‘Unnen taberna’

 

 

            IGANDE hartan Madriden suertatu nintzen. Bakarrik negoen eta egun osoa niretzat neukanez gero patxada osoz orduak eta eguna igarotzeko erabakia hartu nuen. Esnatu nintzenean eta eskumutturreko erlojura behakoa bota nionean oraindik goiz zela ohartu nintzen eta loti alferrarena eginez irratia biztu nuen ezkerrerantz mugituz tekla. Ordu erdi bat begiak itxita, goxo-goxo izara zuri artean eta manta beroen pean igaro nuen jauzi bat egin eta aski da esan  nuen arte.

            Hortzak krema zuriz estali eta ikasitako moduan garbitu, beheiti-goiti eta goiti-beheiti. Bizarra moztu krema zuria eskuz hedatu ondoren masailean, eta dutxa freskagarria hartu, ongi neurtuz xanpua, orain ur beroa, ez hain beroa, eta bukatzeko ur hotzez astinalditxo bat. Toaila goxoz lehortu, bizarrondorengo lozioaz igurtzi plaxta-plaxta bi masailetan eta  orraztu ondoren betiko eran banoa ohiko arropa garbiz, eta leihoak ideki ondoren kalera.

            Madrideko kale zaharrek badute igande goizeetan halako xarma berezia. Ez da beribilen zaratarik entzuten. El País erosi nuen kioskoan. Idekita topatu nuen lehen tabernan sartu nintzen lasai mahaitxo batean eseri eta laranja zumoarekin batera kasfesnea eta txurroak dastatzeko asmoz.

            Munduko gora-beherak ezin okerrago dihoaz. Gerra Afganistanen, gerra Iraken, gerra Afrikan, eta gu hemen behale lasai gisara. Eduardo Haro Tecglenen zutabetxo labur, estu, zorrotz, ezkor eta adimentsua irakurri dut mundu zabaleko berrien aurrean, albiste ilun eta tristeetan gehiegi sakondu nahi gabe.

            Ordaindu eta goizeko eguzki printzen epela gozatu nahirik banoa Moyano aldapan gora, liburu kaxetetan geldituz eta denboraren poderioz erdi lizundu, erdi horixkatu diren liburuxka merkeak gainbegiratuz.Hain da aukera haundia, ordea, eta ene poltsikoa hain urria, ezen nahi nituzkeen liburu guztiak erosteko adina dirurik ez daukadan. Musika eta bertso zaharretan, folklore iker lanetan aditua den zokoan gelditu naiz apurtxo bat eta Aita Donostiaren edizio zahar bat erosi dut. Ez da merkea, baina eztare oso garestia. Honekin gaurkoz ase dudala liburu zaharrekiko nire barrengo gutizia eta gogoa, uste dut.

            Erretiroko parkean sartu naiz. Jendea, txandalez jantzia, korrika batera eta bestera, izerdi patzetan. Astia aprobetxatu nahiz edo, etekina beraien denborari.Gero hortxe omen datoz belauniko eta xurmioko okertzeak, ez dakit nongo zain-tiratzeak, lehertzeak eta bihotzekoak. Ez al da, bada, ederrago, pasealari presarik gabekoen gisan ibilalditxo luze eta arin bat ematea, zuhaitzak, jendea, jolasean ari diren haurrak, futbolean dabiltzan sudamerikanoak, begi-niniei plazer emanez kontenplatzea eta dastatzea?

            Ordu pare bat banabilela lasai eta barne-gogoetak beren bidea egiten ari dira nire buru ganbaretan. Uhartez-uharte ari zait nabigatzen gogoa eta hamaika egitasmo sortzen zaizkit itsas-ondotik ur azalera bere abiadura propioa hartu nahirik bezala, baina jakinik aldez aurretik sekulan ez direla gauzatuko ahal izanen, eta beren etorkizuna iluna dela, hitsa, ezerezean amiltzea.  

            Bazkaltzeko garaia iritsi zait, eta fino bat azeitunekin Etxegarai kaleko La Venencia taberna zaharrean, horma zaharkitu eta duela menderdia baino gehiago zuritu gabean zintzilikatuta dauden posterrak behatu ondoren, ikusten dut ere delako makila luze ontzitxo estudunaren azpian errepublika garaiko banderatxoa – gorri-hori-more  –ere mantentzen dela, ez dela utopia oraino erabat hil.

