Kategoriak
Patriren testuak

Anton Abbadiaren Etiopiako bidaia (2)

Gobernadoreak bere bistatik urrunarazi zituen marrokiarrak eta abbadiatarrak afaltzera gonbidatu zituen. Anton miresturik gelditu zen ekialde hurbil honetan aurkitzen zuen zuhurtziaz, zeren kasu zail, bihurri eta astuna zitekeena ordu batzutan erabakitzen jakin izan baitzuen, tinta ttantarik isuri gabe. Halako batez, ordea,  agertu zen izaki ttipi bat harro‑harro.

Izkiribatzailea zen eta sudur mako luze batez hornitua. Ezpain lodixkak  zituen koptoen antzera, soin‑jantzi luze beltza, buruko oihal koloreztatua eta tintontzia gerritik zintzilik ezpata gisara. Begi goibelez so egiten zuen eta keinu atsegin bat eginez belaunen gainean bere lan erremintak ezarriz idazten hasi zen. Handik une batera kopia bat eman zien izenpetu zezaten frantsesez, ingelesez eta italieraz.

Pelegri haietaz aske, gobernadoreari opari eder bat egin zioten abbadiatarrek justizia egiteko molde azkar eta ezin  hobeagatik, eta beste bat apalagoa zigor‑emaileari. Biharamunean  sos  batzuk txabola alokatu zienari eman ondoren Arabiar kostaldera itsasoratu ziren.

Asteartea zen, urtarrilaren bederatzia eta gau osoa nabigatzen iragan zuten.  Hassany uhartera iritsitakoan hegoaldean moilatu zuten. Ostegunean Yenbe‑ko badian, eta larunbatean Mair‑en. Igandean, urtarrilaren 14ean Buraikah‑en, astelehenean Mastuwrah‑en, asteartean Dunayb‑en, asteazkenean Ubhur-en eta ostiralean eguerdi aldean Jeddah‑en ziren.

Haurtzaroan erakusten zieten dotrina eta testamentu zaharreko ixtorio oroitzapenetarik  kuttunenetakoa Itsas‑Gorriko pasaia miresgarria zen. Biblia ireki eta irakurri zuen Antonek:

Eta Moisek eskua hedatu zuenean itsasoaren gainera, Jaunak urratu zuen hura haize bortitz eta erregarri gau guzia iraun zuen batez, eta itsasoa agortu zuen, eta ura berezi.

Eta Israelgo semeak idorrik sartu ziren itsasoaren erdia gaindi, ezen ura harresia bezala zegoen heien eskuinetik eta ezkerretik.

Eta Egiptoarrak jarraikitzean sartu ziren heien ondotik, Faraonen zaldizko guztiak, eta orga‑lasterrak, eta zaldiak itsasoaren erdira.

Eta jadanik etorria zen goizaldeko beila, eta hona non Jaunak suzko eta hedoiezko habetik  begiraturik Egiptoarren kanpei, hil zuen heien armada…

Hantxe zihoazen, bada, Itsaso Gorrian barrena Indietarako antzinako ur‑bidean. Ameriketako aurkikuntzen ondorengo sukarrez zertxobait ahantzia izan bazen ere, berriro bere garrantzia berrartzen ari zen.

Ptolomeotarren ondarea erromatarrek jaso bazuten lehenik, gero Veneziako merkatariak izan ziren jaun eta jabe itsaso hartan, Vasco de Gama portugesak komertzioaren ohitura zaharrak aldatzen hasi zen arte. Azkenik Ingalaterra, bi puntetan nagusitzen ari zen, Ekialdea Mendebaldearekin lotzen zituzten katebegi guztiak bereganatzeko ahaleginak burutuz. India eta Europa. aski ezagunak ziren, garai hartan, baina bidean ziren hiriek altxor benetan interesgarri eta oraindik ia ezkutuak eskaintzen zizkieten historiagile eta merkatariei.

Armek eta jakintsuek ia dena esana bazuten Siriaz eta Egiptoz, ez zen hala gertatzen Itsaso Gorriaz, oraino urruntasun eta iluntasun batean baitzirauen. Hala bada, Ekialdera jo zuten, hain gutti ezagunak ziren tribu arabiarrengana, hemendik geroago Etiopiarako bidea hartzeko asmotan.

