‘Maite kuttuna’-k hautsak harrotu zituenekoa

ETB1eko egungo programazioari kritikak egin dakizkioke, egongo dira ikusleak esango dutenak iraganeko garaiak hobeak zirela. Baina iraganean ere egon dira salatzeko moduko saioak. ‘Maite kuttuna’ foiletoi mexikarrak, adibidez, hautsak harrotu zituen 2006. urtean. Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, programaziotik berehala kenduko lukete ziur aski.

Hona saioaren auziaz 2006ko uztailaren 29an BERRIAn argitaratu zen artikulua:

‘Maite kuttuna’, ez hain kutuna
Uda honetan, ETB1en, ‘Maite kuttuna’ foiletoi mexikarrak betetzen du 20:55etik 21:25erako tartea. Ikus-entzule askok programaren aurkako iritziak zabaldu dituzte azkeneko asteetan.
URTZI URKIZU
Donostia
Ez da iritzi bakar bat izan, edo bi edo hiru. Azkeneko asteetan, ugariak izan dira ETB1eko Maite Kuttuna telesailaren aurka zabaldu diren iritziak. Mexikoko foiletoia haurrentzako programa da, eta zabaltzen dituen balioen gaineko kezka handia dute ikus-entzule askok.
Urtarrilaren 23an estreinatu zuen euskarazko kateak Maite Kuttuna, Dultzemaria neskatilaren istorioak jasotzen dituen telesaila. Orain dela gutxi hil zaio ama Dultzemariari, eta aitak mojen ikastetxe batera eramango du. Betizu saioaren barne, astelehenetik ostiralera 19:00etan eman zuten telesaila, ikasturtea amaitu bitartean. Udan, aldiz, 20:55etik 21:25era ari dira ematen. ETBk emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4-12 urte bitarteko haurren artean %46,8ko audientzia izan du saioak ikasturtean, eta %32,6koa, uztailean.
Gatozen orain helduen kritiketara. EHUko sei psikopedagogiako ikaslek maiatzean BERRIAra igorritako gutunak gogor salatzen zituen saioaren mezuak: «…Telenobela honetan emakumeen eta gizonen arteko harremanetan, emakumeak desio objektu gisa ageri dira eta gizonaren boterearen menpe. Emakumearen helburu nagusia ezkontzea izanik. Non dago gaur egun bultzatzen ari garen generoen arteko berdintasuna?». Horrez gain, gutunean, «erlijioari estuki lotutako hezkuntza» ageri zela nabarmentzen zuten. «Non dago aniztasuna, integrazioa eta askatasuna bultatzen duen eskola?».
Iluntzeko ordutegira heldu zenean, Yolanda Arrietak bere Maratila eskaini zion egunkari honetan Maite kuttuna-ri: «…neskatoak atso zaharren pare hizketan hasi ziren foiletoia medio: aitaren nobia, lagunaren zeloak, ama berriaren haurdunaldia eta korapilo emozional horren erdian, neska txiki bat, maite kuttuna. Hala bada, egun batez, telebista aurrean eseri eta begira egon nintzen, neure begiz frogatzeko aspaldiko haur programarik eskasena genuela etxeko katean…». Arrietak dei zuzena egin zion ETBri: «Nik ez dakit zer egin behar den halako produktu ustel bezain pozoitsuak behin betiko deusestatzeko. SOS, EITB: maite kuttun gehiagorik ez, mesedez».
«Bushen mezuak ETBn» titulatu zuen Eukene Mujikak bere gutuna uztailaren 13an: «Jarri neskato bat, familia aberats bat, emakume otzanak, kristautasun atzerakoia, eskola sexu-segregazionista, pobreekiko errukia (limosna ematera mugatzen dena, noski)… Egungo belaunaldia makurtu ezin baduzu, makurtu hurrengoa».
Gaiak eman du zer esana blogosferan. www.berria.info-ko blog batean jasoa da honako iritzi hau: «Telesail honetan egiten diren komentario matxistak edo aberats munduaren barruko bizitza nahiko surrealista geratzen dira… eta ez dut uste haurraren heziketarako egoera kritiko bat izan daitekeenik. Baina, nork salatu ditu, haur askok ikusten duen Goenkale-n azaltzen diren indarkeria eta tratu txarrak?». Beste bisitari batek, bide beretik: «Dultze Mariarena penagarria da, baina konparazio batera, Shin Chanek erakutsi pitxiak erosten baizik laketzen ez duen ama-etxekoandre akonplejatu eta histerikoaren irudia kaltegarriago da».
Beste gutun bat, kezkaz betea, Amaia Etxeberriak bidalitakoa: «Gurea delako, guk ordaintzen dugulako, gure umeen kalterako delako, ETBko zuzendaritzari eskatzen diot, arren, ken dezala behingoz programa hori gure kate publikotik. Manifestazioak egiten hasi behar ote dugu?».
uurkizu@berria.info

