain ezagun diren andere fideltasun gabeari buruzko ixtorioak kontatu zizkioten. Honelaxekoek oso harrera ona zuten gizonen artean, irri karkailaz lehertzen entzuten baitzituzten.

Herrialde hauetako andereek ez dute amodioaz jeneralean  ia ideiarik ere. Lirain, gozo, ezti, maitasunez beteak dira, baina era berean ahul, malenkoniati, menpeko eta aski zozo. Iraultza eta bortizkerien artean bizi dira, eta beraien akats, oker eta hutsek areago merezi zioten konpasioa gogorkeria baino.

Omoro edo Inaryan lurralde hau Abba Gibo buruzagiaren menpean zegoen, zein adimenez, ausardiaz, eta gaiztakeriez garaiko tiranorik handienetarikoa izatera iritsi zen. Han ikusten zuten lehen europarra zen Anton, eta horri esker bere arrakasta ziurtaturik zegoen. Hau mantentzearren bertako hizkera ikasi zuen, hala nola usu, ohitura, sineste, eta literatura.

Anton idazten ikusten zutenean berehala inguratu eta eskatzen zioten etorkizuna igar ziezaien. Esnea eta gari beltza, – Gudruko ohiko jan-edanak-, eskatzen zizkiotenez, berak ere esne katilukada bat galdetzen zuen norbait hurbiltzen zitzaionean eta honela bezeroen kontura bizi zen. Galde nagusia buda egitea eta bekaitzaren kontrako erremedioak ziren. Horrela asmatzen hasi zen hauen kontra Aita Gurea paperean idatziz. Emakume batek haur bat eskatzen bazion Agur Maria idazten zuen, eta galdea senarraren emazteen bekaitzetik gibelatua izatea, karitate ekintza bat agintzen. Eta azkenez liluramendu handienetan Gudru

 

herriaren konbertsioaren aldeko otoitza izkiribatzen zuen. Horrela bada, otoitz guzti hauek helburua lortzen ez bazuten ere, bederen inori ez zioten kalte egiten.

Herri hauek gero eta interesgarriago egiten ari zitzaizkion, ezen ohartzen ari zen mendebaldearekin inolako zibilizazio harremanik eduki gabe, mantentzen jakin izan zutela Jainkoak izaki guztietan ezarri dituen naturazko dohainak, moral eta justiziazko legeak, on izatearen eta aitzinamenduaren funtsezko ideiak.

Irailean Sukako merkatuan ikusi zituen esklabo pila salgai, hauen artean amona bat, honen alaba eta ilobarekin, beste haurrak kontatu gabe. Honek gogoetarazi zion Antoni esklabotasunaren aurka ordura arte erabilitako erremedioak ez zutela ia deusetarako balio, eta beste bide bat hautatu behar zela. Alegia, jende prestu bat barreiatu behar zela herrialdeetan, hauek erosi behar zituztela hamar edo hamabost esklabo hobeto hornituak ikusten zituztenak, eta ondoren Europan behar zirela hazi eta hezi. Zibilizazioaren aurrerapenez ongi jabetu ondoren berriro behar zirela bidali beren herrialdeetara askatasunaren eta zientziaren predikari laikoak bilakatuz, bakoitza bere herrian.

Azarora arte eutsi zuen Gibo buruzagiak bere ondoan. Ikerketak oztopatu zizkion arren bere hamaikagarren anderearen bila Kaffa‑ko hiriburu zen Bonga‑ra  joan behar zuen espedizioan joateko hautatu egin zuen. Mila pertsonak osaturiko gizon ilarak opariak eskaintzera zihoazen.

Ailegatuak zirela Arnauld-i gutun bat  idatzi zion egoeraren berri emanez. Nola ia leku guztietan bezala, jaun ala xume izan gizakien jaidura ber
dintsua den, hau da, arraro eta bitxi iruditzen zaiena beraientzat gordetzen saiatzen direla, gizakia ala gauza izan berdin zaiolarik, lehen europarra zenez Gibo‑ren kortean berdin gertatzen zitzaion Antoni, Gibo musulmana izanik eta Kaffa‑ko erregea giristinoa, tutik jakin ez arren giristinotasunaren hastapenez berdin zen.

Boterearen partaide zelako lortu zuen, halere,  egonaldia Kaffa hirian hamaika egunekoa soilik gerta zekion, ezen etiopiar trafikante bat baino gehiago hura laga aurretik edo hura uzteko baimena lortu baino lehen han hamar edo hogei urte pasa beharrean aurkitu izan baitziren.

Bestalde, Kaffa‑ko herrialdeko erregearen eztei‑anaia gertatu zenez, opari bat zor omen zion honek, beraz, eta Aizine izeneko Gimira esklaboa erregalatu zion. Hau ez zen beltza, gorria baizik.  eta Kafako hizkerak mintzatzen zituen, baina oso baratxe-baratxe

 

 

ikasten zituen hizkuntzak, eta amariña apurñoa bazekienean Massawa‑n  hil zitzaion bat-batean.

1844ko martxoaren bian irten zen hemendik karabana batean, zein, esan ziotenez, oso arin eta azkar zebilen, bere ustea guztiz kontrakoa izan arren. Lagun berri hauek ez zuten gelditu nahi inon non ez bazen ibai ertzetan, hezetasunaren babesean. Ez zuen konprenitzen, oraindik zergatik arraio ez zuten muino gainetik ibili nahi, eta igotzen zenean gailur batera bere teodolitoaz neurriak hartzera, guztiz mesfidatzen ziren.

Horrela bada, Antonen  izariak erabat baldintzatuak gelditu ziren, ez baitzuen lortu ahal izan nahi zuen lekuetatik pasatzea. Ikusitakoak ikusita, eta pasatakoak pasata atzera itzultzeko ez zitzaion batere gogorik gelditzen, eta gainera sos apurrak jadanik ahitzen hasiak ziren.