Ontzian zihoazen eta bere buruak jakintsutzat zituzten agure batzuek Biblia besterik ez zuten ezagutzen. Bisitari bat etorri zitzaion kamainara ate‑joka, aitzina, eta aitzin‑solas luze baten ondoren, Anton. ikustean ohi bezala liburu bat zeukala eskuartean esan zion:

‑ Ah, ah, ah, Dabiden liburua irakurtzen ari zara?

‑ Ez, legeak dira.

‑ Ah, ah, ah, zein diren ederrak Moiseren liburuak!

‑ Ez, ez dira Moiseren aginduak.

‑ Ah, ah, ah, eta zein dira, beraz?

Ez duzu ezagutzen, Montesquieu jaunaren liburu bat da.

Izena errepikatu zuen bere erara, alegia, ez ulertzeko moduan. Harriturik zegoen ikusten zuelako ez zutela abbadiatarrek haragi gordinik jaten, ez zirela mozkortzen alkoholez eta eztiz eginiko likorez, eta  ez zeramatelako bederen harem ttiki bat berekin.

Itsas‑Gorria zeharkatzen zuten ontziek  antz handia zuten Mediterraneoan xebek deituekin, popaldea zertxobait garaiago izan arren. Bestetik, arabeak ez ziren igotzen bela zurrunera handik lanak egiteko, dena zubitik egiten baitzuten. Horrela burutu maniobra guztiak oso mantsoak gertatzen ziren, eta era berean arriskutsuak. Brankaldea oso fin eta luzea zutenez, itsasoa haserretzean ez zuen balio handirik. Gauzak honela, ez zen harritzekoa haizea ttipi baina kontrakoz, hamabi ordu iragan izatea bost mila aitzinatzeko.

Beraz, ez zirudien nabigatzeko modua aldatu zenik antzinatik. Goizalbarekin jaiki eta gutxienez ordu bat pasatzen zuten aingura altxatzen eta masta nagusiko bela hanpatzen. Pilotuak hartzen zuen bere lekua lema ondoan eta mutil batek ematen zion ikusten zituen harkaitz guztien berri. Eguerdialdean labean egositako ogi puxkat jaten zen, eta haizeak popaldetik jotzen bazuen ez zen aingura botatzen ilunabarrean baizik. Ras Banas igarotzean ekaitza zetorkiela gainean ikusirik,  kapitainak ahotsa altxa gabe eta batere mugitu gabe esan zien marinelei :

‑ Konpai, iruditzen zait bela bildu beharko genukeela.

‑ Nola?

‑ Konpai, belak!

‑ Nola?

Baina nola kapitainak ez zuen inolako aginterik non ez zen bere etsenplua, ordu laurden bat geroago haizeak jada bela urratu, hautsi eta  berekin eramana zuen, pilotua justu hitz hauekin kontentatu zelarik:

‑ Gure kapitainak arrazoi zuen. Allah miserikordiaz betea da.

Nabigazio honetan topatu zituzten perla biltzaile batzuek ur gorri haietan pulunpatuz denbora luzez irauten zutenak ur gainean ageri gabe. Kokodrilo haragiz elikatzen ziren kostaldeko herrixka haiek.

Esan bezala, azkenean aingura La Mecca‑ko portua den Jeddah-en bota zuten. Itsasotik begiratuta oso ederra da hiri hau, piramide txuri baten antzera hondartza hori‑gorrixkaran eserita. Etxe xuri‑xuriak, dorre garaiak eta mezkita ugari. Ez  du zuhaitzik, ez belar izpirik. Axaleko koralek behin eta berriro musika eta irudi ezberdina sortzen zuten  zilarrezko afarretan hautsi berde koloreko itsasoko uhinez mainaturik. 

Hiri barneak ere perla berezi eta arraro bat zirudien. Behetik bururaino, lehen solairutik terrazaraino ate eta leihoak irudiz eta hornimenduez edertuak. Hiri isila izendatzeko modukoa zen, kale hertsietan ez karrozarik, ez deus, isiltasuna baitzen nagusi. Noizbehinka

asto edo gameluren bat zamaturik, eta aldamenean buru‑oihalez estalita eta arropa koloreztatuz jantzita pasaiari isilak. Ez zen deus aditzen, non ez zen miseria gorrian zeuden eskaleen psalmodia errepikakor eta errukarria:

‑ Allah! Allah!

Jeddah baltsamu komertzioaz bizi zen batik bat. Hau ekialdeko hoberenetarikoa zenez eta Sappetok bere eginkizunetarako behar zuenez abar txiki bat erosi zion Antonek hosto usaindunez hornitua, beirazko ontzi batean gorde zuelarik Etiopiara berekin eramatearren.

