Agosti Chahoren obraz

Patri Urkizuk egindako hausnarketak Chahoren bizitzaz eta obraz Argia.com-en.

UNEDeko errebistan idatzitako artikuluak

Patri Urkizuk 1992az geroz Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca-n argitaratutako artikuluak euskal literaturaz.

‘Zazpi andere ospetsu euskal teatroan’, aitzin solasa

 

AITZIN SOLAS

 

              ZAZPI ANDERE OSPETSU. Hamaika ere bazitezkeen, baina saio honen mugen eraginez  zazpiren irudiak aurkeztu gogo ditut soilik. Erregina eta printzesak, ezkondu, ezkongai eta alargunak, ezti, krudel, eder, boteretsu, eta mendekuzale … Ospetsu, adimen zorrotzeko eta balio zenbaiten arabera eredugarri.

              Bortizkeriez eta injustiziez beterik den gaurko gizartean, herrialde batzuetan erabat menperaturik bizi arren, besteetan zenbait andere gero eta esku  handiagoa hartzen ari da arlo guztietan, munduaren etorkizuna beren erabakiz baldintzatzen dutelarik gero eta  sakonago. Antzina ere bazen horrelakorik.

              Johannes Boccaccius idazle hirurehundarrak De claris mulieribus deitu lanean ehun eta lauen bizitza irudiak pintatu zizkigun. Irudimenak eta Errealitateak sortu andereak. Hasi Ebarekin eta Napoliko Joana erreginarekin amaitzeko. Hitzaurrean zioenez, in eximiam mulieribus sexus laudem ac amicorum soladum, alegia, emakumeen laudoriotan eta adiskideen atseginerako burutu eta izkiribatu zituen ixtorio haiek, zeinak, modu apalean idatziak, andere bertutetsuen irudia zabaltzen, ezagutarazten eta maitarazten entseiatzen ziren.

              Zabalkunde honetan lagundu zuen Christine de Pisan veneziar andereak frantsesez bermoldatu zuenean latinezko obra, Cité des Dames (1405) berrizendatuz, non gizarte maila guztietako emakumeei bidea irakatsi nahiz, beren bertuteez edo ekintza heroikoez fama eta ospe irabazi zuten damak biltzen ziren.

              Aurkezpen honetan, ordea, ez da ikerketa historiko sakonik egingo ez eta zenbait jaidura erreibindikatzaileren ildotik andereen laudoriotan eta gizonen laidotan neurrigabeko deusik idatziko. Zazpi andere ospetsuren alde on eta txar, ospel eta eguterak, ilun-argiak aztertzen saiatuko gara nola halako kronologia bati jarraiki.

              Lehenik bi pertsonaia bibliko, Esther eta Judith, Testamendu zaharrak aurkezten dituen eran, Israel herriko salbatzaileak, mendez-mende antzerkigile anitzentzat sormen hazi eta goi-arnas izan direnak. Ondoren Erdi Haroko hiru, Urtsula, Joana Arkekoa, eta Magalona. Bi lehenetarik bat martir gisa eta bestea sorgin modua hil zituzten, hirugarrena, aldiz, behartsuen laguntzaileen eredu gisa ematen zaigu. Seigarrena Ekialdekoa dugu, Farrukhnaz, Kazmirako printzesa, zeina ez den sortu Mila eta bat gau liburu miresgarriaren eta ixtorio liluragarrietarik jasota Sherezade bezala, baizik eta Louis XIVaren interpretea izan zen François Pétis De la Croix idazleak asmatu Mila eta bat egun eleberritik. Zazpigarrena eta azkena Joanes Leizarraga berazkoiztarraren obraren mezenas izan zen Nafarroako erregina, Joana Albrete hautatu dugu mintzagai.

              Hasiera batean pertsonaia ospetsu hauen gora-beherak eta ixtorioak kreatzaileek garaian ohiko ziren literatura generoetan irauli zituzten, zein poesia eran, zein eleberri moduan, zein antzerki gisara ageri zirenak. Euskal antzerkigileak gaia bermoldatu bide du eta denak teatralizatu egin ditu, drama edota tragedia bilakatu, eta honela aurkitu ditugu andere hauek euskaraz mintzo direla.

              Amodioak eta gorrotoak eraginik, sentimenduz eta pasioz beteriko ahots horiek dituzu hemen zureganatu ditugunak, irakurle, laket izanen zaizkizulakoan.