Hamahiru urte, Mikel Garmendia gabe

Mikel Garmendia Agirre (Ordizia, Gipuzkoa, 1945eko urtarrilaren 22a – Donostia, 2005eko abuztuaren 6a). Gogoan ditugun euskal aktoreen artean, kutunenetakoa da. Nerabe nintzela ezagutzeko aukera izan nuen. Haren semearekin jokatzen genuen saskibaloira. Eta partidaren batean agertzen zenean, Garmendia aitak jartzen zuen umorea aparta zen. Beroketetako ariketekin beti egiten zuen txantxaren bat. Umoretsua baitzen oso Mikel Garmendia.

2004ko abenduan, aktorea elkarrizketatu nuen, ETBk egin zion omenaldiaren harira. Hemen berreskuratuko ditugu Garmendiaren hitzak.

MIKEL GARMENDIA x AKTOREA
«Pertsonaia guztietan saiatu naiz bihotzaren zati bat jartzen»

Antzerkian, zineman eta telebistan bide arrakastatsua egin du Mikel Garmendiak. Osasun arazoengatik erretiratuta dago.
URTZI URKIZU – DONOSTIA
Abenduaren 3an Olentzero begi gorri jaialdia egin zuten Donostiako Kursaal aretoan, eta, han, Mikel Garmendia aktore ordiziarra omendu zuten. Eguberri egunean ETB1 katean emango dute jaialdia (21:00etan).
Zer suposatu du zuretzat ETBren omenaldia jasotzeak?
Poz handia hartu nuen, nahiz eta gauza hauek ez didaten grazia handirik egiten. Onartu behar da bihotzez egindako ekitaldi bat izan zela, eta horrela hartu nuen. Beti da estimagarria norbait zurekin gogoratzen dela ikustea .
Jaialdian zure bizitzaren kontakizuna egin zuten, irudi eta soinu muntaiaren bidez. Iñaki Beraetxe izan zen narratzailea, Irungo Musika Fundazioko Orkestraren musikaren laguntzaz. Polita izan al zen jaialdia?
Bai, oso ederra. Ez nuen espero eta ez nekien halakorik egiten zenik. Esan zidatenez, duela bi urte Contrapunto taldea eta iaz Jose Mari Iriondo omendu zituzten. Dena ondo joan zen, hunkigarria eta atsegina izan zen.
Zer eman dizu ETBk urteotan?
Naizenaren parte handi bat behintzat, bai. ETBk dudarik gabe nire irudia goraipatu du, eta aukera eman dit maite izan ditudan lanetan parte hartzeko. Eskerrak ematea besterik ez dut.
Denboran atzera eginaz, Antzerti eskolan 1982an sartu zinen. Orduan erabaki zenuen aktore lana hartzea. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Lehenengo belaunaldia gu izan ginen. Esperientzia berria zen niretzat, nahiz eta ordurako 37 urte nituen. Aldaketa handi bat suposatu zuen niretzat. Baina pauso hori eman nuen aktore lana asko gustatzen zitzaidalako, eta ez naiz horretaz inoiz damutu. Oso onuragarriak izan dira aktore urteak.
Antzerkian, ‘Ama begira zazu’ eta ‘El florido pensil’ lanekin arrakasta handia lortu zenuen.
Bai, zortea izan dut, egin ditudan lan gehienak nahiko arrakastatsuak izan baitira. Nik neronek meritu txikiren bat izango nuen, eta gauzak ondo etorri ziren antzerkian.
ETBn saio askotan parte hartu duzu ‘Bai Horixe’-n hasi zinenetik. Nola joan da ETBko ibilbidea?
Gure hasiera Bai Horixe-n izan zen eta saio horri eskerrak eman beharko dizkiogu bai nik bai nirekin ibilitako jende askok. Gure iturria eta bultzadatxoa eman ziguna izan zen. Carlos Zabalak eta Eneko Olasagastik eginiko telesail gehienetan parte hartu dut (Bi eta bat, Jaun eta jabe…), eta oso arrakastatsuak izan ziren. Bestetik, Banan banan umeentzako saioa gidatu nuen.
‘Goenkale’ telesailan urte askotan bete zuen Joxe Mariren rola. Zergatik uste duzu telesaila hainbeste urtetan mantendu dela?
Zerbait izango du; jendeak, behintzat, oso ondo hartu zuen. Goenkale-n parte hartu dugun guztiontzat aberasgarria izan da. Artistikoki onuragarria izateaz gain, lan segurantzia ematen zuen. Ni Goenkale-n nengoela gaixotu nintzen eta harrez gero nahiko makal nabil.
Orain ikusten al duzu ‘Goenkale’?
Noizean behin bai, baina ez naiz jarraitzaile sutsua. Gauza asko daude egiteko eta denera ezin da iritsi. Esan nahi nuke Goenkale-n soka ona datorrela atzetik.
Zein izan da zure ibilbidetik pertsonaia gogokoena?
Asko, pertsonaia guztietan jartzen duzu bihotzaren zati bat. Balantxasen rola Kareletik filman asko gustatu zitzaidan, baita Hamaseigarrenean aidanez-eko Kornelio ere bai. Zineman oso gustura aritu nintzen.
Euskarazko zinemarik ez da egin azkeneko urteetan. Zergatik?
Herri txikia gara. Zinema industria bat da eta jendea ez da hain erraz arriskatzen. Zinemak publikoa behar luke, ondo babestua.
Ikus-entzuleek zu maitatu izana sentitu al duzu?
Bai. Asko nabaritu izan dut hori. Jendea oso ondo portatu da beti nirekin, eta eskerrak eman behar ditut.
Nola gustatuko litzaizuke jendeak Mikel Garmendia gogoratzea?
Bere eginkizuna asko maite izan duen aktore baten moduan. Nire akats guztiekin eta agian dohainen batekin ahal dudana egin izan dut, harrokeria handirik gabe.