Gerra zibilak hiru hilabetez geldiarazi zuen Gojam‑en eta eurite eta uholdeen aroa zenez, Takkaze ibaia ezin baitzen iragan, Gondar‑en gelditu zen.

1844ko uztailaren 30ean anaia berriro topatu zuen Gondar‑en, eta egun eta gauak osorik pasatu zituzten elkarri gertatutakoak kontu‑kontari. Anton bere aurkikundeez eta Arnauld bere ehizez. Did‑esa‑z eta honen iturburuez, geografoek aipatzen ez zuten ibaiez mintzatu zitzaion Anton, eta nola bere ustez Nilo Zuriaren iturburuak zitezkeen, eta hau

Niloren adar printzipala zenez, sorburu eta sehaskarekin jo zuen. Etimologiak ere argi zezakeela, adibidez, emanik d > l bilakatzen dela sanskritotik latinera iragaterakoan, esate baterako, bad‑etik balneum  ´mainu´ sortuz, berdin eman zezakeela Did‑esa > Liles pausua, eta beraz, Niles, Nilus, Nilo gerta zitekeela.

Abuztuaren 31an Majac‑eko zubia iragan zuen Antonek Itsas Gorriari buruz. Abba Harbu‑k argitu zion, ibaietako jainkoei opariak eskaintzen zizkietela otoitz bat eginik aldez aurretik. Pobreek mirra eta aberatsek abere bati lepoa moztuz uretara hau boteaz honako hitzok erabiltzen zituztela:

 

                        Gizonen naiz errege

                        Eta hi ibaien,

                        Gaitezen adiskide

                        Eta dezagun bake.

                       

 

 

Oraingoan bai izan zuela ostertza patxadan behatzeko eta nahi zituen neurri guztiak hartzeko aukera. Naturaren izaerari dario berez ibaiak erreka ezberdinetan banatzea. Garai hartan Nilo ibaiaren iturburua bilatu nahian zebilen, eta uste zuen Uma, Gojab eta Borora erreken artean osatzen zutela Nilo Zuriaren goi‑burua.

Azaro hasieran topatu zuen berriro Domingo. Sennaar aldetik iritsia eta peko erreka joa, heriotza‑zorian. Makala baino argalago, sukar beltzek jana, betondoak ubel eta bertan itsatsirik bezala begi dizdizariak. Ikusi zuen bezain laster zertxobait bizturik honela mintzatu zitzaion euskara, frantsesa, arabiera eta amariña hitzak nahas‑mahas:

‑ Esker anitz, etortzeagatik, Anton, ça va?

‑ Domingo, bizi hiza?

‑ Bai eta hi, endet neh! ´nola habil?´

‑ Ni untsa eta hi? 

‑ Untsa, salam aleikum! ´bakea zurekila´.

‑ Bejondeiala!

‑ Bai, Allah kerim! ´Jainkoa handi da!´.

            – Gaisorik hago, alajaina.

‑ Bai, Sheitan afrit ´Debru arraioa!´.

‑ Lasai, Domingo.

‑ Behazak, Anton, bart izandako ametsa kontatu nahi niake.

‑ Lasai. Ea, bada, kontaidak nahi duana ez diagu presa handirik eta.

‑ Arrautza handi baten antzeko sala handi eta mugagabean nengoen. Erdian gidari nagusia zirudien agure bat ageri zen,. Nere aitari bezala ile zima luzeak bizkar gainean zintzilikatzen zitzaizkion eta aldamenean dena xuriz jantzitako edertasun liluragarrizko anderea ikustatu nuen. Agureak galderak eta galderak egiten zizkidan eta haurtzaroko kontuak ere oroitarazten. Ihardetsi nahi nuen baina ezina zitzaidan. Halako batean anderea desagertu egin zen. Inguratzen ninduten beste agureek nitaz hitz egiten zuten baina nik ezin nien deus konprenitu. Gero eta ilunago ziren entzuten nituen hitzak. Egoera hura ezin pairaturik haboro oihu egiten entseatu nintzen, Argia!!! eta bat-batean kriseilutxo bat ageri zen, su‑lama dantzari, baina sala iragandakoan itzali egin zen. Zuk utziko bazenu hemen zure zerbitzariren bat zuzi batez uste dut ilunpetarik libratu eta aske nintekeela, eta sukar beltz hauek ihesi joanen zitzaizkidakeela. Arren, zure zerbitzariek obedituko zaituzte, esaiezu hori, neri ez baitidate kasurik batere egiten eta…..

 

Hantxe zetzan Domingo gizagaixoa betondoa gero eta ilunago eta mihia gero eta nahasiago. Aurpegia zuri-zuri eta gorputza dardarez. Eskatutakoa agindu zion eta agurtu egin zuen. Ilea jada urdindua zeukan bere jarraitzaileetarik zaharrenak, xehe-xehe kontatu zionean ametsa es
an zion:

‑ Egia esan, maiztxo suertatu izan zait entzutea lelokeria franko ametsek esan nahi dutenaren inguruan, baina  honetaz ez daiteke izan inolako dudarik. Esan nahia garbi baino garbiagoa du eta aratz‑aratza. Sala handi hura zerua dateke. Agurea, zeru‑lurren sortzailea eta justizia emailea, hau da, Jainkoa. Andere eder eta zuriz jantzia Ama Birjina. Kriseilua amaitzen ari zaion bizitzaren arnasaren irudia dateke, noski, eta,  beraz, ez zaigu gelditzen bere arimaren alde otoitz egitea baizik .