Abbadiatarrekin zihoan Richards jauna izuak harturik, Arabiarren lurraldeetan gelditu zen, baina ez zori hobearekin, heriok bere atzaparretan hartu baitzuen laster.

Beste itsasontzi batek eraman zituen Jeddah‑etik Massawa-ra. Raguam,  Ibrahym, Fara uharteak, Qunfundah‑eko portuak bidean topatu zituzten eta Asiako kosta utziz Afrikakorantz zuzendu zuten branka. Dahla uharteetarik iragan eta Massawa‑n 1838ko otsailaren hamazazpian moilatu zuten.

Ez zitzaien  falta izan berehala Afrikan barrena abiatzen ziren bidaiari bakartiei sortzen zaien arazo, eragozpen eta oztoporik. Massawa edo Missawa hiriak, hamaika modu ezberdinez idatzia ikusia baitzuten liburutan, portu on bat dauka. Bertako biztanleek Batze deitzen zuten, eta mundu guztiak bere burua musulman zintzotzat eduki arren Koranari kasu handirik egin gabe edariari ematen zion lasaiasko. Beraz, ez zen harrigarria, elkar errespetatzea hemen paganoak, kristauak eta musulmanak.

Badian itsasontzi handiak aingura bota zezaketen lasai. Hiriko kaleak oso estuak dira, etxeetako itzalak eguzkiaren su kixkalgarrietarik gerizatzeko balio duelarik. Egoitzak bi solairukoak ziren eta ongi eraikiak zeuden. Mezkita bi dorreduna. Gobernadorearen etxea, zur bernizatu berezirikako leihoez apaindua zegoen. Frantziako kontsul ajentearen izena De Goutin. Azoka ez zen oso handia, baina ongi horniturik zegoen Europatik, Asiatik, Afrika barnetik eta Ameriketatik ekarri ongi mota orotarikoez. Indiarekin ere harreman onak zituen eta komertzioa guztiz bizia. Halere, merkantzia truke eta harreman gehienak  Itsas Gorriko bestaldean zeuden bi portuekin, alegia, Jeddah eta Hodeydah‑ekin zituen.

Ur‑saltzaileek Imakullu‑tik karreiaturiko ura eskaintzen zuten, zeren auzo honek zuen gauza on bakarra hori baitzen, ur‑geza zuten putzu anitz. Harkiko-ikako ura, aldiz, ez zen hain ona, gazi pundua baitzuen. Dena den, berotasunak sorturiko egarria itzaltzearren gehienetan esnea edaten zuten, edota ura eztiarekin nahasia. Hiriko biztanle ezberdintasunek

antropologoaren bozkarioa eta zoriona eginen zuketen, aroa hain gaitz izan ez balitz. Arabeak, greziarrak, albanesak, turkoak, europarrak han zebiltzan beren jantzi eta hizkuntza ezberdinak nahasten hamaika tribu etiopiar ezberdinen hizkerekin, kalapita ulergaitzean. Ez zen harritzekoa, beraz, bertakoek Batze ´Arrotz´ esangura duen hitzez deitzea hiri honi. Denek saltzen zuten hemen zerbait, haur txikiek barne, merkatari sena muin‑muinetaraino zutelarik sartua, eta aberatsenek leku zabal eta handi batzuek zituzten bertan karabanek zekartzaketen martxandizak almazenatzeko.

Gobernadorea solairu bakarreko eta harrizko etxe handi batean bizi zen, eta terrazan txabolatxo batzuk zituen ezarriak bere andereentzat. Lekurik garrantzizkoena dibanaren sala zen. Ia egun guztia erdi‑etzanik iragaten zuen, zeren kanpoan eguzkiak hain zuen gogorki jotzen eta hain zen handia beroa eguerdialdean, non lana ere utzi beharrean aurkitzen ziren.

Aidine zuen izena orduko Gobernadoreak eta bere boterea uhartean mugagabea izanik, ez zen hala handik landa. Hiritik at edonor Jeddah‑eko Patxaren menpe zegoen  eta turkiar familia dejeneratu bateko agure paralitikoa  zen naib delakoa edo buruzagi agintariaren epan gelditzen. Aidinek eraman zituen naib‑arengana honen baimena beharrezkoa baitzuten lurraldeetan barneratzeko. Europar bakoitzagatik zerga eder bat iguriki zuen naibak, baina eskerrak Aidineren arartekotasunari eta adierazi ziotela behin eta berriro ez zirela merkatariak, sos apur batzuez kontentatu behar izan zuen.

