Kategoriak
Patriren testuak

Anton Abbadiaren Etiopiako Bidaia

  

Zerüko izarren bidia nik baneki,

Han niro ene maite gaztia xüxen khausi,

Bena gaur jagoiti nik hura ez ikhusi.

(Zuberoako herri kanta)

Ez ikusi,

Ez ikasi.

(Abbadia jauregiko atarian)

  

MILA ZORTZIREHUN eta hogeita hamazazpiko urriaren lehenean Antonek  Marseillan Nôtre‑Dame‑de‑la‑Garde‑ko kaperan partitzeko borondateak sutsuki aurkeztu zizkion zeruetako Ama Birjinari, eta  dorreko terrazara igoz Estaque penintsula eta Canaille itsas‑buru artean irekitzen den hiriari azken soa eman. Ehun eta hirurogei metro garai den kaxko honetatik ikusten zituen Belsunce karrikan gaindi merkatariak eta jende multzoak xinaurrien gisa  batetik bestera mugitzen. Itsaso zabaletik porturatzen ziren ontziak hiriaren bihotzean barneratzen baratxe‑baratxe. Judu, armeniar, greziar, italiar eta afrikarren auzoak, hizkera ezberdinetan kalakari, beraz, denda eta tabernetan, non‑nahi entzun zitekeen gisa honetako esan arrunta, hemen denak gara arrotzak.

Egun berean bapore batek Frantziatik urrun eraman zuen. Zerua urdin, garbi eta aratz. Itsasoa ispilu. Arratsarekin batera ezkutatu zitzaion atzean uzten zuen hiri xuria eta une honetan bere lurra abandonatzen duen gizonari sortzen ohi zaion damuaren koska eta ziztada labur baten antzekoa sentitu zuen  barne‑muinen sakonetan. Baina lipar batez soilik iraun zuen.

Mediterraneoko itsas bidai hau, Brasilgoa ez bezala, guztiz atsegina gertatu zitzaion. Baporeko gelak eta egoitzak erosoak ziren eta ongi apailatuak. Bidaiarien giza taldea ttipia baina hauta eta arraia. Egipton garai hartan kontsul jenerala gisa zegoen Charles Cochelet jauna itsasontzian zihoan eta luze elkarrizketatu ziren. Solas bizi‑bizia zuen kontsulak. Irudimen eta jakituri handiz hornitua,  bere hitzarekin batera bai Europan, bai Asian eta bai Afrikan barrena zebilen  Anton plazerez‑plazer eta gustorasko. Frantses  inperioaren leku ezberdin eta paraje miresgarriez mintzo zitzaion, ia orotan ibilia baitzen Mendebaldetik Ekialderaino, bai  bidaiari  arrunt gisa, bai kontsul modura frantsesen interesak zaintzen.

Xake jokoak Siria aldera zihoan  Estatu Nagusiko ofiziale bat ezarri zion aurrez‑aurre. Halaber Esmirnan bizi zen merkatari ingeles batekin jokatu zituen zenbait partida eta bitartean Indiako gora beherez mintzatu ziren. Honen Konpainiak Gange eta Indo ibaien arteko berrogei miloi biztanleko lurraldeak gobernatzen zituen etekin onik atereaz.

Livornon, 1600. urte inguruan Cossimo Lehenak eraiki kaietan, Civita‑Vecchian,  Napoleon Egiptoratu zenean ukitu portuan, eta Napolin gelditu ziren, baina azken honetara arribaturik ezina izan zitzaien desenbarkatzea, kolera izurriteaz joa jarraitzen baitzuen Marseillako hiriak eta Italiako Gobernuak erabakia agindu batez kutsagarria zitekeenez eritasuna, bertatik  zetozen ontzi guztietako bidaiariei lehorrera jaisten ez uztea.

Napoli hiriaren aurrez‑aurre oraino  gauez zerura sugarrak botatzen jarraitzen duen Vesubio sumendia ageri da. Hura bai ikuspegi miresgarria! Baina guztiz haserre dagoenean  beldurgarria ere dateke, bere magaletan diren herri anitz baitu estali behin baino gehiagotan buztin lohitsu eta hauts kiskalgarriez.

Stromboli uharteko sumendiak ere bizirik dirau eta ingurutik iragaterakoan ikus zituzkeen Antonek zeru izarztatuan suzko harriak igotzen eta erortzerakoan eguratsean itzaltzen. Aldamenetik  igaratean antzinako pelegrinek uste baitzuten han zegoela Purgatorioko sarrera, De Profundis, otoitza belaunikaturik ahots goraz ematen ohi zuten. Messina eta Reggio hirien arteko hertsiduran barrena egunez pasatu ziren branka beti hegoaldeari buruz zuzendurik.