ETB1en eta ETB2n film bat aldi berean emateak azaleratu zituen datuak

2005eko urtarrilaren 1ean egin zuen esperimentua: film bat aldi berean ETB1en eta ETB2n eman. Datuak argigarriak izan ziren, eta ETBk ez zuen berriro saiakera errepikatu. Gaur egun halakorik eginez gero, ez dakigu zer gertatuko litzatekeen. ETB2ko datua txikiagoa litzateke ziur aski, baina gaztelaniazko emanaldiak puntu askotan gaindituko luke euskarazkoa. Hona 2005eko urtarrilaren 4an argitaratutako artikulua:

2005-01-04

Harry Potterren saiakera.

AUDIENTZIAK
‘Harry Potter eta sorgin harria’: ETB1en %1,8 eta ETB2n %37
Urteberri gauean bi kateetan batera eman zuten filma, eta oso argigarria da zer gertatu zen

URTZI URKIZU – DONOSTIA
Urtarrilaren 1ean, ETBk, bere historian lehenengo aldiz, film bat euskaraz eta gaztelaniaz emititu zuen ordu berean, bere bi kateetan: Chris Columbus zuzendariaren Harry Potter and the Sorcerer’s stone. ETBk orain arte euskarazko katean estreinatu izan ditu film garrantzitsuenak, euskararen alde jokatuz. Iragarki ugari eman zituzten filmaren berri emateko, eta Urteberri egunean bertan programa bereziak eman zituzten bi kateetan.
ETBko iturriek Berriari adierazi diotenez, «Euskal Telebistak aspaldian lortu duen film onena da Harry Potter eta sorgin harria, eta horregatik erabaki zuen bi kateetan batera ematea, merezi zuelakoan». Dena dela, ETBk adierazi du oraingoz ez duela halakorik berriro egingo.Hala, filmaren emanaldiak audientzia datu argigarriak utzi ditu. Ikus-entzule asko bildu ziren gaztelaniazko zinta ikusteko, baina euskaraz oso jende gutxik ikusi zuten filma. ETB1en %1,8ko portzentajea baino ez zuen lortu Harry Potter eta sorgin harria-k (katearen batez bestekoa %5,3 da), eta ETB2n %37ko audientzia izan zuen (katearen batez bestekoa %17,1 da). Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak dira horiek, Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak ez baitituzte ematen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.000 lagunek ikusi zuten filma euskaraz, eta 302.000 lagunek gaztelaniaz iaz film bakar batek ere ez zuen izan halako datu onik.
Igandean ETB1en emititu zuten Etxekoak telefilmak ikus-entzule gehiago izan zituen Harry Potter-en euskarazko emanaldiak baino hiru aldiz gehiago.