Gertakizun hauek igaro eta urte batzuek geroago Antoni gogoetok sorrarazten zizkioten.

&&&

Itsasoetan barrena abiatu direnak ongiasko dakite zein nolako ezberdintasuna dagoen bidaietan, asmatutakotik bizitzen denera. Lehorreratutakoan irudikatuak eta buruan hausnarturikoak polliki‑polliki aldatzen dihoaz bertakoekin harremanak areagotzen diren heinean, hizkuntza eta ohitura berritan sartzeak mundu guztiz ezberdinetan sartzea esan nahi baitu. Itsaso zabaletan zabiltzanean, partiadako ideia guztiak beteko dituzulakoan zaude, baina portura jaistean gogoeta guztiak lipar unetto batean aldatu beharrean aurkitzen zara, egokitu beharrez atzerri ezezagunaren berezitasunetara. Desertuko ibilbideak era berdintsuko aldaketak eskatzen dizkizu. Antonen ustez ekialdeko jendeak  mendebaldekoen  parean

bertutetsuago eta malguago ziren, solasaren antze eta artean garaitzen zituzten, agian behartuagoak zeudelako  ahalmen horiek lantzera, naturaren aldaketa horietara egokitzera, ez gazetarik, ez berri paperik, ez beste komunikabiderik ez zutenez, eta giza harremanen moldaketa horien arabera zutenez albisteen lortzea.

&&&

Fardelak, balizak, kutxak eta tresnak eramateko sei asto erosi zituzten, Arnauld, Giuseppe eta Anton oinez zihoazelarik. Gidari saho tribuko batzuk. Eguzkia sartutakoan irten ziren Txiliki‑ko desertu kiskali eta urgabea zeharkatzeko asmoz. Mendi hertsiduren artetik bi egunez ibili ondoren lehen ordokira iritsi ziren. Gidariak arin zihoazen, ohituta baitzeuden, beraiek, aldiz, baratxeago. Arrunt nekaturik, baina azkenean Halaie izena zuen lehen herrixka giristinoan sartu ziren,  buruzagiak bere etxean hartu zituelarik.

Hamabiren bat ziren kokorika eseririk janarien inguruan, eta abbadiatarrak ahalegindu ziren beraiek egiten zuten modu berean jaten eta edaten. Biharamunean irten baino lehen lortu zuen buruak abbadiatarrengandik sos zenbait. Polliki-polliki ohartzen ari zen Anton zeramaten interpretea gezurti hutsa zela, ez zekizkiela lekuen izenak eta ez zuela ezagutzen bidea ongi.

Mila zortzirehun eta hogeita hemezortziko martxoaren 28an Igr‑Zabo izeneko parajera iritsi ziren. Hemen harkaitz haundi batzuen tartetik iturri bat ageri zen ur freskoa zeriola. Halaie utziz geroztik Dejjad Kassa, Etiopiako printze ospetsuenetariko zen Dejjad Sabagadis‑en semearen menpeko eta Gabraie izeneko buruzagi baten parajeetan zeuden, eta honen soldaduek ez zituzten bakean bizitzen utzi, berak nahi zuen zerga neurririk gabea ez ziotelako ordaintzen.

Txispa bat oparitu zion Antonek Dejjad Kassa‑ri eta honek esker onez Gabraie behartu zuen emandako hamar sosak itzularaztera. Otordu eder batera inbitatu zituen eta han beste buruzagiez inguraturik zeudela, hauetariko batek Antonen bizarra ukitzeko gogoari ezin eutsiz hurbilduz ahalegindu zenean honek amorraturik izugarrizko masailekoaz erantzun zion, esanez:

‑ Utz nazak bakean!

Harri eta zur gelditu zen Arnauld eta eskerrak Dejjad Kassa‑k jakin izan zuela buruzagien  artean sortutako asaldamendu modukoa baretzen. Eskatu zion Arnauldek Antoni bere burua desenkusa zezan, hala egin zuelarik. Egia esan, memento hartan  bien bizitzak ez zuen sosik ere balio, eta herioren hegalak oso gerturik pasatu ziren.

Zenbait egunen buruan polliki‑polliki zamakariek utzi egin zituzten ez baitzuten ikusten abbadiatarren espediziotik onura izpirik atera zezaketenik. Zerbitzarien ihesaldi honek neurri batean poltsa lasaitu egin zien eta bukatzear zituzten janari apurrak ere ez zieten hain arin ihesegiten.

Bidean tximuak, basurdeak eta  askokó deitzen zituzten muxarrak ikusi, eta lehoi batek gauez espedizioko bat eraman ondoren Debre Damo‑ko monasteriora iritsi ziren.

Ederra zen benetan Gebre Maskal  erregeak Mikel sainduari eskainitako eliza. Zurezko sabaia du eliza atariak lerro geometrikoz eta abere irudiz apaindua. Barnea sei zutabek banatzen dute eta hiru partetan berezia dago. Garai batean milaka fraide izan omen zituen mendi muinetan ideki zuloetan gordeta bizi zirenak. 

Adwara iritsi ziren, azkenean, Andrea Oviedok XVI. mendean lehen misio katolikoa ezartzeko hautatu zuen lekura, maiatzaren hamalauan.

Hirian sartzerakoan  guardasol handi baten gerizpean zegoen  misiolari protestante batekin topo egin zuten. Etxe handi baten eraikuntza zuzentzen ari zen. Gomitatu zituen zerbait edatera eta elkarren berri eman zioten. Harri eta zur  gelditu zen ikusiz ez zeramatela herrietako zaindarientzat  oparirik. Dena den, etxe batean atso zaharren artean aurkitu zuten etzateko modua, haiengandik ikasi zutelarik nola egin ogi opila, zein urarekin batera zen zuten elikadura guztia.

Europar haiek, alabaina, oso gaizki ikusiak zeuden batik bat Biblia erakusteko zuten modu harroxko‑dogmatikoagatik, eta Dejaj Ubie‑k herritik bidali egin zituenean misiolari protestanteek negarrez agurtu zituzten beste europarrak. Haietarik bat emaztearekin zihoan, eta hau negar malkoz urtzen ari zen. Arnauld, Anton eta Giuseppek ere arrisku berdintsuak pasatu beharrak izan zituzten, zeren epaiketa antzeko bat egin zieten merkatuko plazan.

Abade nagusia bere apaiz guztiez eta Printzearen seiehun soldaduez inguraturik erdi‑erdian ezarrita zegoen. Sapetori arabieraz galdetu zioten eta antza denez honen erantzunak egokiak iruditu zitzaizkien. Ondoren Abbadia anaiengatik  galdetu zioten, ea nola deitzen ziren:

‑ Anton.

‑ Eta honek?   

‑ Mikel.

‑ Eta heuk?

‑ Jusef.

‑ Izen egoki eta sainduak benetan, ‑esan zuen abade nagusiak‑, horrek esan nahi du ez zaretela hiria utzi duten  europarren arraza berekoak. Baina esaidazue zertara etorri zareten hona.

‑ Zuen mendietako ura edatera, zuen mendi gailurren edertasuna dastatzera, zuen izarrak ikustera, zuen hizkuntzak ikastera, eta zuen artean adiskide on‑onak egitera.

Laket izan zitzaien nonbait ihardespena eta bakean utzi. Adwatarrek aski ongi tratatzen zituzten. Anton arabiera eta amariña hizkuntzak mintzatzen zituen interpretea alokatu ondoren aldameneko herriak aztertzera joan zen.

Herri irteeran ikuskari benetan lazgarria agertu zitzaion begi aurrean: ehunka pertsona, haur, gazte eta zahar kaioletan preso, beren familiek askatasuna erosi zain, edo bestela esklabo gisara saltzeko prest.

Adwan Antonek Domingo Idiart ABorda@ morroiak 1838ko maiatzaren 9an  idatzitako gutun hau errezibitu zuen,

Jauna,

Ethorri zarela intzun dut aspaldian, zure anaia jaunak ere erran daut. Ez dakit zer arazu izan duzun lehen bezala ez ezkiribatzeko, zure mahunga largo hersitu dela ez dut dudatzen, bainan arazu hoiek guziak espantza
dut txipituko ditugula denbora guti barnean, hara artean errain nahi dautzut bi hitz.

Izkiribatu dautzuet espres frantsesez enkas ez balin bazineten algarrekin zu eta zure anaia. Egun launbata maiatzaren 9a nahi izan dautzut iskribatu heskuaraz, bainan ez dut ahal, kasik ahantzi dut heskuara.

Atzo geure leheneko adiskidearen letra bat ekhusi dut izkribatuia. Jedda-tik mintzatzen da. M. Amb aski droleki eta bertze zerbait ere ala Hobina Celassié-eri izkribatzen dio letra bat aski bitxia, zure Anaia jaunarekin badugu zenbait arazu, bainan ez dakit, ze iskribatu daut letra bat gaiztoa, nola kolpe bat buruan, orai iskribatzen diot letra handi bat, espantu dut balin badu 2 orditan konfientziarik ni baithan.

Mintzatzen zaut arrazoinatu gabe ohoin bati bezala, orai ez dut dudatzen samurtuko zarela ez balin batuzu gauzoi arrazoinarazten zuk behar diren bezala. Izkribatu diot 8 aldiz, ez daut ihardesten, hemen 4 hilabete du

orai separatuak girela.Hantik eta hementik bethi tormentatua, atakatua eta hirritatua niz kasik alde guzietarik, ez dut dirurik, 15 jende baditut, badu 15 egun izan ditudala 4 abokat edo thalariak zure anaiaren phartez joan dire bere bidean 2th bihia 15 jendean eta 4 kabalaren, 1 burra badut oraino, bat aski izanen dut 15 eguneat, nasai behar dut hanbat despendatu, baditut 2 jende eriak, hanitz samurtzen date zere anaia balin badut hanbat xahutzen diru.

Igorri daitanean 4 potakai erran daut duela begi aski eta sobera heikin bera ethorri artio, entzuten ditut zuen berriak, maiz ethorriko zaretela aditu dut hunat maiatzaren azkenean. Othoizten eta errekeitzen zaitut, ez erran zer  izkiriatzen dautzut Adwa-ko aphezaz, zeren hunat izkiribatzen baitute oro eta gero gerla edo lapizta ethortzen baita eta ez dut ahal iragazi heikin, zeren biga edo hirur beitire eta ni bakharra, erran diotet gezur handi bat, ez dutela iskribatu zerbait beren kontre, hainitz mintzatu gira […], aldiz errozu ene zure Anaiari hala hanbat lipizta ditut izan hemen eta oro hobenik gabe zer niz flakuia, ez nezala ahantz, eta jaungoikoak pentsa zitzala zu eta zurekilakoak oro. Halabiz.

Zure Anaia jaunari iskribatu diot letra bat aski gaiztoa, bainan erran diot orai urriki edo damu dutala. Bainan egin daut hanbat gaizki utzirik hemen 30 edo 40 egunentzat eta gero ez daut iskribatzen […],  hilabete iskribatzen diot 7 aldiz eta ez egin nahi arrapostu bat behar den (ahal nuen) bezalakoa, izan burdinetan oraikoz hanbat aldiz hanitz gaiztoak izan dire hemen jende guziak guretzat salbu Lik Atsku enperadorea, eta bere semea eta M. Dimmet aphezak biak arrazoin hoiek […], jakiten du zure Anaiak ethortzen zait ere maiz ohoinak hunat, ez duzu behar ahantzi negua heldu dela, fite eginen du hemen aldiz hanitz uria , hemen alde guzietan gerla eta miseria.

Zure fidel zerbitzari Domingo Idiart.

Nabari denez gutun honetan SOS antzeko bat bidaltzen dio Domingo zerbitzariak Antoni, kexu Arnauld-ek bakarrik utzi, egoera tamalgarrian abandonatu eta idazten dizkion gutunei erantzuten ez diolako.

Antonek ihardetsi zion, antza denez, behin baino gehiagotan aginduak emanez Domingori, baina aurkitutako gutunen artean euskarazko bakarra hau da, Poradokenetik igande goiz batez idatzia:

 M. Dillon erran zaut maihatzean bi letrak eskribitu hituela eta bere mutilaz gureganat Adoanalat partitu aizela, bainan ez dugu harpatu mutila bidean. Hola ez ditugu ezautzen hire berriak. Gondarrako jendek aski erran dautate nola gaizki egon hizela eta nola ez ditut nahi sinhetsi gauz batarentzat baizik, zeren niri ubien ahoaz errana baita, erran nahi da, joaiten hizela hirian bouclier eta lantzekin Dedjsmatek, ubien, hala erran daut baduk soldata xuri bat Gondarran, nahi duk gerla egin Rasarekin
. Erran dut mutila dela ez soldata, ikusi du, soldata balin ez bada, nola bouclier eta lantzak ekharrazten ditu? Ikhusi duk nola hire ergelkeriaz argi gaiztoan etzartzen gituk. Ubien, nahi zituen gure esku pikatu, baina sinhesten dut ez bihotz gaiztoz, baina bai ez pentsatzeaz hala egin dukala. Orai erakhatsiko duk, ene anaiaren hitzen ontsa egiteaz.

Ene anaiaren paperen barnean bada bat hainitz balio duena, Frantzia balio du mila liberak eta gehiago, bertzenaz ez duk ezautzen hola, paper guzik eskribituak ekharriko dituk eta ahal balin baduk larru barnean, josiak hirekin, erran nahi da, hire gorputzaren gainean.

Zamariak behar dute izan entiers eta balin ez badituk hirur erosi, biga edo bat guretzat hainitz onak izanen dire. Behar dire izan jeunes eta nehor ez da haien gainean jarriko itzatua hartio.  

Karabana hamabortz egunen buruan joanen da. Harekin ethorriko hiz, bainan gu eta hiretzat behar duk ethorri bethi oinez eta nola gizon osoki pobere bat, deuse buruaren gainean. Zango bordunez eta zama gaiztoenareki. Ez duk behar kwaren ekharri, bertzenaz hartuko haute bidean […] Gure adiskide Adwa-n Abuna Jakob da, baina ikhusiko duk behin xoilki eta gauaz jende gaiztoen beldurtzeaz […]

Hainitz goraintziak Lik Atkom, Etchuguri, K. Mariam, N. Montori, orai N. Kyros letra izan dut, ontsa da. Ab Jusef  eskribituko diot.

Poradokene, igandian, goiz goizan.

Domingok egindako ergelkeriak erakusten dizkio Antonek, beraz, eta nola behar den bideetan kontu eta arreta handiz ibili, eskale itxuraz, bide-lapurrek larrutsik utz ez dezatenAdwa‑tik Aksum‑eko bidean zihoala, kontatzen du Bruce‑k gorago aipatu dugun bere liburuan, ikusi zituela hiru etiope idi bat lurreratzen, lepondotik haragi xerra batzuk kentzen eta ebakitako zauria elorriz josi ondoren okela fresko‑freskoa jaten idiaren orru ikaragarriak entzuten ziren bitartean. Hau sinesgaitza egiten bazitzaien europar batzuei, ez zen batere harrigarri herrialde honetan, ezen animali hil‑berriaren haragia eramaten zuten bero‑bero ahora eta irensten plazer handiz. Gibela, giltzurruna, eta era guztietako barrenkiak ere oso gustokoak zituzten.

Muino berde ederrez inguraturiko haran pollit batean dago kokaturik Aksum, obeliskoen herria. Hauetarik garaienak hirurogei oin izanen zituen eta hieroglifikoz horniturik zegoen. Obeliskoak eraikitzeko harriak aldamenetako mendietarik ekarriak  ziren eta inskripzioak egiteko ohitura oso zabaldua behar zuen izan garai batean etxeetako atariak ere izkribuz hornituak baitzeuden. Denak amariña hizkuntzan daude izkiribatuak. Biztanleek ziotenez, Aksum‑eko eliza juduek zuten eraiki, eta obeliskoak deabruek.

Tradizioaren arabera, Aliantza Zaharreko Arka eta Sabako Erreginaren jauregia  hemen zeuden kokatuak. Zibilizazio aksumitak III. mendetik VII.eraino iraun zuen, eta bertako erregeek Siongo Santa Maria elizan zituzten koroatzen. San Pantaleonen eliza, aldiz,  bi ordu t´erdiko bidean aurkitzen da, muino baten gainean, baina erdi eroria dago tximistaz desegina gertatu baitzen. Adulis izan zen inperio honen irteerako portua itsasoari buruz.

Beraz, itzulirik berriro Adwa‑ra Tigre lurraldeetan sarrera egin ondoren, iragarri zuten Gondar  aldera abiatuko zirela, oraingoan, baina ez zituzten sinesten. Halere, hona maiatzaren hogeita zortzian iritsi ziren, aste bat beranduago, bidean lehoi izugarriez beteak zeuden Maisagi, Zumai, Idaga‑Saha, Addankato herrixkak iragan zituztelarik.

Ipar orratzez eta beste tresnez hartutako oharrek hala nola denborarenek ez zioten Antoni zehaztasunik  ematen  askotan burdin‑mehatzez  beteriko  lurrak baitziren eta guztiz bihurriak bidexkak.

Gondar hiria oso europar gutxik bisitaturik zuten abbadiatarrak aitzin, portugesak bidaliak izan zirenez geroztik. Burutu nahi zituzten ikerketarako, beraz, oso leku aproposa zen. Asteroko azoka Etiopiako garrantzitsuenetarikoa zen, barnekaldetikako karabana anitz erakartzen baitzituen.