Kosta garai eta  harkaitsuz inguratua duen Malta uhartera  iritsitakoan lehorrera jaitsi ziren. Benetan zoragarria da giristinoen eraikuntza hau. Garai batean izaeraz  irla eta gaztelu batera den honetan   zuten  beren kokaleku nagusia erdi‑soldadu erdi‑fraide ausart haiek, mendetan zehar geldiarazi zituztenak Ekialde eta Mendebaldeko musulmanen erasoak.

Espainia eta Alemaniako enperadorea izandako Karlos Vak Maltako zaldunei, hots, Joanes Jerusalemeko ordenako fraideei oparitu zien uhartea, Palestinaratzen ziren erromesen zaintzeari jarrai ziezaioten. Mila bostehun eta hirurogeita hamaikan turkoa garaitzen lagundu zuten, eta 1798an Napoleonek hartu, askatu  eta gobernatu zuen denbora laburrez berriro ingelesek bereganatu arte.

Lehen aldiz konprenitu ahal izan zuen Valettako parte zaharrean barrena, etxeek irudi xarmant eta guztiz erakargarriak sortzen zituzten angelu zuzenetan ebaki karriketan gaindi,  nola lezaketen lilura paraje hauek bidaiaria sorterria, adiskideak, familia ahanzteraino. Lehen ikuspegi eta iritziarren arabera bisitariari Malta uharteko egoitzen arkitektura eta eraikuntza ez

zeritzon ez frantsesa, ez italiarra, ez eta arabiarra, baizik eta beste zerbait, guztiz ezberdina. estilo ezberdinetako saltsa‑maltsa moduko bat, mendebaldeko seriotasun eta egonkortasunari ekialdeari darizkion mugimendu, ukitu eta ttantta arinak  erantsirik.

Bertako Eliza nagusia, noski, bisitatu zuen. Hango hilobiak, marmolezko mosaikoz eraiki gudari ospetsuen hilobiak, armarriz irudikatuak eta harri eder preziosez hornituak zeuden. Haien pean zeutzaten hauts bilakaturik hainbat mendetako zaldun harrokeriak, gizon handienen fatua ere hori baita, azken finean,  ezerezean amaitzea.

Malta osoa zaldun  haien oihartzunez eta oroitzapenez beterik eta jantzirik dagoen arren, Abbadiak bisitatu zuenean aduanetako zergez bere tresor‑kutxak ongiasko betetzen zituen Ingalaterraren menpe zirauen.  Antonen pasaia garaian Komunen Ganbarak  igorritako komisari bat zegoen uhartean herritarren eskaera, kexu  eta doluminak entzuten, zegokien moduan erantzuna emateko. Dena den, Ingalaterrak,  eskabide batzuei amore ematen bazien, justu kupeletik isur zitezkeen tanta eta xorta eskas batzuk besterik ez ziren izanen egarriz ito ez zitezen, eta ez zuen inolaz ere antzinako legediaren arabera bertakoek zeukaten burujabetza, askatasun osoa  beraien esku utziko.

Beste portu benetan atsegin eta ederra, aroa on denean, Syros da. Zikladetako Uharte multzoan dago kokatua. Atenasetik hurbil, bertan Atenas, Konstantinopla eta Alexandriako itsasontziak atseden hartzen dute. Arrada, ordea, irekia du eta arriskuz betea, itsasoa haserre dabilenean gogorki  astintzen baitute uhinek, eta ez da batere erosoa transbordoak egiteko. Antonen bistaurrean  ikatzez beteriko itsasontzi bat ondoratu zen baga handi batzuen eraginez. Pausaleku eta geldiune da beraz, eta hauek  laburrak ohi dira.  Haizeak baretu  eta kalma etorri zenean  itsasora abiatu ziren berriro, Egiptori buruz uharte harkaitz artetarik. 

Alexandriara partiadaren ondorengo bigarren igandean iritsi ziren. Fenelonek bere Telemake eleberrian pintatzen duen bezalakoa agertu zitzaion. Itsasoa bezain behe. Lehenik gisu‑labe batzuetarik zerura altxatzen zihoan ke xuri batez ohartu ziren, eta geroago itsas‑ontzien masta‑basoaz.  Hiria ez zen ia ikusten portu barnean sartu arte, eta oharkabean aurrez‑aurre hantxe aingurak boteak Mohamet‑Aliren flota ederra. Jakina den bezala, 1819az geroz bere armada handiari esker bereganatu nahi izan zuen otomandarren inperio osoa eta erreforma ugari hasi, baina azkenean Bretainia Handiak eta sultanak errenditzea lortu zuten trukean Egiptoko bizerrege izendatuz.

Arjeliako espedizioa Claudel mariskalarekin  jada burutua, Antonen anaia Arnauld zain zegoen Alexandrian, eta alokaturik zeukan etxe batera joan ziren atseden hartzera.