Ziotenez, oilarraren kantua aitzin egindako ametsak deabruarengandik zetozen eta ondorengoak aingeruengandik. Galla herritarrek, bada,  uste zuten oilarrak lehen kanta botatzen zutela, zeruko ateak irekitzen zirenean aingeruak jaits zitezen, hauen hegalaldia sentitzen baitzuten. Ametsak ia beti beren kontrakoez argi zitezkeen: garaipena amesteak porrota iragartzen zuen, norbaiten etorrerak berandu iritsiko zela, zuhaitz hil batek norbaitek peko erreka jo zuela, eta irudimenak zakur basa eta errabiatu bat jaten sortzen bazuen, honek urte bateko gosetea adierazi nahi zuela…

Handik egun batzuetara jakin zuen Antonek hila zela Domingo. Gorpuaren inguruan bildu ziren Arnauld, John Bell eskoziarra, Abba Jacobis artzapezpikua eta Anton, hala nola zerbitzari afrikarrak. Aitorle koptoa ere hantxe zegoen, eta, hileta elizkizun triste eta xume batez eman zioten azken agurra.

Domingoren ongi apurrak bildu eta enkantean ipini zituen Antonek ordainetan arrebari sos batzuek bidaltzeko asmotan, baina Waizoro Manann‑ek beretzat hartu nahi zituen ondasunak, zeren hasieran berritasunagatik onartu bazuen ere enkantea, gero bere eskubide eta botereaz baliatu nahi izan zuen bereganatzeko ahaleginean. Arnauld-ek kontra zertxobait egin arren, ikusitakoan harremanak gaixtotzen ari zirela eta arriskuan Waizoro‑ren diru‑gutizi eta grina neurrigabeen aitzinean, handik alde egiteari hobetsi zioten eta bertatik partitu egin ziren kostaldera.   

Imakullo‑n zegoela 1844ko azaroan bildu ahal izan zituen Antonek falaxei buruz hartutako ohar ezberdinak, eta hona hemen txosten laburpentxoa, zeinetaz baliatu ahal izan den Steven Kaplan falaxez idatzi liburu berri batean.

 

Kategoriak
Patriren testuak

Anton Abbadiaren Etiopiako bidaia (3)

 

Erromara iritsitakoan Propaganda Fide‑ko buru zen Franzoni kardinalari Sapetoren gutunak eman zizkion eta komentzitu komenigarri zela Afrikako paraje urrun haietan misioak bersortzea, hedatzea eta Eliza Katolikoaren legea berrezartzea. Gregorio XVIa aitasainduarekin egotea ere lortu zuen, zein benetan miresturik zegoen kontatzen zizkion ixtorio guztiekin hala nola  zerbitzariekin. Berak sortutako Deun Gregorio Handiaren Zaldun ordenakoa izendatu zuen eta zortzi puntako domina oparitu, non Pro Deo et Principe, esan nahi baita, Jainkoa eta Printzeagatik irakur zitekeen.

Adula eta Grebra esklaboek Erroman aho zabalik zebiltzan. Hango jauregi, hango karrika, hango harrizko zutabe, hango iturriekin. Zer jendetzak, zer ur fresko eta onak, zer jauzi paregabeak! Nola jalgitzen ziren jauzika urak  arroketarik edo harrizko munstro batzuetarik, ahotik gora airean altxaraziz ura. Ikustean harrizko lehoi, basa‑zaldi eta beste abere motak esaten zuten:

‑ Oh, oh, zein ederrak!

‑ Oh, oh, zenbat basa‑pizti minik egiten ez digutenak!

Egun batez ere izan zen Anton Biblioteca Vaticana‑ko geletan gordetzen zituzten eskuizkribuak eta liburuak ikusten eta dastatzen, bidenabar etiopiar eskuizkribuen titulu zerrenda eta beste zenbait xehetasum kopiatzen.

 

 

 

Anton Abbadia eta bere esklaboak portuan bete beharrezkoak egin ondoren baporea hartu zuten. Ke beltza zerion tximiniari hodei ilun eta itsusi bat margotuz zeru urdinean. Livorno-n gelditu ondoren, iritsi ziren Marseillera, eta hemendik Parisera ..

Parisen mundu guztiak burua jiratzen zuen hobeto behatzeko Antonek berekin zeramatzan bi esklabo eder haiek. 1839ko martxoaren hamabostean Geografia Elkartean Etiopiako bidaiaren laburpena eman ondoren, gomitatu zuten beste txosten luzeago baten aurkeztera, zein handik hogei egunetara, apirilaren bostean egin zuen.

Galdetu ziotenean berekin zeramatzan esklabo haietaz, erantzun zien Grebra Oegziabhe, familia noble batekoa zela, bere borondatez eta gustuz zebilela berarekin, eta behar bezala hezi ondoren mendebaldeko zientzia eta ohituretan, zibilizazioaren misiolari gisara itzuliko zela sorterrira aske.

Dinamarkako itsas‑kapitaina zen Falbe jaunarekin topo egin zuen eta aspaldidanik  zeukan teodolitoa oparitu zion. Gambey etxera eraman zuen aurkitzen zizkion hutsak zuzen zitzaten. Hemen eramangarriago eta hobea izanen zen beste bat egin zezan gomendatu zioten.

Ia bukatua zeukanean Gambey jaunak teodolito berria, inolako arrazoi baliozkorik gabe eta Antonen harridurarako ukatu egin zen amaitzera.

Nola justifika zezakeen zientzi munduaren aurrean halako joan‑etorri zail eta arriskutsuak egitea tresna eskas batekin? Baina nola ez den  eternitatea irauten duen zorigaitzik, honek ere ez zuen hainbeste iraun. Joinville‑ko printzea laguntzan etorri zitzaion sextante batekin, eta honetaz baliatzen ahal zen arrutako gora‑beherek erabiltzera behartzen bazuten. Strasbourg-eko Laquiante kapitainak, urte anitzetan  ikerketetan ibilia, bidai‑ispilurako berak diseinaturiko oin paralaktiko arin eta guztiz karreiagarria eman zion. Noski, honek zerbitzu handia egin zion gero. Fortin‑ek moldatu barometroa ere oparitu zion. Walferdin jaunak bere hipsometroa eta Bréguet‑ek kronometro ezin hobea utzi zizkioten borondate onez inolako beldurrik ez erreparorik gabe, kontutan izanik zein nolako arazoak eduk zitzakeen Afrikako lurralde basa eta ezezagun haietan.