P 2004KO AUDIENTZIAK
Tele5 da ikusiena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2004. urtean Tele5 Espainiako kate pribatua izan da ikusiena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (Nafarroako daturik ez dute ematen). Bi urte baino gehiago dira Tele5 lurralde horietan liderra dela, eta inoiz baino sendoago dago, %26,4ko batez bestekoarekin. Oso urruti daude TVE1 (%17,6), Antena3 (%17,5) eta ETB2 (%17,1). ETBko gaztelaniazko katea 1,8 puntu jaitsi da, iazko datuekin alderatuta. ETB1 kateak, berriz, 2004 urtean %5,3ko batez bestekoa izan du. La2 katea ikusleen %6,4k ikusi dute, eta Canal Plusek %1,7ko audientzia izan du joan den urtean. ETB1 kateak lau eta hamabi urte bitarteko haurren artean du arrakastarik handiena, eta Betizu saioa liderra da adin tarte horretan. ETB2n Teleberri albistegia lider dela nabarmendu daiteke.
Bestetik, Tele5 katea liderra da Katalunian. TV3 kateari aurrea hartu dio Espainiako kate pribatuak azkeneko urtean (%20,9). Galizian ere ikusiena da Tele5 (%23,9ko batez bestekoa).Espainiako telebistaren historian lehenengo aldia da kate pribatu bat urteko ikusiena izan dena: Tele5 (%22,1). TVE1 kate publikoak lidergoa galdu zuen joan den urtean, eta bigarren lekuan da orain (%21,4). Eta hirugarren lekuan, nahiko gertu, Antena3 katea dago (%20,8). Horrnenbestez, oso alde txikia dago Espainian hiru kate nagusien artean. Telebista kontsumoak gora egin du 2004. urtean, eta ikus-entzule bakoitzak 218 minutu pasatzen ditu egunean telebistaren aurrean (hiru ordu eta erditik gora). Publizitateak ere gora egin du (%6 inguru).

Euskarazko lehen telebista Interneten

Blai gazte telebista jarriko dute martxan egunotan Interneten. Telebista Internet bidez egitea ohikoa da egun, baina noiz egin zen halako lehena euskaraz? 2004ko apirilean. Hala topatu dugu Berriako hemerotekan. Proyección ekoizpen etxeak sortu zuen euskarazko lehen telebista Interneterako. Hona 2004ko apirilaren 3an argitaratutako artikulua:

Euskara hutsezko lehenengo sareko telebista sortu dute: ‘euskaraz.tv’
Proyeccion ekoiztetxeak eginiko webguneak doako bost telebista kanal eskaintzen ditu