Ostaturako bidean, karriketan gaindi mutil koxkorrek inguratzen zituzten, eta eskua
luzatuz esaten:

‑ Baxix, baxix!

Alegia, limosnatxo bat faborez, bere arabiera eta komentzimendu dohainak frogatu nahian Antonek erantzuten zien:

‑ Mafix, mafix!

Hots, ez zuela deusik, baina anaiak komentzitu zuen hobe zela sos batzuek ematea bati, bakean utz zitzaten, hark uxatuko baitzituen besteak.

Biharamunean moezinaren otoitzekin batera esnatu ziren goizean goiz, eta giristino otoitzak burutu zituen, Abisinietako paraje guztietan katolikotasuna ez izan arren osorik benetakoa, lurralde haietan giristinotasuna zelarik dotrina nagusia gauez lo lasaiago egingo zuen kontsolamenduarekin.

Kontatu zion Arnauld-ek bere bidaian izandako arazoak, hala nola Grezian zegoelarik hainbesterainoko maitasuna adierazten zioten frantsesa zen denarekiko ezen bere sosez ere maitemindu ziren, eta Alexandriara egoera tamalgarrian ia larrutsik iritsi zen. Patxa bisitatu zuenean, diban batean erdi etzanda errezibitu zuen xibuka erreaz, eta Artin-Bey interpretearen bitartez esplikatu zizkion Etiopiarako asmoak.

Dakikegunez, No deitzen zen  antzina Alexandria, gero Alexandro mazedoniarrak, Egiptoz jabetu zelarik  hiri zaharra zabaldu eta bere izena eman zion arte.  Demetrius Phalereas filosofo atenastarrak zuzentzen zuen Biblioteka ospetsuaz ez zen deus gelditzen, hiriarekin batera erre baitzituzten bertako seiehun mila eskuizkribu, musulmanen bizitza zuzentzeko Korana aski zelako. Hura bai izan zela galera tamalgarria, antzinatearen hainbat eta hainbat eraikuntza eder, sakon eta jakintsu hala gizon fanatiko zenbaiten burugabekeria basatiaz hondatu eta galdu baitziren betirako.

Alexandriatik El Kairorako bidea asto, mando eta gameluen bizkarrean egiten ohi zen, edota jerma deitu barku ttipitan,  Mohammed‑Aly‑k bi hiri hauen artean irekiarazi zuen Mabmurdiak kanalean zehar. Lehenik, ordea, Rosetta bisitatu zuten.

Hemen Abu Hassan‑en lorategi ederretarik ibili ziren. Kokondo, platanondo, muxikondo, zitrondo, Arabiako jasminak eta Europan ezagutzen ez ziren zuhaitz eta landare urrintsuen artean. Bide xidorrak errekatxo eta kanalez zeharkatuak zeuden, eta zenbait lekutan Zuberoako paraje basen antza zuen. Hemen, alabaina, zuhaitz eta loreak ematen zuten itzalagatik eta usainagatik landatzen zituzten, eta ez eman zezaketen zur edo fruituengatik.

Abbadia anaiek ontzitto bat hautatu zuten eta fardel, baliza eta ekipamendu guztiak bertan ipini ondoren, bi egunen buruan zenbait jakintsuk Munduko Zazpi Eraikuntza Miresgarrienen artean dauzkaten Piramide famatuak begiztatu eta pixkat geroago iritsi ziren antzina Gion deitzen zen eta orain El Kairo izeneko hirira.

Lehenik Botta jaun kontsularengana joan ziren bisitan, beren asmoen adieraztera eta aholku eske.

Asto biren gainean bazihoazen Abbadia anaiak El Kairon barrena, hiriko murruak igaro ondoren kale hertsietan gaindi. Hemen sentitu zuen lehen aldiz Antonek europear zibilizazioaren hutsunea. Dena zen bizi-bizia eta higi-higia karriketan. Han nahasten ziren konfunditu gabe Patxaren soldadua eta inoiz militar diziplinarik onartu gabekoa, gerriko lodian puinala eta pistolak zintzilik zeramana. El Kairoko musulmana bere burukoihal zuzenaz eta txilaba luzeaz jantzirik, judua buruko beltzaz eta kopetetik zintzilik ilaje barrazkilatuak hornigarri, katolikoa buruko xuri ongi plegatuaz eta tintontzia gerrian, zeinek adierazten zuen jakintsuen mailakoa zela, eta berdintsu jazten zuten armeniarrak, koptoak beren sudur zabal eta ezpain lodiz ezin nahasiak, Esfinjearen pareko, kaba edo konfiantzazko morroiak turkoz jantziak eta mamelukoen gisara setazko gerritik sable uztaiduna zintzilik…

            Denak ziruditen kronika zaharretarik ateratako pertsonaiak, eta Abbadiatarrek erdi aroko hiri batean erabat murgildurik zeudela ohartu ziren. Ofizio ezberdinetako jendeak kale eta gune berdinetan bizi ziren, eta mundu guzti haren soberanoaren indarraren poderioa guztiz ahalduna nabaritzen zen arren, oso gutxitan ausartzen zen han erabiltzera.