Maiatzan Londresera joan zen Gondarreko buruzagiek Erreginarentzat emandako gutunak aurkeztera. Hauetan eskatzen zioten, Sennaar‑en bildutako egipziar armadak prestaturiko erasoa saia zedin geldiarazten parte zuzena hartuz. Manchester kaleko 6. zenbakian iragan zituen egun batzuek eta hemendik egunero joaten zen British Museoko liburutegi ederrera, bertan ziren etiopiar eskuizkribuen katalogoa kopiatzera eta berea osatzera, hots, Dillmann-ek Oxford-eko unibertsitatean zirenez eginarekin.

 

Berriro Parisen, aduana lanetan murgildu zen, Munichen erosi luneta meridianoa Estrasburgon barrena Marseillera igor ziezaioten. Abuztuaren 16an irakurri zuen txosten berri bat Elkartean Etiopiako geografiaz xehetasun mukurua emanez, batik bat herri eta herrixken izenen berri emanez, bertakoen ahoz entzun zuen bezala. Informatzaileetarik bat Ali Effendi

Massawa-koa izan zela eta zehaztasun handiz jasoak zituela, egunez egun, honek hamaika aldiz Adwa‑rako hamazazpi egunetako bidea karabanetan egina baitzuen. Bestea, Fakiet Ahmed, Jeddah-eko merkatari arabea, zeinak emanak zizkion bere arrutetako herrien eta ibaien izenak. Kontatu zien ere nola Arnauld-ek bidali berri zizkion gutunetan aipatzen zituen Nilo Zuriaren iturburuez eta Laku handiez lorturiko albisteak. Nola galdetu zion honetaz behin esklabo Gala bati:

‑ Handia dea lakua?

‑ Bai, bai.

‑ Zenbaterainoko handia?

‑ Putre batek hegan bost egun eta bost gau behar ditu, alde batetik bestera pasatzeko.

Ihardetsi ziola eta Massawa-ko merkatari batek esana ziola gazia zela lakua, Kaffa eta Onaryatik igarotzen zela Gwjub ibaia Combes eta Tamisier‑ek beren liburuan ziotenaren kontra, eta Abbai-n hiltzen zela. Haiek ziotenez Gwbe ez zen amaitzen Abbay-n, baizik eta Bahr‑el‑Azraek‑en, eta beraz, Nilo Urdinaren iturburu edo ama zela.

Amaitu zuen solasa esanez itzultzera zihoala zehaztasun gehiagoren bila, eta Elkarteko partaide guztiei eskerrak ematen zizkiela bihotzez eskaini zioten  laguntzagatik. Louis Breguet-engandik poltsikoko kronometroa, urrezko erlojua eta mila eta berrehun libera hartu zituen eta denek opaldu zioten osasuna eta bidaia zail hartan suerte ona.

Pirmet arma dendan pistola eta txispa batzuek erosi eta Marseillara bidaltzeko enkargua eman ondoren, Parisa utzi zuen Arago-k Niepce eta Daguerre jaunek egindako deskubrimenduaren berri Institut‑ari eman zion egun berean, hau da 1839ko abuztuaren 12an , eta Etiopiako bigarren bidaia hasi aurreko azken bisita egin zion Euskal Herriari, polizi pasaporteak adierazten digunez, hots, abuztuaren 25ean Baionan izan zen.

Marseillatik berriro Alexandriara Erroman barrena. Hemen Lord Lamborghini-k irailaren 23an agindu bat zinatu zuen Abbadia eta bere adiskideak zaindariez lagundurik ziurtasun osoz joan zitezen Civitavechia-raino. Franzonik hautatu De Jacobis kaputxinoa eta honen laguntzaile Montuori izenekoa, Antonekin Erromatik irten ziren karroza batean. Erroma inguruko soroak elurztatuak zeuden. De Jacobis-ek ez zuen astirik galdu nahi eta

 

galderez josi zuen bide guztia, lehenik Anton eta gero honen bitartez etiopiarrak, paraje urrun haien berri eman ziezaioten.

Hemendik Alexandriara, eta Alexandriatik El Kairo‑rako bidaia Nilo igarotzean Lefebvre itsas kapitainarekin batera, sukarrek hartu zuten Anton eta bere hiru zerbitzarietarik Joanes euskalduna tifusak joa izan zen. Honek soldadoxka egina zuen Aljerian Arnauld-ekin, eta bere pena adierazia zion Greziako bidea hartu zuenean, soldaduskatik libre gelditzean, ez zuela lipar batez ere dudatuko eta haren zerbitzuan aritzeko prest izanen zela.

El Kairo-n Pruner zientzia-gizon eta mediku zena bisitatu zuen eta egoera politikoaz eta beste hamaika gauza ezberdinez mintzatu ziren, xixea erretzen zuten bitartean eta morroiari noizean behinka eskatzen:

Imla ech Chyché ya onala

Bi hilabete iguriki zituen senda zedin. Azkenean,  El Kairon utzi zuen Domingo, baina Suez‑era iristerakoan Grebra bularretako minez gelditu zen, eta berriro beste
geldialdia pairatu behar izan zuen sendatzen zen bitartean. Anton bitartean lanean jarraitu zuen planoak eginez, bere neurrietan eten gabe, gaur hoteleko terrazatik, bihar mezkitatik, etzi kontsul frantsesaren etxetik, zehaztasunik haundienak lortzearren. Noizbehinka errezibitzen zituen paketeren bat egunkari atzeratuz egina Vattier de Bourville-k igorrita El Kairotik.

Mila zortziehun eta hogeita hemeretzigarren abenduaren 21ean ontzi arabe batean enbarkatu zen, eta bertan Habaxi izena zuen hamazazpi urteko esklabo batekin mintzatu zen luze eta xehe honen lurraldeko ohiturez eta hizkuntzez. Hegoaldeko berotasunak ukitzen zuen heinean hobera jo zuen ere morroiaren osasunak. 

