SMSak telebistan negozio zirenean

2005. urtea zen, eta telebistako hainbat saiotan telefono bidezko SMS mezuek tartea berezia zuten. Egungo sare sozialak ez zeuden oraindik. Gauzak asko aldatu dira orduz geroztik, nahiz eta ez diren hainbeste urte igaro. Hona 2005eko otsailean Berrian argitaratu genuen erreportajea:

Sakelako telefonoetako mezuak telebisten azken negozioa
SMS MEZUAK. Telebista kateek saio ugaritan ematen dute mezuak bidaltzeko aukera, eta, hala, irabazi handiagoak eskuratzen dituzte

URTZI URKIZU – DONOSTIA
P
antailaren beheko aldea hitzez bete da. Ikus-entzule batek Políticamente incorrecto-ko gonbidatu Arnaldo Otegi zenbat gustatzen zaion edo gorroto duen idatzi du. Bide batez, txorakeriaren bat zabaldu du. Saio horretara urtarrilaren 26an 913 mezu bidali dituzte ikus-entzuleek.
Halako milaka mezu iristen dira telebistako saioetara egunero. Azkeneko bi urteetan modu ikusgarrian areagotu da joera hori. Euskalteleko iturriek Berriari azaldu diotenez, «SMS mezuen negozioa hasiera batean uste zen baino handiagoa bilakatu da». Telebista kateak, horretaz ohartuta, mota guztietako programetan mezuak bidaltzeko aukera jarri dute. EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Elkarteko abokatu Mikel Muñozek dioenez, mezuen artean aldeak daude: «Ezberdina da kate publiko batera mezuak bidaltzea edo kate pribatu batera bidaltzea; gauza bera gertatzen da deiekin. Legearen arabera, kontsumitzaileak une oro jakin behar du zenbat kostatzen den deia edo mezua». Euro bat inguru kostatzen da mezu bakoitza. EKAko kidearen arabera, duela urte batzuk iruzur asko egon ziren, 900 telefono zenbakiekin. SMS mezuekin antzeko zerbait gerta daiteke, baina iruzurrak ez dira hain handiak. «Ezarritakoa baino gehiago kobratuz gero, kontsumitzaileak salaketa administratiboa jar dezake Informazio Gizartearen Telekomunikazio Estatu Idazkaritzan. Zalantzak dituenari kontsumitzaile elkarteetara jotzea gomendatzen diogu», dio Muñozek. Nafarroako Gazteluko Plazako kontsumitzaile elkarteko Maribel Martinezek, era berean, telebistako mezuen negozioaren arrastoa bilatzea ia ezinezkoa dela aitortu du. «Ikaragarria da mezuetan dagoen negozio paraleloa eta kateen nagusikeria oso indartsua da. Telefono zenbakiak ematen dituzte edozein txorakeriatarako, eta askotan mezuen prezioa ezin da irakurri», dio Martinezek. «Gai honek, batik bat, jende gazteari eragiten dio, beraiek baitakite sakelako telefonoen hizkuntza. 12-25 urte bitarteko gazteek babes gutxi dute, eta zorroztasun handiagoa egon beharko luke», adierazi du Gazteluko Plazako elkarteko ordezkariak.
Irabaziak eta komunikazioa
Sakelako telefonoetako mezuen irabaziak telebista kate eta operadoreen artean banatzen dituzte. Kasuan kasu, portzentajea aldatu egiten da. Euskalteleko iturriek diotenez, operadoreak tresna hutsak izaten dira eta telebista kateek bultzatu ohi dute jendea mezua bidaltzera: «Horrenbestez, negozioa telebistentzat da, batik bat».
ETBko iturriek, bestetik, SMS mezuen negozioaren inguruan oso iritzi ona dutela adierazi dute. «Parte-hartzea bultzatzen da: batetik, ikus-entzuleen leialtasuna lortzen da eta, bestetik, komunikazio zuzena lortzeko baliabide egokia da». Iaz, ETB2ko La noche de zinema saioan 112.883 mezu jaso zituzten, eta ETB1eko pilota partidetan, 63.217 mezu. Políticamente incorrecto saioan ere pozik daude jasotako mezuekin (600-700 mezu inguru astero). ETBk SMS mezuak bidaltzea bultzatuko duela iragarri du: «Aproposak diren saio guztietara zabalduko ditugu SMS mezuak, oso esperientzia ona izan baita. Bestetik, legea betetzen dugu eta, legeak eskatu bezala, mezuak zenbat balio duen argi azaltzen da telebistan».

Datua
444.971

Igoera handia: 2003. urtean ETBn 114.121 SMS jaso zituzten, eta urtebeteren buruan kopurua laukoiztu egin zen. Hala, 2004an 444.971 mezu jaso zituzten. Iaz, La noche de saioan 112.883 SMS izan ziren, pilota emanaldietan 63.217, La flecha amarilla saioan 30.905, Sorginen laratza magazinean 26.533, Basetxea-n 26.291, Esta es mi gente-n 23.934 eta Vaya semanita-n 23.656. Arnaldo Otegiri orain gutxi egin zioten elkarrizketan 913 mezu bidali zituzten ikus-entzuleek.

Leave a Comment

*