Hirurehun dorre ikus zitezkeen masta oihan baten antzera zitadelatik begiratuta El Kairo hirian. Karrika guztiak zeuden m
undu zalapartari batez beteak. Astoak ez ezik, ez ziren falta beduinoek zuzenduriko gameluak, ez eta tximuak dantzari edozein zokotan beren zaindarien aldamenean. Hamaika zoko zakuz beteta eta hamaika mahai gaiez blai eta dena salgai.

Ikuskizunik liluragarriena, ordea, iritsi‑berri batentzat begitartea estali gabe, ilajea aske eta titiak airean dantzan ari ziren raghuaz deitu neskatxen mugimendu lizunkeriaz beteak ziratekeen. Batzar nagusian  halaber, mila denda ezberdin topa zitezkeen eta bertan alfonbrak eta tapizak, zilar eta urretegiak, talabartegi eta zapatategiak, perfume eta usaindegiak, kolore eta usain orotariko espezieriak, oihaltegiak eta jazkindegiak inguru‑minguru.

Saltzaileek ez zuten bakean uzten arrotzik zerbait erosi arte, baina  ohiturari jarraiki gauza guztiak beren prezioaren balioa erdira jaits zitezkeen saiatu eta pazientzia apur bat hartuz gero, gainera ez ziren pozik gelditzen errazegi saltzen bazuen lehen aldiz emandako prezioan, eta gauza bakoitza eskaintzean haren balioa goresten bederen ordu laurdeneko solasa botatzen zuten. Antonek esklabo merkatuan gaztetxo eder eta malerus bati galdetu zion, nolaz iritsia zen egoera hartara eta honek erantzun zion:

‑ Amak egur bila basora afariaren prestatzeko bidali ninduen, eta abarrak biltzen ari nintzela zuhaitz tartean ezkutaturik eta ikusi ez nituen gizon batzuek ahatapatu, lotu eta berekin eraman ninduten. Geroztik behin eta berriro, ez dakit zenbat aldiz saldua izan naizen. Eros nazazu eta zerbituko zaitut ontsa.

Ez zitzaien egoki iruditu abbadiatarrei eta bidaiarako beste erosketa mota zenbait egindakoan, atseden hartzera  ostatura joan ziren eta hemen belaunikoak gurutzaturik, ohitura hartu‑asmoz arabiar poesia‑liburu bat eskuan, eta arabiera‑frantsesa hiztegia aldamenean irakurtzen hasi zen:

Alda zaitez maiz egoitzaz, biziaren eztia aldaketan baitatza… Urtegi batean geldirik dagoenean laster usteltzen da ura, eta hondar hobi baten gainetik igarotzen bada aratz eta garbi ikusiko duzu, baina gelditzen den une berberetik ozpin‑ozpina bilakatzen da.

Oihanetik ez balitz lehoia higituko nola harrapatuko luke bere ehizakia? Fletxa arkutik ez bada urruntzen nola da helmugara iritsiko?

Mehatze barnean datzan urre‑hautsa lastoaren parekoa da eta aloesa bere sorterrian zur arruntaren antzekoa.

Euria ari zuenean, benetako jaia eta bozkarioa zen kairotar pobreen artean. Umeak karriketan lohiz beterik zebiltzan putzutan erdi larrutsik sartu eta plaxta-plaxta apo beltxaranak bailiran ateratzen ziren, oihukatzen zuten bitartean, Nil al‑Mubarak, Nil al‑Mubarak! Alegia, bedeinkatua dadila Nilo.

Nilo ibaia gizendurik datorrenean eta urak garaiak, ertzetik lautadan ageri dira ostertzerainoko baratz urrunak. Palmondoak, sikomorak, arroza soroak non‑nahi. Oro jendez beterik, eta krokodilo batzuek ere bai ibai‑ertzeko zelaietan etzanda eguzkitan.

Egun batez Lur‑Sainduetako fraideen komentura joanak zirelarik abbadiatarrak astiari bere etekina ateratzeko asmotan arabiera hizkuntzako irakasle baten bila, abade nagusiak esan zien:

‑ Begira, hemen dago Giuseppe Sapeto aita, Lazaristen Kongregaziokoa, Sirian arabea ikasia da eta agian aholku onen bat emango dizue.