Zenbakia
%46,8
Maite Kuttuna estreinatu zenetik ikasturtea bukatu bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4-12 urte bitarteko haurren artean %46,8ko batez bestekoa izan du (19:00etan). Uztailean, %32,6ra jaitsi da ehunekoa (21:00etan).

Xabier Euzkitzeren hitzak 2005. urtean

Hainbat elkarrizketa egin dizkiogu urteotan Xabier Euzkitzeri. Horietako bat ‘Sorginen laratza’ saioaren amaieran egin genion, Zarautzen, 2005ean. Orduan esan zituen kontu batzuk baliagarriak izan daitezke 2018rako ere. Hona elkarrizketa osorik:

2005-06-23

XABIER EUZKITZE x ETB1-EKO ‘SORGINEN LARATZA’ SAIOKO AURKEZLEA
«ETB1ek zuzendari propioa behar du»

Datorren astelehenean amaituko da behin betiko ‘Sorginen laratza’. Urteotan programak egin duen bidea «oso positiboa» izan dela azaldu du Xabier Euzkitzek, baina bere burua «zukutzera» behartu duela.
URTZI URKIZU – ZARAUTZ
Goiz goibel batean bildu da Berria Xabier Euzkitzerekin (Azpeitia, 1966). «Goibel» dago Euzkitze bera ere, Sorginen laratza-ren amaiera dela eta.
Ziklo garrantzitsu bat ixten al da zuretzat Sorginen laratza-ren amaierarekin?
Bai, dudarik gabe. Arlo profesionalean, niretzat ziklorik garrantzitsuena izan da. Saioa nire erronkarik gogorrena izan da, ilusioz hartu nuena, baina ahalegin handia eskatu dit, eta neure burua zukutzera behartu nau. 490. atalera helduko gara, eta zuzeneko fikzio asko duen halako saio batentzat ez da erraza.
Zer balorazio egiten duzu saioaren ibilbideaz?
Nik neure buruari dezente eskatu behar izan diot. Albistegietan, albiste gehienak telepronterran irakurtzen nituen. Sorginen laratza-n mugimendu eta aldaketa asko egin behar izan ditut; elkarrizketa serio batetik esketx bateko pertsonaiei oinak ematera jauzi egin, erregistro aldaketak eta halakoak berriak ziren niretzat. Saioaren balantzea oso positiboa da, eta katearentzat garrantzitsua izan da. Programak euskal ikusleari ohiturak aldatzea eskatzen zion, 22:30etik aurrera telebista euskaraz ikusteko ez baitzegoen ohiturarik.
Zertan saiatu zarete urteotan?
Saio eroa egiten ahalegindu gara, apurtzailea. Batzuetan asmatu dugu, eta beste batzuetan ez. Zenbaitetan, askoz gehiago eman ez genezakeen sentsazioa ere izan dugu, euskal mundua bera murritza delako eta euskal hiztunak gutxi garelako. Iaz bukatzea ere ez zen ezustekoa izango. Hala ere, uste dut erakutsi dugula euskaraz umorea egitea posible dela.
1.200 gonbidatutik gora izan duzue. Zer elkarrizketa dituzu gogoan?
Gure artetik joan direnak batik bat: Imanol Lartzabal, Diego Garcia, Jon Idigoras eta Felix Iñurrategi. Idigorasekin izan genuena zoragarria izan zen.
ETBko egungo aurkezle asko Sorginen laratza-tik pasatu dira, ezta?
Bai, harrobi lana egin dugu. Jende berri ugari aurkitu dugu. Adibidez, Estitxu Fernandez gonbidatu gisa eraman genuen eta komunikaziorako berezko gaitasuna zuela ikusi genuen. Baina harrobi lana egiteak ekarri du gure harribitxiak beste saio batzuetara eramatea, Klaudio Landa eta Estitxu Fernandez kasu. Hala, une onenetara iritsi garenean, gehien balio zuten piezak galdu ditugu.
Gidoilari onak aurkitzeko zailtasunik izan al duzue?
Erredakzio lanetan gidoilari bikainak izan ditugu, adibidez, Oscar Terol, Kike Diaz de Rada eta Nagore Aranburu. Hiru horiek eraman egin dizkigute, eta hustu bat izan dugu. Sekulako arazoa dago euskal gidoilariak aurkitzeko. Hain egoera bihurrira iritsi gara, non euskaraz ez zekiten gidoilariak kontratatu ditugun.
Nolako saioa izango da astelehenekoa, azkena, alegia?
Errealizazioan ahalegin handia egingo dugu. Dekoratua erabat berria izango da, eta arriskatuz bukatuko dugu. Bestetik, Miren Fernandez, Maribel Nogales, Anabel Arraiza eta Estitxu Fernandezekin ariko naiz kantuan.
Itziar Azpeitia saioko zuzendariaren arabera euskaraz entretenitzea oso zaila da. Zergatik?
Oscar Terolek, adibidez, badaki bere saioan egin ditzaketen zenbait gauza gurean ezin zituela egin. Ikus-entzule berberak gauza batzuk euskaraz ez ditu onartzen. Gainera, umorea eta edozer gauza euskaraz egiteak askoz ahalegin handiagoa eskatzen du. Lan berbera erdaraz, ahalegin erdiarekin ere, bi aldiz gehiago luzituko genuke.
ETBn euskarazko katearen inguruko hausnarketa prozesuan daude. Zein da zure iritzia ETB1 kateari buruz?
ETB1ek bere zuzendari propioa izatea garrantzitsua izango litzateke. ETB1en interesak bakarrik defendatuko dituen figura behar du ETBk. Bi kateei begira egon beharrak ez du onik egiten. Bestetik, pena hartzen dut ETB1en maila ona eman duten aurkezleak ETB2rako hartzen dituztenean.
Iritzi emaile batzuk saioa gogor kritikatu dute azkenaldian. Zer diozu?
Kritikak zilegi dira. Kontuan izan behar da azken denboraldian hutsetik hasi behar izan duen jendearekin aritu garela, asko eskatzen zuen tren batean sartuta. Hasierako freskotasunik ere ez dugu.
Joan den asteko saioan publikoko neska bati honako proba hau jarri zenioten: 200 euroren truke galtzak jaitsi eta ipurdiarekin dozenaka jogurt haustea. Dena al da zilegi?
Guk jolasak proposatzen ditugu, beste kate batzuek egiten duten bezala. Kontua da euskaldunoi gehiago kostatzen zaigula halakoak egitea. Hori ez da ikusleak lortzeko modu zabar bat.
Zer proiektu dituzu orain?
Pilota emanaldiekin jarraituko dut, baina telebistarekin lotutako proiekturik oraingoz ez dut. Ikusiko da datorren denboraldian etxeak zer behar dituen.

 
Euskarazko kateko aztia

Azpeitiarra jaiotzez, Zarautzen bizi da egun. Txikitan hasi zen bertsotan, eta 15 urterekin eskolarteko txapela irabazi zuen 1998an utzi zion plazaz plaza aritzeari. Batxilergoa amaitu eta berehala, 17 urterekin, Euskadi Irratitik pilota emanaldiak egiteko deitu zuten. ETBn, berriz, 1987. urtean hasi zen Hi heu gazteentzako saioan. Kirolei eta albistegiak aurkezteari ekin zion ondoren. Argazkigintza eta korrika egitea maite du, baina batez ere semearekin egotea.