Jeddah-en otsailaren bian zegoen, eta Antonekin zetorren A. Fries, margolari ingelesak utzi egin zituen, Mekka Etiopiari hobetsi baitzion, eta mundu islamiarra kristauari, baina bere zorigaitzerako gertatu zen tamalez, ezen laster han bertan aurkitu baitzuen heriotza gizagaixoak. Jeddahen Frantziako kontsula zen Fresnel jaunarekin mintzatzen zen, zein beti kexu zebilen ez ziotelako Frantzian eskatzen zuen arabiera katedrari buruz inoiz erantzunik ematen. Fresnel en etxean utzi zituen hamasei liburu eta beste berrogei eta hamazazpi Massawa-n kaxa batean sarturik bidaiez eta erlijioaz mintzo zirenak, hauen artean Ludolfek egindako Salmoen edizioa.

1840ko otsailaren erdialdean topatu zuen berriro anaia Arnauld Massawan. Aidine‑ren jauregian izan zen topo egitea, eta besarkada handien ondoren esan zion Antonek:

 

 

‑ To, Arnauld, hau duk aitasainduak hiretzat egin dituan merezimenduendako eman didan domina.

Kontatu zizkioten elkarri izandako arazo eta garaipenak. Anton Erromatik iritsi berria zen, eta Arnauld Galla lurraldetik.

Aidine‑k bere dibanean erdi‑etzanda eta zenbait buruzagiz inguraturik denbora kontu‑kontari iragaten zuen. Gerla istorioak, lejendak, gertakizun berriak, era orotariko poemak, eta noiz behinka ipuin erotikoak ere gogoko zituzten.

‑ Begirazue, Anton eta Arnauld, ‑ esan zien Aidine-k‑ , ni ez nauzue gudari zoriontsu bat baizik, uste duena egunen batean argiz beteriko mendi baten gailurrean kausituren duela paradisua.  Oso ttipi nintzela utzi nituen sorterria eta erlijioa, zeren jakin behar duzuenez  familia giristino batean jaio nintzen, eta hona non bigotea urdintzen ari zaidalarik bi anaia giristinoen medioz errezibitzen dudan gizonengandik har dezakedan bozkariorik handiena.

Ondoren honako ixtorioa kontatu zien.

 

Bazen Asiako partean Liburuaren agindu guztiak zuzen‑zuzen betetzen zituen merkatari aberatsa, Allah eta profetek zaintzen zutena. Gero eta aberatsago bilakatzen zihoan, karabana bakoitzak munduko alde guztietarik zerbitzari, mota orotariko martxandizak eta opari berriak ekartzen baitzizkion. Bere harema gero eta ederragoa ari zen bilakatzen, haur pollitez erditzen baitziren ama sabel oparoak. Hiriak bere gogo ttipienak errespetatzen zituen, eta bai behartsuek bai eta mezkitetako fraideek jaun esku‑zabal eta donarioz betetzat aitortzen zuten. Bere lorategiak sasoi guztietan lili usaintsuz idekitzen ziren. Iturriak eta itzalak non‑nahi. Egun batean erdi‑ametsetan dibanean etzanda zegoela suge batek iratzarriz erran zion:

                                   ‑ Allah‑ren izenean, lagundu nazazu.

            – Allah‑ren izenean, nere laguntza izanen duzu ‑ erran zuen Marzawane‑k. Baina nor zara zu? Nondik zatoz?

  Jaun Garairen soldaduek nere atzetik datoz. Ezkuta nazazu, arren.

Marzawane‑k erran zion gorde zedin oihal
batzuen atzean, baina sugeak ihardetsi zion:

 

 

 

– Ez, zure faboritoaren ilajean ezkutatuko banintz ere nere etsaiek aurkituko nindukete. Entzuidazu, arren. Badatoz. Ez baduzu Allah eta bere profeta gaitzets nahi, ez zaizu beste biderik gelditzen: Idekazu ahoa zure barnean gorde nadin.

            Marzawane izuturik atzera jo zuen, baina gudarien ahotsa gero eta hurbilago sentitzen zuen, eta erran zion:

‑ Bego, Allah‑en izenean zatozenez…

Sugeak gizonaren eztarritik sartu eta haren barnean ostatu aurkitu zuen bezain laster atzetik zetozkionak oihukatu zuten:

‑ Non dago traidorea? Aileramate fatu beltzek Sultanaren etsaia gordetzen duena!

Marzawane‑k erran zien Padixah‑en etsaia berea ere bazela, eta handia zuela  eta nahi zituzten leku guztiak araka zitzaketela. Zoko guztiak behatu zituzten  haremgo toki debekatuak barne, eta azkenean halako gizon ona probetxurik gabe umiliarazteagatik damututa oinetan makurtu ziren miresturik haren ontasunaz. Joandakoan Marzawan‑ek erran zion sugeari:

‑ Ez dezazula beldurrik izan. Atera zaitezke, dagoeneko, nere bihotzaren taupadak oztopatzen dizkidazu eta. Baina sugeak haren bihotz ondotik erantzun zion:

‑ Zure bihotzaren edo birikaren zatiño bat behar dut eta kosk egin gabe ez naiz aterako.

Eta Marzawan‑ek esker gaiztoa itsusitakoan erantzun zion sugeak:

            – Ai inozoa! Zer uste zenuen, bada, nere izaerari uko egin niezaiokeela, ala? Sugea nauzu eta suge gisa behar dut ekin. Ez duzu gutxi aukera ematea.

            – Amen! Nere haragi zatirik hoberena izanen duzu, baina utz nazazu lehenago gauzak presta ditzadan nere heriotzak istripu baten ondoriotzat izan dezaten eta ez Allah eta bere profetaren izenean ostatu emateagatik, bestela etorkizunean gizonak ostatu ematetik gibel bailitezke.