Sapeto gaztea zen eta sutsua, benetako misiolari katolikoa. Kontatu ziotenean Etiopiarako bidea egiteko asmotan zebiltzala, nola antzina ere beste italiarrak 1400. urte inguruan Antonio Bartoli merkatari fiorentinoa eta Pietro Rambulo sizilianoa paraje ezezagun haietan ibili izan ziren. Gero Berry‑ko dukeak napolitano, frantses eta katalan batez osaturiko   lehen enbaxada igorri zuen lurralde urrun haietara. Bi fraide etiopiarrek parte hartu zutela Firenze‑ko kontzilioan 1441ean, baina ez zetozela zuzenean Etiopiatik Jerusalemeko egoitzatik baizik. Ignazius Loiolakoak, Jesusen konpainiaren sortzaileak, nahi izan zuela ere bertara joan, baina berari ezina gertatu bazitzaion konpainiako jarraitzaileek eutsi ziotela ideiari eta egia bilakatu fundatzailearen asmoa. Pedro Paez misiolari argiak lortu zuela Susenios‑en garaian XVII. mende hasieran honek Erromako garaitasuna onar zezan, baina  Alfontso Mendez‑ek indarra eta bortxa erlijioaren zabalkunderako  erabili zuenez Negusa behartua aurkitu zen bere semeagan abdikatzera eta Fasilides enperadoreak bidali eta desterratu zituela betirako lurralde haietarik misiolariak, hauetariko bi kaputxinok Agathange Vendôme‑koak eta Cassien Nantes‑ekoak martirioa sufritu zutelarik Gondar‑en.  Bazela bi mende jesuitak eta frantziskotarrak bertatik bidali zituztenetik, eta Lurralde Garaietako legediak heriotza zigorpean debekatzen zituela misiolariak han sartzetik, paganismoa eta fanatismorik krudelenetarikoa jabeturik zirela  lehen Kristorena zen erresuma hartan…

Istorioak  berehala piztu  eta kilikatu zuen Sapetorengan martirioaren esperantza eta bere burua bidaide izateko fite eskaini zuen. Beraz, pentsatu zuten Abbadia anaiek bandera eta gurutzea batera, zientzia eta erlijioa elkarturik joan zitezkeela egoki.

Arnauld-ek eta Antonek hautatua zuten negua bidaia hasteko une egoki gisara, baratxe-baratxe ohitzen joatearren beroetara. Portugesekin gerratean ibilia zen Sapetto, El Kairon erdi‑galdurik aurkitu zuten ingeles bat. Ingelesa mister Richards deitzen zen eta topatu zutenean islamera konbertitu nahi zuten bi musulmanengandik ihes ezin eginik zebilen.  Hemen alokaturiko  Ali izeneko morroia,  etxeko betiko zerbitzari Domingo, Arnauld eta Antonek osatzen zuten espedizioa.

Beraz,  Nilo ibaian goiti abiatu ziren, 1837ko abenduaren 25ean Niloko uretarik eskuz hartu eta ahatara edan ondoren, begiak itxiz eta asmo berezi bat adieraziz, alegia, ur haien etorki misteriotsuak aurkitzea.

Bidean utzi zuten bi mila eta seiehun urte Kristo aitzin eraiki ziren Keops, Kefren eta Mikerinosen Gizeh-eko piramideak eta haiekin esfinje ospetsua, hots, erdi‑lehoi, erdi‑gizaki den harrizko irudi digantea. Ezker‑eskuin Memphis, Beni‑Hasam, Tell el‑Amarna, Assiout, Sohag, Abidos eta mila zazpiehun eta hirurogeita zortzian Bruce iritsi zen bezala Qeneh‑en sartu ziren. Hemendik  inguruko Luksorreko tresaurak ikustera joan ziren. Emile Prisse d´Avennes,  garai hartan Edris Effendi  izenpean estaltzen zen egiptologo frantsesaren jauregian ere izan zitezkeen, kasu. Turkiar gisara jantzi arren hau eta abbadiatarrak arabiarren modura, berehala ohartuko ziren frantsesak zirela hirurak, eta bere bizitza gora beherak kontatuko zizkien Effendik kafea hartzen zuten bitartean tapiz ederrez hornituriko sala handi batean almoadetan erdi-etzanik

Jaiotzez Belgikako mugan dagoen Avesnes‑sur‑Helpe herrikoa zen. Ingeniaritza eta arkitektura ikasia, Greziako independentzia gerlan Lord Byron‑ekin parte hartua, Mehemet‑Ali‑ren zerbitzuan izandakoa, eta Damietako defentsa eraikuntzak  zuzentzen izan zelarik hieroglifikoak aztertzen aditua.  Ingelesa eta arabiera ere oso ongi menderatzen zituen.

Syout‑en zelarik bertako gobernadoreak preso hartu zuen, orduan frantsesa zela erantzun zion, baina Patxak beste honakoa:

‑ Musulman bilakatu haizen une beretik hire nazionalitateari uko egin diok.