            Santa Isabel kaleko ostatu batean igandeko menua hartzera eseritzen naiz, beste begirada bat egunkariaren errebista eranskinari emanez. Zerbeza eskatzen dut, zeren Madrideko eguratsa dela edo ez dakit zer, hemen beste lekunetan baino hobeto, oso ongi sartzen zait garagardoa.Garbantzuak eta inguruneko salda gustagarria dago. Haragi xerra, turnedoa patata eta biperrez jantzia ere ez dago gaizki, eta besterik gabe kafea eskatzen dut.

Kontua ordaindu eta banoa Reina Sofia Museora. Rafael Alberti eta bere garaiari buruzko erakustaldia ikusteko gogoz eta irrikitan nago. Krabelina eta ezpata. Egia esan ez dakit, nola lot daitezkeen bi elementu horiek, baina bai, gerra denean batzuek bi elementu kontrako horiek lotzea lortzen dute. Egia da ere agintariek eta esposizioak asmatzen dituzten komisariek kontrakoak ere intereseko deritzotenean irensteko ahalmen haundia agertzen dutela Non ote da giltza? Dena light egiteko jaidura xarmangarri eta liluragarri horretan, akaso? Erreginari eskainitako hamalaukoak erraiak irauli dizkit, ordea. Irudi eta pintura eder, komentariogile ezberdinen lanak, Albertiren ibilbide politiko, poema liburu, margo, marrazki, antzerki eta fotografiek, osatzen duten katalogo lodikotea erosten dut, museoan begiztatua, lasaiago etxean dastatzekotan.

Orain kargatu xamarra egon arren, Lavapies aldera jo dut baratxetto. Hemen urrats batzuek eman eta ohartu naiz metrondoko ingurunea uhartetxo bat dela, non kantoi bakoitzean jende kolore, jazkera eta hizkuntza ezberdinekoak dauden, baina beraien artean harremanik gabe. Bakoitza bere klanarekin bizi dela. Aldapa beheretik eskuinerantz dihoan karrika eskuin partea da eta ez daude hemen Bilboko Ibaizabalen bokalean bezala aberatsak , baizik eta atzerritarrak, txino, arabiar, pakistaniak beren dendatxo ideki, taberna zulo eta jatetxeekin. Ezkerraldean, aldiz, betiko madrileñoak, kastizoak, mobidako gazteak, ia denak entzuten ditudan solasen arabera, edo musikaz, edo antzerkiaz, edo zineaz edo telebistako ofizioetan murgilduak dabiltzanak. Errairik gabeko ejekutiboen atzaparren pean mugitzen direnak, eta horrela esplotatuak izatea lortzen dutenean bozkarioz beterik direnak, gainera.

 Aingura bota dut arratsaldeko ordu luzeetan eta hau amatatzeko asmoz futbol partida ematen ari den Abadia tabernan sartu naiz. Bete-betea dago. Giroa pil-pilean.Real Madrid –Barcelona ematen ari dira. Une batean Hierrok izugarrizko itsuskeria, sarrera gogor
ra egin dio Rivaldori. Jendearen oihuak. Negro, lárgate.Sácale la tarjeta al negro. Mátalo.Gaztetxo burgeskume batzuek dira horrela ari direnak karraxi egiten auzo langile honetan. Zerbait esan diet agertu nahian falta Madrideko jolakariarena izan dela eta erantzuna azkar eta gogor iritsi zait, Vete a verlo a Barcelona.

Ez dut eztabaidarik sortu nahi eta berez anka egiteari deritzot onena. Aldameneko tabernara sartzen naiz. Vinícola Mentridana. Eseri naiz gaztain zur zaharrezko batean mahai izkinean eta ohartu espazioaz. Lau mahaitxo Bi zutabe eta mostradorean hamaika esaulki gora. Musika andaluza. Neskatxa gazte panpoxak eta mutil lirain, bizardun eta ile luzexta dutenak. Ondoko gaztetxo batek bere ixtorioak kontatzen dizkio neskato intelektual betaurrekodunari, gelditu ginen afaltzera, – dio mutilak- eta lehenbiziko egunean mogoiloi bat kontu kontatu genion elkarri.

Mahaineratzen zait txiribogintsa beltxarana. Ile gorrixka, begi berdeak, titi erreka eder eta jenerostuna, irri eztia. Entsalada eta postretako aker-gazta olioztatua eskatu dut Solaguen ardoz bustitzekotan. Une honetan bi gizon adineko sartu dira tabernan. Bat ezaguna dut eta aurkezpenak egin ondoren mahaira gonbitatzen ditut, aretoan ia ez baita jada lekurik.

Italiako gora-beherak kontatzen ari zen ezezaguna edo ezagun berria, eta bi Italiak, iparra eta hegoa berexi ondoren, Aragoeko koroak eta espainolak Napolin, Sizilian izan zituzten harremanez mintzatu zitzaigun.Baita ere Veneziako jauregi, eliza, etxe zahar, kanaltto, tabernetako  ardo zuriz eta tortilla pintxoez. Regata hitza beste asko bezala ere espainolek beraiengandik hartua daukatela. Bologniako parte zaharraz, jateko moldeaz eta antzeaz ere mintzatu ginen, eta ardo erronda bat joan eta bestea etorri ia Italia osoko arte eta ezagutzen genuen historiatxoari errepasoa eman genion.

Pintorea baitzen solaskidea, adierazi nion zenbat miresten nituen pinturaz bizi ziren margolariak, zeren eta benetan gogorra iruditzen zait erosleen esperantzan bizi izate hori. Manuel Palacios zen mintzalaguna eta Italian egiten omen zituen erakustaldiak esan zidan. Frankoren diktadurapean Partido Komunistako kide izandako hala nola presondegiko garaiaz eleztatu zitzaigun.

Une batean tabernako jabea, Unn izeneko emakume heldu dotorea, suediarra etorkiz inguratu zitzaigun eta beste erronda batera gonbitatu gintuen. Bere bizitzako zenbait pasaiatxo ere kontatu zizkigun hala nola bere herrixkatik hemezortzi urte zituela Parisera joan zenekoa. Animatua baitzegoen kanturen bat edo beste saiatu genuen, baina ez ozenki. Berak Iparraldeko Itsaso hotzetara zihoazen marinel kanta zahar bat ere abestu zigun, gogoz gelditu nintzelarik jakin nahian zer zioten balea biltzaile haien hitzek.

Gau orduak aurrera zegiten heinean taberna husten zihoan eta halako batean eztabaidan bizian sartu ziren gazte batzuek. Egin ez genien arren kasu handirik bat inguratu zitzaigun eta ea musika arabiar haren  ordez, ez ote genuen musika judu edo sefardirik. Bera judua ote zen galdetu genion eta baietz erantzun zuen modu txarrez. Unn-ek ihardetsi zion musika aukera kontuak zerbitzarien esku gelditzen zirela eta haiei eskatzeko. Haserre samar joan zen, etorri bezala, ez baikenion gogoko zuen erantzunik eman, nonbait.

Derrepentean han ikusten ditugu judua eta moro antzeko gazte lirain bat builaka eta elkarri alkandoratik helduz. Gu, kezkaturik, mahaitik ere altxatu ginen horrelako okasioetan ospa egitea edo urruntzea izan arren aholkugarriena. Unn-ek esan zien horrela sesioari jarraikitzen bazioten poliziari deituko ziola. Ez da erraza honelako memento haietan, jendea leporaino zurrutak jota daukanean, arrazoirik zuzenenak bilatzea baretu daitezen. Astelehen goizeko ordu txikietan sartuak ginen, eta moroak judua karrika estura gonbitatu zuen desafioka, le voy a cortar las piernas, zioen.

Jakin-guraz gelditu ginen zer ote nahiko zuen harekin, alegia, zangoak moztuko zizkiola perpausarekin, agian guk akabatu edota garbitu hitzen pareko izango zen. Lasaitzeko eskatu genion. Beraiekin zegoen marimutila hantxe dantzari baten manerez, zirin-zaran  zebilen, suspirioak boteaz, ipurdia sutan. Halako batean, hantxe bertan, moroa, palestindarra zena, lurrean zetzan, dardarez, hil zorian. Unn-ek polizia deitu zuen eta gu erretiratu egin ginen.

Gau hartan ametsetan gizon gazte bat ageri zitzaigun lurrean espaloin bateko kantoiean burua zintzilik eta bihotzaren erditik galipote koloreko odola zeriola.