            Eta Marzawan‑ek agindu zion esklabo bati zuhaitz baten pean bere otoitzetako  tapiza presta eta bertan ur‑xahualdiak egindakoan otoitzak burutu ahal zitzan. Lorategira atera zen, egin zituen bere soineko urezko garbiketak, otoitzak, eta amaieran erran zion eskergabeari:

 

‑ Orain egizu gogoko dukezuna.

Eta une berean gazte guztiz eder bat agertu zitzaion erranez:

‑ Zure fedea zin ezazu. Hiru aldiz Allah‑ren izena aipa, zuhaitz honen hosto bat har, ahoan ezar eta salbatua izanen zara.

‑ Nor zara zu, bada? ‑ Galdetu zion Marzawan‑ek ‑.

‑ Profetak igorri nau zure pena eztitzera eta suntsitzera, harrera onaren aingerua bainaiz.

Hau erran eta desagertu egin zen. Marzawan‑ek ez zuen zalantzarik izan eta erran bezala egin zuen, eta ahotik at irten zitzaion Jainkoaren justiziak belztu eta akabaturiko sugea. Gaiztoak, noski, ez zuen menperatu ahal izan benetako fededuna.

 

Aidine-k ondoren, kafea zerbitzen zieten bitartean jarraiki zuen ixtorioaren esan nahia argitzen.

‑ Zergatik ez diguzu Beni Beit‑en ixtorioa kontatzen?

Ohartu zen Anton modu horretan izendatzen zutena Bonaparte zela eta nargile freskoa hartutakoan kontatu zuen ahalik eta modurik dotoreenean enperadore frantsesaren bizitza. Ez zioten, noski, haurtzaroko kontuak esaten utzi, zeren haietako batek hasi eta berehala esan zion:

‑ Utz ezak hori, gizon ospetsu guzien haurtzaroa berdina izaten duk eta mintza hadi gizon egindakoan burutu zituen gerra ekintza handiez.

Kontatu zizkien bada korsikarraren gerla eta garaipenak, hala nola galdu zituen batailak, solasaren gailurra azken partean  Santa  Helena uhartean preso zegoela heriotza unean ipini zuelarik. Ingurunea gero eta estuago egiten zihoakion, buruzagi haien ahotarik Allah, Allah, errepikatzen zelarik maiz, eta batek erantsi zuen:

            Gau izarztatuak gozatzearren honelako heroiak baldin badituzte mintzagai, mereziko luke benetan arrotzon mintzaera ezagutzeak.

            Arnauld-ek kontatu zizkion Antoni Galla lurraldeko andereei pairarazten zizkieten  sufrimenduak eta ohitura benetan basati eta krudel batzuk. Adibidez, ez zirela konforme soilik emeen maginak jostearekin,  eta hori ez askietsirik ikusi zuela jimma bat herrian sartzen, neskatxa eder bat jotzen, lurrera botatzen eta beste emakumeek esan ziotenean oraino

 

 

dontzeila zela, erantzuten horregatik preziski nahi zuela. Etzan ondoren pizti baten antzera lepoa moztu ziola, sabela ireki, bare‑sarea kendu eta honekin alde egin zuela.

Omena zen azti batek eskatu ziola sarraski hori egitea nahi bazuen etorkizuna iragar ziezaion.

Arnauld-ek ikusiz Manex bere sorterriko janik gabe eta batez ere arnorik gabe ez zezakeela bizi, eta ezin zuela etsi nagusiarenganako gogo eta borondate on guztia ezarri arren, eritasunek ez baitzuten bakean uzten, erabaki zuen  Frantziara itzularaztea Goxo‑k oparitutako zaldi ederrarekin. Hau Joinville‑ko printzeari oparitzea erabaki zuten eta adieraztea honela  zientzi bidaiekiko izandako harrera eta esker ona.

Zaldia Manexekin batera Jeddah‑era iritsi zen eta  hemen kontsulak Qusair‑erako enbarkatu zituen. Ez zen izan bidaia hura, ordea, arriskurik gabea , geroago jakingo zutenez, ezen Egiptoko kostaldean ondoratu zelarik ontzia, biak, Manex eta zaldia, larri-larri igeri salbatu baitziren, azkenean hamaika gora‑beheren ondoren iritsi zirelarik Frantziako Toulon portura. Zaldi  jabe berriak Algeriara zihoan Aumale‑ko dukeari eskaini zion opari hartu berri eta ezin ederrago hura. Garai honetan irakurriko zuen seguruen Antonek Domingo Idiart ABorda@k Gondarretik, 1839ko urtarrilaren 19an idatzi zion beste gutuna, zuela urtea eta zerbait gehiago idatzia eta honela zioena:

                                                                                                                  

Jauna,

Profitatzen niz okasione on huntaz bi hitzen erraiteko. Zure Jaunaren anaiaren berriak izan ditut duela hilebete bat izanen da, hemen hilebete unen ondarrean, bere leheneko buruko minak bethi atakatzen du.3 hilebetez Gallen herrian gerlan ibilirik buruia kasik akhabaturik eta bere gauza guziak kasik emanik dago.  Baditu zenbeit esklaboak, urrixak eta kotsak.  Kasik oro izan ditu present, badu ere mando bat eta zamari bat izanak present. Mandoak balio du 40 thalariak, zamariak 60 menturaz. Bere leheneko mandoa erosia 11 th. hemen da zuretzat igorria.  Neguia finitui da hemen duela 20 egun. Gizon hau itzultzen da honat hanbat fite. Gondarretik 10 egunez ethortzen da.  Nahi baduzu zerbait hemendik. Igorrazu diru, zeren gurea finituia baita. Gizon hau hanbat ona da; igortzen baduzu norbait berekin ez da behar eman 4 edo 5 th. baino gehiago pajako.

Nahi baduzu jende bideko hanbat bada hemen eta merke.