Eta makilakada mordoa jasatera zigortu zuen. Orduz gero,  erromesak bezala, batetik bestera ibilia zen, ikertze miaketak eginez, tenpluak irudikatuz, ingeniariei laguntza eskainiz, eta gero eta gorroto handiagoz begiratuz ingelesak. Ondasun jabetzaz oso ideia bitxiak zituen, zeren eta ona gertatu omen zitzaion abentura batez kontatu zien:

            Jainkoek  eta jainkosek  hala nahirik nonbait, edota fatu urrikalgabeek, auskalo nork dakien, ez naiz nehoiz zoriontsu izan. Halere behin Fortunak ia ia bere eri zoriemaileez ukitu ninduen.
Istripu triste batek eragotzi zuen hori, ordea. Asmatu nuen ekintza guztiz erraza eta segurua zen. Indietako postariak Alexandrian  desenbarkatzen zuen hilero bi aldiz, eta hogeiren bat  gerlari barbarin zaindari zuela berrogeita hamar gameluen gainean iragaiten zuen desertua Suezeraino. Ingalaterrako postak beti zeramatzan berekin  ez

bakarrik gutunak, baizik eta balio mugagabeko urre mordoa. Nik ongi ezagutzen nuen Suez aldeko basamortua, eta nere kolpearen detaile guztiak xehetasun handiz prestatu nituen. Mapa batean nituen ongi seinalatuak putzu guztiak, baina lagun batzuk behar nituen ekintza onik burutzeko. X,  Y eta Z adiskideei,  ‑ atzerritarren koloniako izen ezagun batzuek aipatu zizkien ‑, plangintza adierazi nien eta onartu zuten prozedura modua. Desertuan ezkutatuko ginen, eta agertu bezain laster espedizioko lehen lauak buruan tirokatuko genituen astirik izanen ez zutelarik oiene esateko ez tiroz erantzuteko, ez eta deusetarako. Barbarinak ere erasotuko genituen eta berehala gameluen jabe  eginen. Zakuak ireki eta hantxe bertan su emango genien banku‑nota, agindu eta letra‑kanbio guztiei. Urre eta zilarrak  parte berdinetan banatuko eta, gamelu aski izanen baikenuen,  bakoitzak bahituaz batera bere bidea  hartuko zuen. Nere asmoa Etiopian sartzea zen, eta hemendik, susmoak desegitearren Londresera itzuliko nintzen, Negus‑aren seinalea eramanen zuten urre‑zilar‑lingoteekin. Dena prest zegoen eta nerekin baneukan mahari lasterkari bat ere, gai zena korrika,   gelditu eta atsedenik hartu gabe berrogeita hamar kilometro ibiltzeko. Arrakasta izanen genuen, ez zegoen neholako dudarik, ez zalantzarik. Baina badakizue zerk eragin zidan porrota? Zoratzeko gauza da eta Fortuna jainkosan ez sinesteko modukoa. Bizi zen nere etxean andere antzu, txatxu eta musulman bat  bere egoeraz lotsa zena eta inguruko emagin, sorgin eta albaitero guztien aholkuen bila zebilena eten gabe.

            Harmailetan, pasiloetan, sala guztietan intxaurrak ipintzen zituen, ezen esana zioten andere antzua haurdun bilakatzen zela ustekabean gizon arrotzak intxaurren  bat zanpatzen eta txikitzen baldin bazuen. Arratsalde batez, ekintza egitera gindoazenaren bezperan, hain zuzen, eskailerak jaisterakoan intxaur bat zanpatu nuen, ez zen hautsi baina bai ni muturrez aurrera eta zangoz gora erori eta erorketaren eraginez txurnioa bihurritu zitzaidan. Sei astetan ohean etzanda pasatu behar izan nuen, intxaurrak, andere antzuak, deabruak eta zeruak madarikatuz, eta batez ere nere fatu beltza. Ekintzak pott egin zuen, beraz, eta nere lagunek eta neuk erabaki genuen saio berririk ez egitea, ez tentatzea berriro Fortuna jainkosa, zenbait gauza ez baitira bi aldiz entseatu

behar. Nere amorrazioak ez zuen mugarik izan, noski,  Times berripaperean

irakurri nuenean   erasotu behar genituen Indietako postak 280.000 libera esterlin urretan, eta zazpi miloi  libera zeramatzala. Sekulan gehiago ez naiz kontsolatu izan ahal galera hartaz, pentsatuz zein nolako bizimodua neramakeen nereganatu izan ahal banitu  sos haiek. Zazpi miloi intxaur kaxkar alu batek galaraztea ere!