URTZI URKIZU – DONOSTIA
Internet bidezko euskarazko lehenengo telebista jarri du martxan Bizkaiko Proyeccion ekoiztetxeak. Aurretik gaztelaniazko webgunea egiten zuen Proyeccionek, eta orain euskarazkoa jarri dute sarean.
Gerardo Fernandez proyeccion.tv eta euskaraz.tv guneen zuzendariak proiektua nola sortu den azaldu dio Berriari: «2001. urteko abenduan hasi zen funtzionatzen www.proyeccion.tv. Euskarazko informazioa ez genuen non sartu, www.euskaraz.tv egitea erabaki genuen arte. Iaz egin genuen webgunearen diseinu grafiko eta teknikoa, eta lehenengo probekin hasi ginen».
www.euskaraz.tv helbidean doako bost kanal eskura daitezke: albisteak, hitzaldiak, turismo erreportaiak, erakusketak eta Zabalik kanala. «Oraingoz, Zabalik kanal hori da diru iturri nagusia. Erakunde eta enpresei aukera ematen diegu beraien ekitaldietarako informazioa sar dezaten: hitzaldiak, prentsaurrekoak, agiri ofizialak, elkarrizketak eta abar. Erakunde horiek ordaindu egin behar dute informazioa Zabalik kanalean sartzeagatik. Gainerako edukiak barne ekoizpenekoak dira», adierazi du webguneko zuzendariak.
Etorkizunean, erronka handiagoak etorriko dira
Euskaraz.tv ikusi ahal izateko, gutxienez Pentium2 bat behar da, eta RealVideo programa ez duenak euskaraz.tv-tik jaitsi dezake, bideoak ikusteko.
«Hedabideetan islarik ez duten alor soziologiko kulturalak webgunean sartzen ahalegintzen gara», dio Fernandezek. Proyeccionek, ekoiztetxea den neurrian, etorkizunean saioak egiteko asmoa du. «Urte askotan ETBrentzat egin dugu lan, eta noizean behin lanen bat egiten dugu eurentzat. Ideia haztea da. Autofinantzan aurrera egiten dugun heinean, erronka handiagoei egingo diegu aurre. Telebista saio bat egiteko plato bat beharko genuke eta beste mota bateko edizio bat», esan du Fernandezek. Une honetan soilik bideoak ematen dituzte bi webguneetan. «Bestalde, banda zabalari begiratu behar zaio. Diseinuetan aurrera egiten dugun neurrian, banda zabalak aurrera egin beharko du kalitate irudi hobea eskaini ahal izateko. Baina oraingoz diru asko eta esfortzu handia beharko litzateke beste proiektu handiagoetan sartzeko», adierazi du Fernandezek. «Enpresa txikia gara, eta espero dugu erakundeetatik erantzuna izatea, publizitatea jar dezatela», dio euskaraz.tv-ko zuzendariak.

Berriak 15 urte. Pello Sarasola, 2003ko azaroan

Berriaren 15 urteotan egindako elkarrizketa eta artikulu batzuk jasoko ditut datozen egunotan. Kasu batzuetan, komunikazio gaiak nola aldatu diren biltzeko edo gure artean dagoeneko ez dauden pertsonak gogoratzeko. Ez dugu nostalgiaz busti nahi, baina agian baten batentzat interesgarria izan daiteke duela urte batzuk Berrian jasotakoa.

Aurreneko elkarrizketa 2003ko azaroren 14an Pello Sarasola zenari egindakoa. 2015eko uztailaren 2an hil zen Sarasola, eta estimu pertsonal handia nion. Hona duela hamalau urte luze hark ETBko kontuei buruz esandakoak:

2003ko azaroaren 14a.
PELLO SARASOLA ETBKO PROGRAMAZIO BURUA
«Audientzia bezain garrantzitsua da ikus-entzuleen balorazioa»