 

            Zuk igorri bileta 200 thalarientzat ez da ethorri hunat; erran duzu Mr. Tipel ezarriko zuela barnean letre Alexandriakoa izen duela. Zure anaiak ere: bainan zabaldua menturaz Mr. Tipelek igorri dio Massoako gubernorari, ikusazu.

Othoitzen zaitut beiratzeaz xispa batentzat edo pistolet edo sabre, hemen kasik jende guziek ibiltzen dituzte beti armak,  nik nuen txispakoa Anaiak eman du general Goxuri bere adiskideari, berekin da depuis 6 fevrier, 8 mois.

Detyosmot Goxu jauna da erregea herri Godjameco. Erraiten du emanen dioela bere erresumaren erdi balin badu egon berekin, bainan gezurra da hori, ez erdia, menturaz 10gerrena, orai fite hanbat gerla izanen da.

Zure anaia jaunak hanbat bilhatzen du txispa bat Elephantaren hiltzeko hemen behar dute hil. Elephanta edo liona edo beste .

Dominique Borda, zure zerbitzari humila bethi.

 

Beste gutun honetan ageri denez Domingok bere partetik anaien arteko berri-emaile eta bitartekari lanak egiten zituen.

Gojam aldetik etorria zen Arnauld, eta berriro bertara itzultzeko Tigray eskualdetik iragan behar zuten, baina Nibe, hemengo gobernadoreak ez zituen aurrera joaten utzi. Hau dela eta erabaki zuten hobe zela bakoitza bere aldetik  abiatzea gehien interesatzen zitzaizkion parajeetarik, eta gutunez komunikatzea elkarren beharra eta premia ezinbestekotzat jotzen zutenean.

Anton berriro kostaldera itzuli zen, Bizen mendia igo eta neurtzeko asmotan. Garaiko aurreiritzi europarren eraginez oraino karabina bizkarrean zeraman, eta halako batean erorketa baten ondorioz irtendako bala batek begietan zauritu zuen lazki, oftalmia mingarri bat sortuz, honek ez ziolarik abandonatu guztiz Etiopiako bidaia osoan.

Hasieran ez zuen ia deus ikusten, eta medizinaren sendagarriek ez zioten batere balio eritasuna goxatzeko. Joan zen, beraz, lehenik Aden‑era mediku bila, hemen azaroaren hamarrean moilatuz.  Ez erremedio berezirik ez eta hobekuntzarik ediren ez zuenez, ahalik eta azkarren bapore ingeles batean El Kairo‑rantz abiatu zen, Hodeydah‑en eskala eginez.

Hodeydah-ek Itsas Gorriko kostan dauden beste herrien antza handia du, eta ur aski sakonak bertan aingura hondoratzeko. Halere, kapitainak aingurak hondartzatik kilometro

 

batera bota zituen. Batel tipietan hondartzaratu ziren eta hemen beren bizkarrak eskaini zizkioten gazte batzuek oinetako eta jantziak busti ez zitzan, baina jakin zutenean giristinoak zirela mespretxuz alde egin zuten berehala aldamenetikan eta oinak uretan sartu behar izan zituzten eta arropak busti. Arnauld, bi etiopiarrak eta laurok bazihoazen fardel eta poltsekin

eta aurreko egonaldian ezagutu  Petros merkatari giristinoaren etxera jo zuten. Hau, ordea, memento hartan musulmanen erasoen beldur zen eta atean behin eta berriro jo behar izan zuten ireki aitzin. Behatu zuen karrikan norbait ba ote zegoen eta ziurtatu zenean inor ez zebilela inguruan, sarraraziz esan zien:

‑ Barkaidazue, baina ni naiz hiri honetan giristino bakarra eta izuak hilko nau, fanatikoek nere eskuei urrea dariela gameluen titiei esnea bezala uste baitute.

‑ Ostatu emanen al diguk?

‑ Konprenituko duzue, egoera honetan ezin dut.

Ez zien utzi, bada, zokorik ttipiena ere atseden hartzearren, eta Jussef Effendi notablearengana jo zuten. Honek abbadiatarrek zeramatzaten bi morroiak saltzea proposatu zien. Bata hamabi urteko mutil ilmorma zen eta bestea Chawa‑n sortutako hogeita bost urte inguruko gazte sendoa. Ezezkoa eman zioten, noski. Halere, atseden hartzeko pausaleku bat bilatu zien.

Antonek egunero azokara eramaten zituen bi morroiak erositako janariak karreia zitzaten, eta ohartu zen mundu guztiak mesfidati behatzen zituela eta mesfidantzaren errua berak zuela, ez baitziren aurkeztu lehen mementotik hiriko buruzagiarengana zor zitzaion errespetua eskaintzera. Arnauld-ek erosketa zenbait egin zituen ere plazan, hala nola beste gauza zenbaiten artean Pertsiako tapiz benetan ederra La Mekara zihoan pelegrin bati modu merkeaskoan.

Erabaki zuten azkenean bereiztea, eta Arnauld Jeddah‑era zihoan bitartean Anton El Kairorako lehen untzian enbarkatu zen. Bidean, harri eta zur gelditu zen itsasuntzian zihoazen beltz batzuek portugesez kantatzen entzun zituenean. Ofizial batek argitu zion, ordea, beltz haiek, antzina esklabo izandakoak, itsaso zabalean preso harrapatuak izan zirelarik baporeko makinetan labeak bizten lan egiten zutela, gau eta egun, inoiz atsedenik hartu gabe. Antonek bere baitan gogoetatu zuen labekari aske haien egoera esklabo izan zirenekoa baino askoz okerragoa zela, egoera tamalgarri batetik miserableagoa zen beste batera igaro baitziren, askatasuna lortu arren Itsaso Gorria garai haietan Ingalaterrarren menpe zegoen eta handik

 

zebiltzan frantses bidaiari guti batzuei oztopo eta traba besterik ez zieten ipintzen ingelesek, eta ondorioz hauek bizia arriskuan zeukaten ia beti.