Kontsola zitekeen Effendi jauna, ordea, bere miaketetan ebatsi  tresauren salmentetan lortutakoarekin eta Nilo ibaian zeukan bidaiari‑ontziak ematen zionarekin poltsikoak ongi hornituak baitzituen. Gizonaren urre‑goseak ez du, tamalez, mugarik. Aholku gisara esan zien:

‑ Har ezazue hau beti kontutan. Non fida han gal. Ez zaiteztela inoiz musulmanez fida. Giristinoak zarete eta  beti izango dute  bihotz barnean zerbait fedegabeei ezkutatzeko.  

Qenah‑eko herria abenduaren hogeita bostean utzi zuten astelehenez. Beraz,  gameluen konkor‑bizkar gainera igo eta desertuan sartu ziren azken palmondoak agurtuz.

Egunero hamarren bat ordu ibili ondoren ostiralean ilunabarrarekin Qusair‑eko hondartzara iritsi ziren, denda Itsas Gorriaren hegian eraiki zutelarik.

Arabeek hainbeste maite dute gamelua, beronen ekintza guztiak irudimenez eta fantasiaz janzten dituztela. Diotenez, gauza omen da, egun t´erdi lasterka ibiltzeko atsedenik hartu gabe, orduan batez beste hamar kilometro ibiliz. Frantzian askotan entzuna zuen Antonek gameluak oso apalak zirela. Apalak esatean leloak zirela adierazi nahi bada, ez dago dudarik hala direla, baina bestalde zaldia edo elefantea bezain hezkaitz dira. Ez dio axola gameluari norbait bere konkor gainean daraman ala ez, martxan jarriez gero zuzen baitihoa beti, bidez aldatzeko gai ez delako bakarrik, eta, beraz, elorriren edo hosto berderen bat topatzen bad
u bidertzean hara zuzenduko ditu bere zango luze, oker eta konkordunak, hain baita mugatua bere norabidea. Ez du inoiz ahaleginik burutuko jaits zaitezen bere bizkar gainetik, duen zentzutik at baitago hau, eta erortzen bazara ez da, noski, geldituko, ez eta batere arduratuko. Ikusten duen lehenak har dezake bere nagusi bilakatuz modurik errazenean. Norbait gaineratzen zaionean soilik ohartuko da gainean daramala, eta bere suge antzeko lepoak masail izugarriak irekiko ditu hozkatu nahiz eta orro ikaragarri bat jaulkiren du pairatzen duen injustizi modukoaz kexatzeko edo. Hitz batez esateko, ez da etxe aberea, basapizti beldurgarria  baizik, baina lehen lelokeriak apaldu zaizkionean pairakorra da guztiz

eta daitekeen animaliarik zozoena. Halere, abere guztiak bezala, gidariak gaizki tratatzen badu izugarri krudela bilaka daiteke kasu honetan bezala. Hona gertaturikoa.

Behin hamalauren bat urte zituen gameluzain gazteak makila luze eta finez bortizki astintzen zuen ezker‑eskuin azpikoa, noiznahi ohiko bidetik ateratzen zitzaiolako. Gameluak bururatu zuen  ez zuela merezi gaztigu eta pairamendu hura, eta mendeku bat pentsatu edo zuen. Egun batzuk beranduago bazetorren gameluzain berarekin oraingoan zamarik gabe. Ikusi zuenean ez zetorrela inor ostertzean, batera eta bestera ongi behatu ondoren bakarrik zegoelakoan, eman zuen urrats bat aitzina, harrapatu zuen hortz tartean gidari gazte gizagaixoa burutik eta airera bota zuen ahalik urrunena behin eta berriro akabatu arte. Bere hilketaz aseturik,  hartu zuen berriro bidea harro‑harro deus gertatu izan ez balitz bezala. Tamalez jendea urrunegi zegoen laguntzarik gidariari eskaini ahal izateko, baina iritsi  zirenean gamelu mendekari harengana lepoa moztu zioten, mendekurik sekula gehiago pentsatu edota egin ez zezan, haren gorputik balia zitezkeen larru, haragi, sabeleko urzahagiak hartuz eta beste guztia arrano eta putreentzat utziz.

Qusair‑era iritsi zirelarik, beraz, berehala lehiatu ziren txabola on eta zabal bat alokatzen.  Bere barnean berrogeita hamarren bat marrokiar zituen  denda  edota Baghlé ´sabela´  deitu baten atzeko alde alaia suertatu zitzaien.