Zortzi urte dira Pello Sarasola ETBko programazio arduraduna dela. Telebistako joera berriak gertutik jarraitzen ditu.
URTZI URKIZU – DONOSTIA
Telebista merkatua ondo ezagutzen duela nabari zaio Pello Sarasolari, ematen dituen erantzunetan. Beste kateetan gustatzen zaizkion produktuak daudela aitortu du, baina «ETBren aurrekontuekin ezin dira egin».
Duela zortzi urte izendatu zintuzten ETBko programazio zuzendari. Zer programazio mota zegoen lehen eta zein oinarri ditu oraingoak?
Zortzi urte hauetan lehia asko hazi eta estutu da, orain askoz ere operadore gehiago daudelako. Merkatua askoz banatuagoa dago. Edukien aldetik, eguneroko albistegiek edozein kateren oinarri gisa jarraitzen dute. Orain egiten den telebista askoz ere egunerokoari lotuagoa da eta, zentzu horretan, irratiari lekua jan dio. Beste alde batetik, lehen kanpoan erosten ziren zinemak eta futbolak orain garrantzi txikiagoa dute lehiakortasunean. Egun, entretenimenduzko barne ekoizpenak lekua hartu die esklusiba handiei. Lehen futbola ez ziren kirolek tarte gehiago zuten. Jendearen arazo gordinak ere asko ateratzen ziren. Orain ildo nagusiak reality-ak eta komedia dira.
Euskal Telebistak zerbitzu publikoari ala audientzia datuei egiten die kasu gehiago?
ETB zerbitzu publikoa denez kalitate irudiari begiratzen dio, baina baita audientziari, produktibitateari eta autofinantzaketari ere. Audientzia datuak bezain garrantzitsua da jendeak programez egiten duen balorazioa.
Joan den denboraldian ‘Blue planet’ bezalako kalitateko saio batek datu onak eman zituen. Bide horretatik jarraituko al duzue?
Guretzat produktu idealenak dira horiek, Blue planet edo Euskal Herria: lau haizeetara. Horrelakoak aurkitu behar ditugu, baina oso-oso zaila da. Jendeak telebistan bi gauza nahi ditu, informazioa edo aisialdia. Aisialdiarekin zerbait erakusten den irudipena baduzu askoz hobe. Horrelako zerbait lortzen duzunean urre zuria daukazu.
ETB1en hainbat programa azaldu dira azkenaldian ‘prime-time’ ordutegian. Zer balorazio egiten duzu horietaz?
Nahiko kontent gaude, baina ez erabat asetuta. Basetxea-k, adibidez, lortu du audientzia bat eta irudi bat. Jendeak eskertzen du beste kateetan egiten den formatu bat geureratzea. Guk batik bat gazteengana iritsi nahi dugu eta Basetxea-k hori eman digu. Bizizaleak saioak ere datu onak eman zituen eta halako zerbait egitea aztertzen ari dira beste kate autonomikoetan. Agur, Ben Hur lehiaketak aukera asko ditu itzultzeko. Begia gose-rekin ere gustura gelditu ginen. Audientzia eta balorazio ona lortu dugu Martin telesailarekin.
Atal berriak izango al dira?
Aztertzen ari gara telesailaren jarraipena.
Urtarrilean hasiko den ‘Barnetegia’ saioaz zer espero duzue?
Espero dugu irudia eta audientzia ematen duen beste reality bat izatea. Beste Basetxea bat izan nahi genuke, baina guztiz ezbedina eduki aldetik.
ETB2n ez al luke lekurik izango ‘Barnetegia’-k?
Oso zaila da. ETB2 gaztelaniaz da eta ETB1 euskaraz. Saio elebidunek oso espazio zaila dute. Agian noizbait planteatu beharko da. ETB2n, bestalde, El Topo-z gain beste reality bat dugu esku artean.
Zein erronka dituzu programatzaile bezala denboraldi honetarako?
Lehenik, azkeneko urteetako audientzia eta irudi oneko saioen moduko bat estreinatzea. Dokumental saio bat izango litzateke, arrakastatsua, prime-time ordutegian eta irudi ona jasoko lukeena. Beste erronka bat da reality bat egonkortzea ETB1en eta beste bat ETB2n. Bestalde, gustatuko litzaidake ETB1eko erreferenteen artean gaueko programazioan beste pare bat sortzea datorren urtean. ETBk euskaraz eginiko film batean parte hartzea ere nahiko nuke. Era berean, ETBk emititzen duen zineman beste pauso bat eman behar dugu.
‘Kutsidazu, bidea Ixabel’ ETBn egingo al da?
Nire ustez euskarazko telesail bat egiteko material zeharo aproposa da.