El Kairora iritsitakoan Pruner jaun doktoreak erremedio eta errezeta batzuek aholkatu zizkion. Hauek arindu zioten zertxobait begietako mina eta hobetu bista. Berarekin zihoan Domingo morroia eri baitzegoen ere, ez zitzaion egoera hartan batere lagungarri, eta eritasuna

zertxobait hobetutakoan Frantziara bidali zuen, Audaux jauregiko zalditegia, lurrak eta abereak zaintzeko aginduaz.

Aden‑era itzuli zenean, hemen gelditua baitzen Arnauld-ekin, zitadelako gobernadore ingelesak egonaldia eta bizitza pairaezina egin zion, eta begi eritasunaren egoera oso ona ez zenez Afrikako kostaldean dagoen Barbera‑ko portuan anaia itxaroteari hobetsi zion, barbaro haiek ingeles agintariek baino sentimendu eztiagoak adieraziko zizkiotelakoan, ezen kontua zen, Heines kapitainak zabaldurik zuela ez bakarrik ez zebilela benetan itsu, baizik eta bista oso ona izateaz gain frantses espioia zela.

Pentsatzen zuen ere Antonek Barbera‑tik Harar lurraldean barrena Ilmorma‑ra irits zitekeela beste arruta berri bat irekiz.

Zaintzen zuen buruzagi somaliarrak baldintza bat soilik ipini zion alde egiten uzteko, hau da, Aden‑go agintarien baimena, baina honek Antonen gutun‑eskaerari ezezkoa eman zion eta ondorioz, bertakoen Antonenganako joera eta tratua guztiz okertu bide zen. Harar‑eko arruta itxi egin zitzaion, beraz, eta anaia bila etorria zitzaionean erabaki zuten helburuak lortzeko, lehenik Afar tribuen lurraldeetarik iraganen zirela Sawa‑ko Estatura, higuin baitzioten Tigray lurraldetikan igarotzeari, hemengo buruzagiek bidaia‑eskubidea hain modu txar eta garratzez eragotzi eta oztopatu zietenez gero.

Abendua Barberah-en iragan zuten, beti galdezka etiopiar parajeetaz, eta Tujurra, Afar lurraldeko portuan aingura bota zutenean mila zortzi ehun eta berrogeita bateko urtarrilaren hemezortzian, astelehenez, ontzian gelditu zen Anton bere begietako eritasunak bigarren erasoa jo baitzion ia guztiz itsuturik.         

Hiri honetako buruak ongi errezibitu zituen hasieran, baina jakin zuenean nongoak ziren, berehala adierazi  zien ezin zutela han gelditu, eta bere agindua bete zezaten notable guztiak bildu zituen eta haien aurrean esan belak jaso behar zituztela eta handik alde egin.

Denen harridurarako, ordea, Arnauld-ek esan zien ezetz, ez zirela joanen, hondartzan hilko bazituzten ere, alabaina hala gertatuko  balitz laster iritsiko zirela itsasontzi handi batzuek mendekua pairaraziko zietenak.

 

Buila eta zalaparta handiko solasez kexa eta kexa aritu ziren.Azkenean Arnauld-en kaskagogortasunaz bentzututa erabaki zuten Abbadiatarrak desenbarkatzen uztea, eta ingeles agintariei adieraztea kontra erabili zuten bortizkeria, zein, ziotenez, Aden‑go itunaz geroztik  gogoz kontra eta beldurrarengatik soilik erabiltzen zuten.

Hiru hilabete pasatxo igaro zuten Tujurra‑n eta bertakoak heien kausaren alde irabazi zituzten denbora honetan, azkenerako legeak beste modu batean ikusten zituztelarik.

Honelako kasuetan, ziotenez, Sultanak bere boterea gerlari buru baten baitan utzi behar izan zuen eta mezularia bidali zuten Aden‑era Itun haustearen adierazpenarekin. Gobernadore ingelesak berehala ajente armeniar bat igorri zuen guri arruta ixteko agindu eta asmo bakarrez.

Nola Afar‑tarrek jada Arnauld-en bizia erasotua zuten, ohartu ziren bai Tujurra‑n bai eta Barberah‑en buruan sartua zeukatela dagoeneko, betidanik bidaiarien eskubideenganako errespetuan heziak izan arren, non‑nahi eta nola‑nahi europar bat hil zezaketela. Susmoak, tamalez, bete egin ziren, zeren bai Afar‑tarrek bai eta Zomel‑tarrek laster ingelesen odola isurtzen hasi ziren.

Abbadiatarren ustez ingelesek baino arrazoi gehiago edukitzeko modu bakarra, hauek baino lehenago lurralde haietan sartzea zen, eta batik bat, hobeto ikertzea mundu ezezagun hura.

Beraz, maiatzaren hamahiruan ilargiaren irteerarekin itsasoratu ziren eta hamabostean  Hodeydah-en sartu ziren arratsaldean, hego haizeak, hemen azyab deituak, iparrekialdetik ongixko astindu baitzituen. Kamaran‑en eta Luhayyah-en porturatu ondoren Massawa‑ra uztailaren hamarrean, larunbatez, iritsi ziren,Tigray‑ra itzuli asmoz.

Bazekiten bertako herri xumea beraiekin zutela, eta Wibe buruzagia, gutxienez Naturari hurbilago zegoenez  ingelesak baino adeitsuago gertatuko zitzaien esperantza zeukaten.

Estatu hauetarik sartzeko abbadiatarrek alde zuten Ras Ali‑ren lurraldeetarik iragan behar zutela, eta Gojam‑go partean ibilia zenean Arnauld jada Goxo buruzagiaren adiskide handia bilakatua zela, eta hau, bestalde, Ilmorma tribu zenbaitekin harreman onetan zegoela. 

Abba Gabra fraideak zioenez Oromo tribuko Wallo‑tarrek oso harrera ona egiten zieten atzerritarrei, eta hauek ostatuaz gain ostalariaren emazteaz gozatzeko aukera izaten omen zuten.