Belak prestatzen ari zirela txabolattoan sartu nahi izan zuten La Meccako pelegriek, eta eztabaida baten ondoren zeruak eta Allah‑ren izena aipatzen zuen magrebiar batek Arnauld-i bere maginan zeraman ezpata kendu zion eta burura kolpea botatzen hasi zitzaionean Domingok besotik heldu eta ezpata utz zezan  lortu zuen. Magrebiar guztiak oihuka eta garrasika hasi ziren orduan beren  maginetarik alfanje izeneko ezpata makurrak atereaz.Arnauld. eta laguntzen zituen gazte inglesa, Richards. jauna, berehala desarmaturik gelditu ziren. Bazirudien dena odol putzu  batean amaitzera zihoala berehala, zeren libre eta armaturik zen bakarra, Anton, bere gaztetasunaren harroan prest zegoen tiroz akabatzeko beretariko bat erasotzen zuen lehena. Alabaina beraiekin zegoen Sapeto misiolaria diplomazia handiz mintzatu zitzaien  konprenitzeko moduko arabez errabia bizi ziren magrebiar haiei eta baretu egin ziren, aldameneko itsasuntzi batera igo, bertatik geldirik mantendu, eta Qusair‑eko gobernariari abisua pasatzen zioten bitartean. Hau berehala agertu zen. Husein‑Agha-k, turkiar guztien antzera, galtza zabal, oihal koloreztatua buruan eta sudur luzea  bezainbat odol‑hotz eta kirio orekatu frogatu zituen. Marrokiar asaldatuari deusere esan gabe masaileko

bat eman zion lehenik eta, zakur fedegabea, entzun arren itsasontzira igo zen lasaiasko, ondoren denak bere dibanaren ingurura gonbidatu zituelarik.

Hasi zen, beraz, abbadiatarren kexuak eragindako epaia. Husein‑Agha erromesei zuzendu zitzaien solas luze batean, funtsean esanez, ez zekiela zer egiten zuten han, eta gaineratuz frantses zuriak beraiek baino handiagoak zirela.

‑ Haundiagoak? ‑ galdetu zuen marrokiar batek‑.

‑ Haundiago direla, esan dut, ‑ihardetsi zien gobernadoreak‑, zazpi urte luzez  beraiekin bizi izan naiz eta badakit ongi zer diodan.

Hau zioen bitartean bihotz‑eriak elkarrenganatzen zituen eta gero marrokiarrengana hurbilduz esan zien:

‑ Bada zuen artean ezpata atera ez duen gizonari maginatik kentzea  zilegiztatzen duen legerik ?

‑ Ez, ‑ erantzun zuen gizon samaldak‑.

‑ Beraz hori egin duenak gaizki egin du.

Juje batengan baietza gogo hark harri eta zur utzi zuen Anton.

‑ Bai, bai, gaizki egin du, ‑ erantzun zuten pelegriek‑.

‑ Beraz, zeureon hitzek kondenatzen zaituzte.

‑ Nik ez diot alfanjea kendu.

Esan zuen Fez hirian jaioa zen Gondor delako batek, honela deitzen baitzen, baina  lekuko guztiek hantxe bertan gezurtatu zuten.

‑ Orain, ‑esan zuen gobernadoreak‑, zein da aukeratzen duzuen zigorra?

‑ Ehun kolpe.

Une honetan Elior izeneko Bethleengo kristaua eta frantses ajentea zena mintzatu zen:

‑ Barkaidazue, baina gizon hau marrokiarra izanik frantses pasaportea darama eta ezin zaio zigorrik pairarazi.

Izpiritu ahuleziatzat jo zuten abbadiatarrek Elioren on nahi hura eta alde batera eramanda komentzitu nahiz mintzatu zitzaioten esanez gobernadorea ohoratuko zuela onartzen bazuen zigor hura ezartzea.

            Ez balitz frantsesen menpe dagoelako, ‑ esan zuen gobernadoreak‑, bostehun kolpez zigortzea aginduko nuke gustorasko.     Memento honetan zigor emailea aitzinatu zen, eta ozenki adierazi zuen pena izanen litzatekeela halako gizon gaiztoa ez zigortzea. Azkenean, Elior-ek, legez zigorra deusezta zezakeen bakarrak, erdibideko epaia hartu zuen eta berrogeita hamar

zigorkada agindu zituen. Eta berehala Husein‑Agha‑k etzanarazi zuen marrokiarra ahuspez eta beraiek ezarri zizkion bizkar biluztu gainean lehenbiziko hamabi kolpeak, ondoren makila zigorgileari pasatu zion

eta hau oso gogo onez bere eginbeharra betetzen saiatu zen. Bizkitartean zigortuak boza goraz Koraneko lehen kapituluetako laudoriozko‑bertsoak errepikatzen zituen eten gabe behin eta berriro:

‑ O fededunak, zeruko laguntza eska ezazue otoitzaren eta pazientziaren bitartez, Allah pazientziadunekin baita.

Eta zigorra amaitu zenean, altxatuz eta doinua batere igo gabe esan zuen:

‑ Ala jainkoa! Ederki jipoitu nauzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude