‘Maite kuttuna’-k hautsak harrotu zituenekoa

ETB1eko egungo programazioari kritikak egin dakizkioke, egongo dira ikusleak esango dutenak iraganeko garaiak hobeak zirela. Baina iraganean ere egon dira salatzeko moduko saioak. ‘Maite kuttuna’ foiletoi mexikarrak, adibidez, hautsak harrotu zituen 2006. urtean. Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, programaziotik berehala kenduko lukete ziur aski.

Hona saioaren auziaz 2006ko uztailaren 29an BERRIAn argitaratu zen artikulua:

‘Maite kuttuna’, ez hain kutuna
Uda honetan, ETB1en, ‘Maite kuttuna’ foiletoi mexikarrak betetzen du 20:55etik 21:25erako tartea. Ikus-entzule askok programaren aurkako iritziak zabaldu dituzte azkeneko asteetan.
URTZI URKIZU
Donostia
Ez da iritzi bakar bat izan, edo bi edo hiru. Azkeneko asteetan, ugariak izan dira ETB1eko Maite Kuttuna telesailaren aurka zabaldu diren iritziak. Mexikoko foiletoia haurrentzako programa da, eta zabaltzen dituen balioen gaineko kezka handia dute ikus-entzule askok.
Urtarrilaren 23an estreinatu zuen euskarazko kateak Maite Kuttuna, Dultzemaria neskatilaren istorioak jasotzen dituen telesaila. Orain dela gutxi hil zaio ama Dultzemariari, eta aitak mojen ikastetxe batera eramango du. Betizu saioaren barne, astelehenetik ostiralera 19:00etan eman zuten telesaila, ikasturtea amaitu bitartean. Udan, aldiz, 20:55etik 21:25era ari dira ematen. ETBk emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4-12 urte bitarteko haurren artean %46,8ko audientzia izan du saioak ikasturtean, eta %32,6koa, uztailean.
Gatozen orain helduen kritiketara. EHUko sei psikopedagogiako ikaslek maiatzean BERRIAra igorritako gutunak gogor salatzen zituen saioaren mezuak: «…Telenobela honetan emakumeen eta gizonen arteko harremanetan, emakumeak desio objektu gisa ageri dira eta gizonaren boterearen menpe. Emakumearen helburu nagusia ezkontzea izanik. Non dago gaur egun bultzatzen ari garen generoen arteko berdintasuna?». Horrez gain, gutunean, «erlijioari estuki lotutako hezkuntza» ageri zela nabarmentzen zuten. «Non dago aniztasuna, integrazioa eta askatasuna bultatzen duen eskola?».
Iluntzeko ordutegira heldu zenean, Yolanda Arrietak bere Maratila eskaini zion egunkari honetan Maite kuttuna-ri: «…neskatoak atso zaharren pare hizketan hasi ziren foiletoia medio: aitaren nobia, lagunaren zeloak, ama berriaren haurdunaldia eta korapilo emozional horren erdian, neska txiki bat, maite kuttuna. Hala bada, egun batez, telebista aurrean eseri eta begira egon nintzen, neure begiz frogatzeko aspaldiko haur programarik eskasena genuela etxeko katean…». Arrietak dei zuzena egin zion ETBri: «Nik ez dakit zer egin behar den halako produktu ustel bezain pozoitsuak behin betiko deusestatzeko. SOS, EITB: maite kuttun gehiagorik ez, mesedez».
«Bushen mezuak ETBn» titulatu zuen Eukene Mujikak bere gutuna uztailaren 13an: «Jarri neskato bat, familia aberats bat, emakume otzanak, kristautasun atzerakoia, eskola sexu-segregazionista, pobreekiko errukia (limosna ematera mugatzen dena, noski)… Egungo belaunaldia makurtu ezin baduzu, makurtu hurrengoa».
Gaiak eman du zer esana blogosferan. www.berria.info-ko blog batean jasoa da honako iritzi hau: «Telesail honetan egiten diren komentario matxistak edo aberats munduaren barruko bizitza nahiko surrealista geratzen dira… eta ez dut uste haurraren heziketarako egoera kritiko bat izan daitekeenik. Baina, nork salatu ditu, haur askok ikusten duen Goenkale-n azaltzen diren indarkeria eta tratu txarrak?». Beste bisitari batek, bide beretik: «Dultze Mariarena penagarria da, baina konparazio batera, Shin Chanek erakutsi pitxiak erosten baizik laketzen ez duen ama-etxekoandre akonplejatu eta histerikoaren irudia kaltegarriago da».
Beste gutun bat, kezkaz betea, Amaia Etxeberriak bidalitakoa: «Gurea delako, guk ordaintzen dugulako, gure umeen kalterako delako, ETBko zuzendaritzari eskatzen diot, arren, ken dezala behingoz programa hori gure kate publikotik. Manifestazioak egiten hasi behar ote dugu?».
uurkizu@berria.info

Zenbakia
%46,8
Maite Kuttuna estreinatu zenetik ikasturtea bukatu bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4-12 urte bitarteko haurren artean %46,8ko batez bestekoa izan du (19:00etan). Uztailean, %32,6ra jaitsi da ehunekoa (21:00etan).

Leave a Comment

*