Hamahiru urte, Mikel Garmendia gabe

Mikel Garmendia Agirre (Ordizia, Gipuzkoa, 1945eko urtarrilaren 22a – Donostia, 2005eko abuztuaren 6a). Gogoan ditugun euskal aktoreen artean, kutunenetakoa da. Nerabe nintzela ezagutzeko aukera izan nuen. Haren semearekin jokatzen genuen saskibaloira. Eta partidaren batean agertzen zenean, Garmendia aitak jartzen zuen umorea aparta zen. Beroketetako ariketekin beti egiten zuen txantxaren bat. Umoretsua baitzen oso Mikel Garmendia.

2004ko abenduan, aktorea elkarrizketatu nuen, ETBk egin zion omenaldiaren harira. Hemen berreskuratuko ditugu Garmendiaren hitzak.

MIKEL GARMENDIA x AKTOREA
«Pertsonaia guztietan saiatu naiz bihotzaren zati bat jartzen»

Antzerkian, zineman eta telebistan bide arrakastatsua egin du Mikel Garmendiak. Osasun arazoengatik erretiratuta dago.
URTZI URKIZU – DONOSTIA
Abenduaren 3an Olentzero begi gorri jaialdia egin zuten Donostiako Kursaal aretoan, eta, han, Mikel Garmendia aktore ordiziarra omendu zuten. Eguberri egunean ETB1 katean emango dute jaialdia (21:00etan).
Zer suposatu du zuretzat ETBren omenaldia jasotzeak?
Poz handia hartu nuen, nahiz eta gauza hauek ez didaten grazia handirik egiten. Onartu behar da bihotzez egindako ekitaldi bat izan zela, eta horrela hartu nuen. Beti da estimagarria norbait zurekin gogoratzen dela ikustea .
Jaialdian zure bizitzaren kontakizuna egin zuten, irudi eta soinu muntaiaren bidez. Iñaki Beraetxe izan zen narratzailea, Irungo Musika Fundazioko Orkestraren musikaren laguntzaz. Polita izan al zen jaialdia?
Bai, oso ederra. Ez nuen espero eta ez nekien halakorik egiten zenik. Esan zidatenez, duela bi urte Contrapunto taldea eta iaz Jose Mari Iriondo omendu zituzten. Dena ondo joan zen, hunkigarria eta atsegina izan zen.
Zer eman dizu ETBk urteotan?
Naizenaren parte handi bat behintzat, bai. ETBk dudarik gabe nire irudia goraipatu du, eta aukera eman dit maite izan ditudan lanetan parte hartzeko. Eskerrak ematea besterik ez dut.
Denboran atzera eginaz, Antzerti eskolan 1982an sartu zinen. Orduan erabaki zenuen aktore lana hartzea. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Lehenengo belaunaldia gu izan ginen. Esperientzia berria zen niretzat, nahiz eta ordurako 37 urte nituen. Aldaketa handi bat suposatu zuen niretzat. Baina pauso hori eman nuen aktore lana asko gustatzen zitzaidalako, eta ez naiz horretaz inoiz damutu. Oso onuragarriak izan dira aktore urteak.
Antzerkian, ‘Ama begira zazu’ eta ‘El florido pensil’ lanekin arrakasta handia lortu zenuen.
Bai, zortea izan dut, egin ditudan lan gehienak nahiko arrakastatsuak izan baitira. Nik neronek meritu txikiren bat izango nuen, eta gauzak ondo etorri ziren antzerkian.
ETBn saio askotan parte hartu duzu ‘Bai Horixe’-n hasi zinenetik. Nola joan da ETBko ibilbidea?
Gure hasiera Bai Horixe-n izan zen eta saio horri eskerrak eman beharko dizkiogu bai nik bai nirekin ibilitako jende askok. Gure iturria eta bultzadatxoa eman ziguna izan zen. Carlos Zabalak eta Eneko Olasagastik eginiko telesail gehienetan parte hartu dut (Bi eta bat, Jaun eta jabe…), eta oso arrakastatsuak izan ziren. Bestetik, Banan banan umeentzako saioa gidatu nuen.
‘Goenkale’ telesailan urte askotan bete zuen Joxe Mariren rola. Zergatik uste duzu telesaila hainbeste urtetan mantendu dela?
Zerbait izango du; jendeak, behintzat, oso ondo hartu zuen. Goenkale-n parte hartu dugun guztiontzat aberasgarria izan da. Artistikoki onuragarria izateaz gain, lan segurantzia ematen zuen. Ni Goenkale-n nengoela gaixotu nintzen eta harrez gero nahiko makal nabil.
Orain ikusten al duzu ‘Goenkale’?
Noizean behin bai, baina ez naiz jarraitzaile sutsua. Gauza asko daude egiteko eta denera ezin da iritsi. Esan nahi nuke Goenkale-n soka ona datorrela atzetik.
Zein izan da zure ibilbidetik pertsonaia gogokoena?
Asko, pertsonaia guztietan jartzen duzu bihotzaren zati bat. Balantxasen rola Kareletik filman asko gustatu zitzaidan, baita Hamaseigarrenean aidanez-eko Kornelio ere bai. Zineman oso gustura aritu nintzen.
Euskarazko zinemarik ez da egin azkeneko urteetan. Zergatik?
Herri txikia gara. Zinema industria bat da eta jendea ez da hain erraz arriskatzen. Zinemak publikoa behar luke, ondo babestua.
Ikus-entzuleek zu maitatu izana sentitu al duzu?
Bai. Asko nabaritu izan dut hori. Jendea oso ondo portatu da beti nirekin, eta eskerrak eman behar ditut.
Nola gustatuko litzaizuke jendeak Mikel Garmendia gogoratzea?
Bere eginkizuna asko maite izan duen aktore baten moduan. Nire akats guztiekin eta agian dohainen batekin ahal dudana egin izan dut, harrokeria handirik gabe.

Leave a Comment

*