Sartu zirelarik hirian Atsku izeneko epaile inperialarengana zuzenduak izan ziren. Bazirudien honek atzerritarrak eta batik bat europarrak gogoko zituela. Oso harrera ona egin zien hirurogeita hamar urte inguru, adimen argi eta borondate oneko zirudien agureak, ostatu hiru egunez bere etxean eskaini baitzien,  eta zekien arabiera apurrean esan zien:

‑ Aski urrundik zatozte, ene haurrak, eta hain dira arrotzekiko ohoin hiri honetako gizonak, non neroni  dagokidan zuek ongi zaintzea hemen zaudeten bitartean.Eskerrak eman zizkioten ordainez, hala nola mando bat opari gisara eta sos batzuk.

‑ Esker anitz zuei, ene haurrak, zuek eguerdia aitzinean daukazue oraindik, nik aldiz gibelean, eta Gojam aldera itzultzean onets ezazue Gondar, gure Etiopiako lilia baita.

Eguzkiaren irudi eder honekin neurtzen zuen denbora agure jakintsu hark, beraz. Antonek, mendi gailurretako neurriek teodolito hutsez eginikakoak baino zerbait zehatzago eskatzen zutela ohartuz, zehazki egitekotan, Europara itzultzea erabaki zuen tresna eta aparailu hobe eta berriagoen bila.

Hau egitekotan eurite handiek bideak itxi baino lehenago behar zuen izan, ezen Etiopian abendua, urtarrila eta otsaila dira hilabeterik beroenak, eta ekaina, uztaila eta abuztua euria dakarketenak.

Arnauld-ek ontzat eman zuen ideia eta gutun batzuk eman zizkion, tartean Baionan bizi zen Holly andereñoarentzat bat, Gondarren, 1838ko ekainaren 20an idatzia. Bitartean bera leku on baten kokagunea aurkitzen, astronomiazko neurketak ahal bezala egiten, lurraldea hobeto ezagutzen, hala nola eguratsaren gora‑beherak eta bertako hizkuntza amariña ikasten saiatuko zen.

Elkarrengandik besarkada handi batez bereizi ziren uztailaren aurrenean, geldituz, handik urte batera elkar ikusiko zutela berriro Massawa uhartean. Sapeto zegoen lekutik itzultzerakoan  pasatu zen Anton eta besarkatu ondoren honek gutun batzuek eman zizkion  Filippo Fransoni kardinalari eta Propaganda Fide-ko buru zenari eskura emateko, non beste gauzen artean adierazten zitzaion Adwako San Gabriel elizako apaizek deklaratzen zutela Erromako elizarekin bat egin nahi zutela, hau zenez Jesusen benetako Eliza. Bide beretik beste misiolari batzuek eskatzen zien bere misioa Tigre eta Amhara lurraldeetan behar bezala jarraitu ahal izateko.

Takkaze ibaia aski loditua zihoan arren lortu zuen iragatea arrisku handiz, ordea, Massawa‑ra uztailean iritsiz.

Hemen ahalik eta arinenik belari bat hartu zuen. Honek Dese, El Dallamah, El Ajuz, Fur uharteetan aingura bota zuen  eta Hanfalah‑eko lur hondartsu eta bakartian desenbarkatu ziren ur bila. Mokka‑ra irailaren hogeita seian iritsi ziren, non somaliarren hizkuntza entzun eta ikasi zuen, ikusiz ilmorma hizkerarekin ahaide eta harremanak izan zituela, bederen lau hitzetik bat gutxienez berdin zuenez. Mokka Yemengo hiri berrietarik zen, zeren ez zirudien XIX. mendea baino zaharragoa. Hodeydah-era iritsi ziren gero.

Hau ez zitzaion Antoni Mokka bezain polita iruditu. Ondoren Kawra, Quwz el‑baqrah, Qunfundah, Dagbaj, Saja, eta Sawdah iragandakoan Jeddah‑en eskala egin zuten berriro. Azkenik El Kairo‑ra arribatu ziren.

Berekin zeramatzan Antonek erositako hizkuntza ezberdineko bi esklabo etiopiar, Adula eta Grebra. Beren hizkeren berri ematen zioten eta bidaia‑kutxak eramaten laguntzen.

Maltan zegoelarik besteen artean bi gutun idatzi zituen Antonek. Bat Jomard ingeniariari eta bestea Garcin de Tassy hizkuntzalariari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude